Aljeria
(Al-Jumuriah al-Jazairiah ad-Dimukratiah ash-Shabiah). Ipar Afrikako estatua, Mediterraneoaren ertzean. Mugak: I-an Mediterraneoa; M-an Maroko eta Mendebaldeko Sahara; H-an Mauritania, Niger eta Mali; E-an Tunisia eta Libia. Lurraldearen zatirik handiena Saharan kokatzen da. Populazioa Mediterraneoaren kostaldean edo inguruetan pilatzen da. Bertan, klima mediterranearra da eta gainerakoan desertikoa. Populazioa oso gaztea da eta urteko hazkunde-tasa oso handia da. Sahara aldeko populazio nomada desagertzen ari da. Independentzi gerra baino lehenago, ohizko nekazaritza zen ekonomiaren oinarria. Nekazaritzak (zitrikoak, mahastiak eta barazkiak) bigarren mailako garrantzia du orain. Zorupeko baliabideek (petrolioa, gas naturala, burdina eta fosfatoek) industrializazioa bultzatu dute (petrokimika, siderurgia, metalurgia, porlana eta ehungintza).
Historia. Aljeriako lehen biztanleak berbereak izan ziren. K.a. II. milurtekoan feniziarrek koloniak sortu zituzten kostaldean, gero kartagoarrek konkistatu zituztenak. K.a. II. m.an erromatarrek hartu zuten lurraldea eta hauen menpean oparoaldia bizi izan zuen. V. m.an bandaloek erromatar hiriak suntsitu zituzten. VI. m.aren hasieran bizantziarrak sartu ziren gaur Aljer den lekuraino. Arabiarrek bizantziarrak menperatu zituzten VII. eta VIII. m.etan, baina berbereekin egin zuten topo. X-XIII. m.etan, jatorriz Magreb-ekoak ziren zenbait dinastia musulman izan ziren agintari: fatimatarrak, almoravideak eta almohadeak. 1505-15: espainolek kostaldeko portu batzuk hartu zituzten. 1518: Bizargorri kortsario turkiarrak espainolak egotzi eta Otomandar inperioak bereganatu zuen lurraldea. Aljeriaren gaur egungo mugak garai honetan ezarri ziren. 1830: itsaslapurren erasoak aitzakia hartuta, Frantziak inbaditu egin zuen lurraldea eta europarren kolonizazioa bultzatu zuen. Aljeria konkistatzeko kanpaina 1847an amaitu zen. 1852-70: frantsesek Kabilia ere menperatu zuten. Kolono frantses asko bertaratu zen. 1930: mugimendu abertzale eta islamista garatzen hasi zen. 1954: Kabilia Handian matxinada abertzalea hasi zen. 1958: Nazio-Askapenerako Fronteak (FLN) askatasunerako gerra aldarrikatu zuen. 1962: gerra bukatu eta Aljeriak independentzia lortu zuen. 1963: Ben Bela lehendakariak erreforma sozialistak ezarri zituen. 1965: Bumedian-ek gobernua hartu eta politika antiinperialista martxan jarri zuen. 1979: Bumedian hil ondoren, Chadli Bendjedid-ek hartu zuen boterea. 1988: greba eta matxinadak gertatu ziren eta Chadli Bendjedid-ek berrikuntza-programa bat abiarazi zuen. 1989: Konstituzioa aldatu egin zen. FLNk alderdi bakarra izateari utzi zion eta alderdi politikoak onartu egin ziren. 1991: Salbazio-Fronte Islamikoak (FIS) lehenengo hauteskundeak irabazi ondoren Bendjedid-ek dimititu egin zuen. Gobernuak berak estatu-kolpea jo zuen; hauteskunde-prozesua eten eta estatu-kontseilu batek bereganatu zuen boterea. FIS alderdia legez kanpo utzi zuten. Mohamed Budiaf izendatu zuten kontseiluko lehendakari baina hil egin zuten. 1993an integristen aurkako jazarpena ez zen eten eta hauek, europarren eta intelektualen aurkako atentatuak egiten hasi ziren. 1995: lehendakaritzarako hauteskundeetan, L. Zerual hautatu zuten.
Atzera