Iran

(Jonburi-je Eslami-je Iran), lehen Persia. Asiako HM-ko estatua. Mugak: I-an Armenia, Azerbaijan, Turkmenistan eta Kaspiar Itsasoa; M-an Turkia, Irak eta Persiar golkoa; H-an Omango golkoa eta Ormuzeko itsasartea; E-an Afganistan eta Pakistan. Lurraldearen zatirik handiena mendiz inguratutako (Zagros mendiak eta Elburz mendikatea) goi-lautada desertikoez osatuta dago. Klima kontinental latza du, kostaldean leuntzen dena. Euria eskasa da Kaspiar itsasoaren inguruko lurraldean eta Azerbaijanen izan ezik. Desforestazioa handia eta goiztiarra izan da eta Kaspiar itsasoaren inguruan bakarrik daude baso aipagarriak. Nekazaritzak (arroza, kotoia, azukre-erremolatxa eta tea) garrantzia du, baina ekonomiaren oinarriak petrolioa (munduko erreserben % 10) eta gas naturala (munduko erreserben % 20) dira. Industrializazioa (siderurgia eta petrokimika) petrolioak emaniko dibisetan oinarritu da. Dena den, xiien iraultzak eta Irakekiko gerrak egoera ekonomikoa biziki kaltetu dute.
Historia. K.a. III. milurtekoaren bukaeran lehorteak hiri eta oasi asko kaltetu zituen eta Indusko zibilizazioaren hondamena ekarri zuen. II. milurtekoan arioak iritsi ziren lurraldera, IE-tik sartuta. Mesopotamiako teknikak eta bertako tradizioak txertatuz kultura berriak sortu ziren (Marlik eta Hasanlu). K.a. IX. m.: arioen ondorengoak, persiarrak eta mediarrak, Zagros mendien M-raino iritsi ziren. K.a. 612-550: asiriarren inperioa desagertu zenean, mediarrek nagusitasuna eskuratu zuten eskualde osoan. K.a. 550: Ziro II.ak, errege persiar akemenestarrak, mediarrak garaitu zituen eta persiarren inperioa sortu zuen. K.a. 550-330: akemenestarrek persiarren nagusigoa zabaldu zuten. Kanbises II.ak Egipto konkistatu zuen (K.a. 550-520). Dario I.ak (K.a. 522-486) Sir Daria, Danubio eta Indus ibaietaraino zabaldu zituen inperioaren mugak, baina grekoek Maratonen garaitu zituzten persiarrak Lehen Mediar gerran (K.a. 480). Xerxes I.aren garaian, Bigarren Mediar gerran, grekoek berriro garaitu zituzten persiarrak (K.a. 480-479). Porrot hauek akemenestarren maldan beheraren hasiera markatu zuten. K.a. 330: Dario III.a hil ondoren, Alexandro Handia persiar inperioaren jabe egin zen. K.a. 312: Seleukok, Alexandroren jeneralak, seleukotarren dinastia sortu zuen. Seleukotarrak Mediterraneoaz Persiaz baino gehiago arduratu ziren eta E-ko lurraldeen kontrola galdu zuten, inperioaren zati batzuen gaineko nagusigoa itxurazkoa baino izan ez zelarik sarri. Erresuma gutxi gora-behera independente batzuk sortu ziren. Horietako bat Partian sortu zuten eszitiarrek artsazestarren dinastiaren bidez. K.a. II. m.: Mitridates I.a errege artsazestarrak, Persia menderatu zuen. Partiarrek Mesopotamiara zabaldu zuten bere nagusigoa. Nahiz eta merkataritza-bide askok inperioa zeharkatu, ez zen aurrerabide material handirik gertatu. 224-651: sasandarrek Persiaren kontrola hartu zuten. Inperio zentralizatu bat antolatu zuten Indus eta Arabiaren artean. Mazdeismoa estatu-erlijio bilakatu zen eta ordurarteko erlijio-askatasunezko tradizioa eten egin zen. VI. m.an garrantzi handiko kultur gertaera jazo zen. Izan ere, ahozko kultura idatziz ere ematen hasi ziren. IV, V eta VI. m.etan Erroma eta Bizantzioren kontra borroka egin behar izan zuten. 642: arabiarren konkista hasi zen. 661: Iran omeiatarren inperioan sartu zen. Irandarrak matxinatu ziren (750) eta gertakari horrek abbastarren dinastiak boterea hartzea ekarri zuen. 809: Harun ar-Rashid hil eta gero, abbastarrak Iranen kontrola galtzen hasi ziren, E-an batez ere. 932-1055: buiatarrek Iran bateratu zuten. 1040: aurreko mendearen erdialdetik presio egiten ari ziren seljuktarrek buiatarren erresuma hondatu, gero Bagdad konkistatu (1055) eta azkenik bizantziarrak garaitu zituzten (1071). Seljuktarrek Iran gobernatu zuten. 1220-21: Gengis Khan-en mongolak su eta gar sartu ziren. 1230-1335: Hulagu mongolaren eta bere ondorengoen garaian turkiarrekin hasitako nomadatzea areagotu egin zen eta nekazaritza desagertu zen ia. 1381-1404: Tamerlanek konkistatu zuen Iran eta Samarkand-etik izuaren bidez gobernatu zuen. 1501: Ismail I.a safauiak Persiako shah izendatu zuen bere burua eta safauien dinastiari eman zion hasiera. Xiismoa estatu-erlijio bilakatu zen. Horrexegatik eta muga-arazoengatik turkiarrekin borrokan aritu zen. 1555: safauiek Georgia eta Azerbaijan turkiarren esku galdu zituzten eta harez gero, Iranen lurraldea irandar mesetara mugatu zen. 1587-1629: safauien inperioa goren mailara iritsi zen Abbas I.aren garaian. 1709-22: afganoek Iran konkistatu zuten eta buruzagiak, Mir Mahmud-ek, shah titulua hartu zuen. 1730: Khorazango buruzagi batek, Nadir-ek, afganoak egotzi zituen eta safauiei erregetza eman zien. Alabaina, koroa kendu zien eta bere burua shah izendatu zuen (1736). Inperioa izugarri zabaldu zuen turkiarrak, errusiarrak, afganoak eta indiarrak garaituz, baina ez zuen bera hil ondoren (1747) inperioak iraun. 1796: kajar tribuaren buruzagiak, Aga Muhammad-ek, Isfahan eta Shiraz konkistatu zituen. Kajarren dinastia gobernatzen hasi zen. 1797: Aga Muhammad hil egin zuten. Persiaren nagusigoaren behin-betiko amaiera izan zen. Harez gero, atzerriko, errusiar zein britainiar, interesen menpe egon zen. 1813-28: Kaspiar Itsasoko probintziak errusiarren eskura pasatu ziren. 1856: britainiarrek Afganistanen independentzia onartzera behartu zuten. 1907: britainiar eta errusiarrek Iran bi eragin-eremutan banatu zuten. 1921: Reza Khan jeneralak estatu-kolpea eman zuen eta gobernua inposatu zuen. 1926: Errege koroatu zuten Reza Shah Pahlavi izenaz. Erreforma-politika bultzatu zuen. 1941: SESBk eta Britainia Handiak Iranen zati bat hartu zuten alemaniarren eragina gutxiagotzeko eta SESBren petrolio-hornidura ziurtatzeko. Reza Shah-ek abdikatu egin zuen potentzien presioarengatik. Bere semea, Muhammad Reza, koroatu zuten shah. 1951: Mosadeg lehen ministroak petrolioa nazionalizatu zuen. 1953: Shah-ak Mosadeg egotzi zuen, baina herria matxinatu egin zen. Shah-ak Iran utzi zuen, baina egun batzuk geroago itzuli zen eta Mosadeg giltzaperarazi zuen. Mosadeg-en garaian potentziekin izandako harreman txarrak hobetu ziren. 1963: Iraultza zuria izeneko modernizazio-programa bultzatu zuen Shah-ak. 1969: Irakekiko mugak Shat al-Arab-en ezartzen zituen ituna salatu zuen. Barne-oposizioa (liberala, ezkerrekoa eta erlijiosoa) indartzen hasi zen. 1978: Khomeini aiatolah-aren kontrako prentsa-artiluku batek, xiiak Gom-en protesta-martxa bat egitea eragin zuen. Poliziak tiro egin zuen eta 100 lagun hil zituen. Gerra-legea ezarri zen. 1979: Muhammad Reza Pahlavik Iran utzi egin behar izan zuen. Errepublika islamdarra aldarrikatu zen eta erbestetik iritsitako Khomeini gidari bilakatu zen. 1980: Iraken kontrako gerra hasi zen. Bani Sadr lehen ministro hautatu zuten. 1981: Bani Sadr bota zuten eta erbesteratu egin behar izan zuen. Biolentzia areagotu egin zen. Iraultza islamdarra mundura hedatzen saiatu zen Iran. 1985: iraultzaren zaindariek gerraren kontrako manifestazioak armaz desegin zituzten. 1988: Iraken kontrako gerra bukatu zen. 1989: Khomeini hil zen. Saijed Ali Khamenei-k ordezkatu zuen lider espiritual moduan. Oposizio politikoaren kontrako errepresioak gogor segitu zuen. 1990: Irakekin bake-akordioa lortu zen. 1991: Golkoko gerran neutral mantendu zen. 1997: hauteskundeetan, Saied Mohamed Khatami hautatu zuten lehendakari.




Atzera