Norvegia

(Kongeriket Norge). Europako I-ko estatua, Eskandinaviako penintsularen M-an. Mugak: I-an Ozeano Artikoa; H-an Ipar itsasoa; M-an Ozeano Atlantikoa; E-an Errusia, Finlandia eta Suedia. Eskandinako penintsularen M-an dago; luzeska eta, oro har, oso menditsua da (Suediako mugan Eskandinaviako Alpeak daude). Iparraldea laua da (Laponia). 2.560 km luze den kostaldea du eta itsasertza malkartsua da, fjordez, golkoz, badiaz eta neurri guztietako uhartez josia (150.000tik gora). Golkoko korrontearen eta H-ko haizeen eraginez klima, oro har, ez da oso gogorra. Norvegia munduko hamar estatu aberatsenetakoa da eta bizi-maila altukoa. Ipar Itsasoko petrolioa eta gas-hobiak, eta HM-an dauden titanio-hobiak Europako aberatsenak dira. Jarduera horiez gain, abeltzaintza, baso-ustiapena eta arrantza ere garrantzitsuak dira; nekazaritza ez hainbeste. Industria oso garatua.
Historia. VIII-XI. m.: Eskandinaviako itsasketari bikingoak britainiar uharteetara, karolinjioen inperiora eta Groenlandiara iritsi ziren. Norvegiako parte handi baten batasuna Harald I.a Harfager buruzagiari zor zaio. 995-1000: Kristautasuna Olav I.arekin hasi zen hedatzen, baina ez zen benetan errotu San Olav II.a Haraldssonen agintaldiraino (1015-30). Honek lortu zuen Norvegiako batasun osoa. Norvegiako dinastien arteko borroken ondoren, sendotu egin zen errege-boterea Haakon IV.aren (1217-63) eta Magnus VI.a Legegilearen (1263-80) agintaldietan. Norvegiako dinastien eta Danimarkakoen eta Suediakoen arteko lehiak azken bi herrialde horietako aristokraten batasuna eragin zuen. 1397: Kalmarko batasunarekin Eskandinaviako hiru erresumak bildu ziren. 1448: Suedia bereizi egin zen Kalmarko batasunetik, baina Norvegia bere menpe geratu zen 1814ra arte. Hasiera batean kaltegarria gertatu zen menpekotasun hau norvegiarrentzat. XVIII. m.: ekonomiak garapen handia izan zuen eta, ondorioz, norvegiarren abertzaletasuna suspertzen hasi zelarik, autonomia politikoa eskatzeari ekin zioten. Mende horren bukaerarako, bi herrialdeen arteko aldeak handiak ziren jada. 1814: Kielgo itunaren bitartez Suediari batu zitzaion, gogoz kontra ordea. 1905: Suediako Oskar II.a erregearen eta Norvegiako gobernuaren arteko liskarrek bi herrialdeen banatzea ekarri zuten. Norvegiak Haakon II.a printze danimarkarra hautatu zuen errege, eta susperraldi ekonomikoa ezagutu zuen denbora gutxian. Bi Mundu-Gerretan kalte handiak jasan zituen, neutraltasunaren aldeko agertu bazen ere. Alemaniak Norvegia hartu zuenean erregeak eta gobernuak Ingalaterrara ihes egin behar izan zuten; Quisling-ek gobernu kolaborazionista ezarri zuen, baina gutxi iraun zuen herritarren oposizioari esker. 1945-65: laboristak egon ziren agintean. 1957: Olav V.ak bere aita Haakon VII.a ordezkatu zuen tronuan. 1965-71: kontserbadore, liberal eta nekazariak biltzen zituen koalizioak eskuratu zuen agintea. 1972: Europako Ekonomi Elkartean sartzeko erreferenduma egin eta ez zen onartu. 1991: Harald V.ak bere aita Olav V.aren lekua hartu zuen. 1994: EEEan ez sartzeko erabakia berretsi zuten norvegiarrek.




Atzera