Gasteiz
Arabako eta Euskal Autonomi Elkarteko hiriburua, Arabako Lautadan, prob.aren erdialdean; 218.902 bizt. (gasteiztarrak). Araba osoko populazioaren % 75 baino gehiago bertan bizi da. H-an Gasteizko mendiek eta I-an Gorbeia, Elgea eta Aizkorri mendiek mugatzen dute. Zadorra ibaiak I-tik M-ra zeharkatzen du.
Artea. Monumentu izendatutako eraikuntza asko dago: Armentiako San Prudentzio basilika, Estibalizko Andre Maria eliza, San Pedro eta San Bizente elizak, Santa Maria katedrala, Kordoi etxea, Plaza Berria, Arte Ederretako Probintzi Museoa eta zenbait jauregi eta dorretxe. Aipagarriak dira bestalde, Diputazioko jauregia, Santa Krutz komentua, Arquillos arkupea, Foru-plaza, Ama Birjina Zuriaren plaza, San Antonio komentua, Florida parkea eta Katedral Berria.
Historia. Gasteizen lehen aipamen idatzia 1025ekoa da. Errioxako Donemiliagako monasterioan dagoen Arabako herrien katalogoan agertzen da lehen aldiz, Gastebiz izenaz. Garai hartan, Nafarroako erresumaren eta Gaztelako konderriaren menpe zegoen. Arriagako kofradiako partaideak bitan banatuta zeuden; Mendozaren jarraitzaileak Gaztelaren alde eta Gebararenak Nafarroaren alde. Nafarroako Antso VI.a Jakitunaren eskakizunari erantzunez, kofradiak Gasteiz gotortzeko baimena eman zuen; horrela finkatu ziren Nafarroako mugak (1181). Lizarran emandako errege-gutunari esker, hiri-gutuna eta Logroņoko forua eskuratu zituen; Vitoria izen berria ere garai horretakoa da. Helburu militarretarako sortutako hiria izaki, Antso VI.ak harresiak eta gotorlekuak eraiki zituen. Nafarroako erresumaren menpe ez zuen luze iraun; Nafarroako erregea kanpoan zen bitartean, Gaztelako Alfontso VII.ak inbaditu eta Gaztelako koroaren menpe jarri zuen (1200). Alfontso VIII.ak eta bere ondorengoek pribilegio berriak eman zizkieten: Fernando III.ak (1219) eta beronen seme Alfontso X.a Jakitunak (1254), foruak berretsi egin zizkioten. Probintzia guztietan legegile-talde bakarra ezartzeko asmoz, errege-forua eman zion Gasteizi (1271); gasteiztarrek ez zuten onartu eta lege zaharrak itzultzea aldarrikatu zuten. Antso IV.a Bipila erregetu zenean, lege zaharrak berretsi egin zituen (1284). Alfontso XI.aren agintaldian, Arriagako kofradiak Gaztelako koroan sartzea erabaki zuenean, erregearen lur asko bereganatu zituen Gasteizek. Erregea hil ondoren, bere seme Pedro I.a Ankerraren eta Enrike II.a Trastamarakoaren arteko borroka hasi zen. Pedrok Nafarroako erregearekin eginiko hitzarmenean, Gasteiz eta inguruko lurrak eskaini zizkion laguntzaren truke, baina hitzarmena ez zen bete. Gipuzkoako zaldunak Enrike II.aren aldekoak ziren eta hauen erasoetatik babestearren, gasteiztarrek Pedro I.ari laguntza eskatu zioten; laguntzarik lortu ez zutenez, Enrike II.aren alde zegoen Nafarroako Karlos II.aren eskuetara pasatu zen Gasteiz. Bando-gerren garaian, Gasteizko udal-agintea eskuratzearren aialatarren eta kallejatarren arteko borrokak piztu ziren; Fernando II.a Katolikoak emandako arau-bildumari esker amaitu zen borroka (1476). Komunitateen gerran, Karlos I.aren alde egon zen (1520). Konbentzio-gerran, armada frantsesak hiria hartu zuen (1795); baina urte hartan Basileako bakea sinatu eta frantsesek hiria utzi egin zuten. Independentzi gerran, Napoleonen armadak hiria hartu eta zerga berriak ezarri zizkien gasteiztarrei; 1807-13 bitartean egon ziren Gasteizen (Gasteizko gudua, 1813). Cádizko Gorteetako garaian, ideia liberalak zabaldu ziren hirian; erregetiarrak altxatu egin ziren eta liberalek garaitu egin zituzten (1820-23). Lehen Karlistadan, karlistek hartu zuten hiria, Sarsfield-en britainiar armadak egotzi zituen arte; Zumalakarregiren tropak hurbildu ziren, baina ez ziren hirira sartu (1834). Bigarren Karlistadak ez zuen eragin nabarmenik izan hirian. XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran eskuindar kontserbadoreak nagusi ziren hirian. Gero, Francoren diktadurapean eta industrializazioaren ondorioz, euskal nazionalismoa eta ezkerreko mugimenduak garatu ziren.
Atzera