Liechtenstein
(Fürstentum Liechtenstein). Erdialdeko Europako printzerri independentea, Suitza eta Austria artean. Rhin ibaia igarotzen da lurraldearen M-tik Suitzarekin muga eginez. Puntako industria (eraikuntza mekanikoak, kimikoa, doitasunezko tresnak eta ehungintza) eta hirugarren sektorea dira ekonomi jarduera nagusiak. Zerga-salbuespenek enpresa asko erakarri dituzte.
Historia. Erromatar-Germaniar Inperio Sainduaren azken aztarna da egungo printzerria. Vaduz eta Schellenberg-eko jaurerriak eskuratu zituztenean liechtensteindarrek, printzerri bihurtu zen (1719). 1806-14: Rhineko konfederazioan sartu zen. 1815-60: Konfederazio Germaniarreko kide izan zen. 1851n eta 1856an Austriarekin aduana- eta moneta-batasuna egin zituen hurrenez hurren eta era berean 1921ean eta 1924an Suitzarekin. Suitza arduratzen da Liechtensteingo kanpo-harremanez. 1984: emakumezkoei boto-eskubidea eman zitzaien. Urte horretan Frantzisko Jose II.ak bere seme Hans-Adami utzi zizkion gobernu-arazoak, baina honek ez zuen estatu-buruzagitza hartu aita hil arte (1989). 1990: Nazio Batuen Elkartean sartu zen. 1992: erreferendumez onartu zuen Europako Ekonomi Eremuaren partaide izatea.
Atzera