Arrasate

Gipuzkoako udalerria, Udalaitz, Anboto eta Udala mendien magalean (Deba Garaia); 25.504 bizt. (arrasatearrak). I-an Elorrio eta Bergara, E-an Oņati, H-an Aretxabaleta eta M-an Aramaio ditu mugakide. Aramaio Deba ibaira isurtzen da bertan. Udalerriko ekonomi jarduera industrian (armagintza, sarrailagintza, zurgintza, elektragailuak) oinarritzen da. Kooperatiba-gunea da: Fagor, Ularco, Euskadiko Kutxa, etab. Lanean ari den populazioaren ia bi herenak industrian dihardu eta herenak inguru zerbitzu-sektorean. Industriaren eraginez biztanle-kopuruak gora egin du, 1950ean 10.014 biztanle izatetik 1991n 25.504 izatera iragan delarik. Historia. Historiaurreko aztarna garrantzitsuak aurkitu dira Arrasaten. Lezetxiki haitzuloa da horren lekuko. Arrasateri buruzko lehen datuak X. mendekoak dira, baina lehen erreferentzia idatzia 1200. urtekoa da. Leintz bailara eratzen zuten herrietako bat zen, Aretxabaleta, Leintz Gatzaga eta Eskoriatzarekin batera. 1260an Alfontso X.a Jakitunak hiri-gutuna eman eta hiribildu bilakatu zen. Beltran de Gebara Oņatiko kondeak beretzat eskatu zion hiribildua erregeari, baina honek ez zuen onartu. 1448an, oinaztar eta ganboatarren arteko bando-gerran, ganboatarrek hiria setiatu, erre eta arpilatu egin zuten. Konbentzio-gerran eta Espainiako Independentzi gerran ere frantsesek hartu zuten. XIX. mendean Karlistadak pairatu behar izan zituen. 1897an Arrasateko Santa Agedako bainuetxean Antonio Cánovas del Castillo Espainiako gobernuko lehendakaria hil zuen Miguel Angiolillo anarkista italiarrak. Aspaldidanik izan du industriak tradizioa Arrasaten. Bertako burdin meategiek eta burdinolek garrantzi handia zuten. XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera burdinola zaharrak eraldatzen hasi ziren eta hiria industrializatu egin zen. Arrasate da euskal kooperatibismoaren sorgunea. Artea. Gipuzkoan ezagutzen diren historiaurreko aztarnarik zaharrenak Arrasaten daude. Guztietan ezagunena Lezetxikiko haitzuloa da. Karraskagain mendiaren ekialdeko magalean dago. Neanderthal gizakien hezurrak eta Moustier aldiko eta Paleolito Ertaineko beste hainbat aztarna baliotsu aurkitu dira. Murugain mendi-tontorrean harresiz inguratutako Burdin Aroko populazio-gune bat eta Garagartza auzoan dagoen erromatarren meatze bat ere aipagarri dira. San Joan eliza XIV. mendean eraiki zen, nahiz eta dorrea geroagokoa izan. Bi ate txaranbeldu ditu; dekoraziorik ez dute eta janbetan kapitel sinpleak dituzte. Hiru nabeko oinplanoa du; absidea poligonala eta gurutzaduraz osatuta dago. Gurutze-gangak ditu eta hauen euskarri kontrahorma sendoak daude. Barnealdean aldareko harlandua nagusitzen da, lurralde honetan ohizkoak ez diren irudi biziak dituelarik, jarrera irrigarriak erakusten dituztenak. Alboetako nabe batean oraindik erabiltzen den egurrezko banku bat dago; muturretan ez-ohizko irudiak daude: mitologikoak, eta batez ere, Santa Barbararen imajina bat, bere kanoi eta guzti. Udaletxea 1757-66 bitartean eraiki zen, Martin Karrera arkitektoaren gidaritzapean. Barrokoa da. Arkupea hiru arku handiz (pixka bat beheratuez) osatuta dago. Erdian, hirugarren solairuaren parean armarri ederra dauka. Monumentu izendatuta dago. Hainbat jauregi eta etxe ere monumentu izendatuta daude: Artazubiaga, Okendo, Monterron, etab.



Atzera