Suedia
(Konungariket Sverige). Europako I-ko estatua, Eskandinaviako penintsularen E-an. Mugak: I-an Norvegia eta Finlandia; M-an Norvegia; H-an Itsaso Baltikoa; E-an Itsaso Baltikoa eta Finlandia.
Geografia. I-ko Norrland eskualdean, Eskandinaviako Alpeetan, daude mendirik altuenak (Kebnekaise, 2.117 m) eta baso, ibai eta mineraletan joria da eskualdea. Erdialdean, Svealand eskualdean, Europako aintzira handienetakoak daude: Vanern, Malaren eta Vattern aintzirak. Smaland eskualdea, berriz, zohikatzetan eta basotan aberatsa da oso. Eskania eskualdeko lurra nekazaritzarako oso aberatsa da. Oro har, Suedia lurralde hezea da; aintzira txiki asko daude I-an (azarotik maiatzera bitartean izoztuta), eta baita Botniako golkora eta Itsaso Baltikora isurtzen diren ibai txiki ugari ere (Gota, Pite, Torne, Ume). Kostaldea koskatsu eta malkartsua da; badia estu eta sakonak eta uharte txiki ugari ditu; garrantzitsuenak Gotland eta Oland dira. Klima kontinentala da I-an; negu osoan iparraldea izoztuta egoten da. H-an, Eskanian eta HM-ko kostaldean, klima itsasaldekoa da, leunagoa. Landareriari dagokionez, baso boreala da nagusi; Suediako azaleraren % 57 konifero-basoak estalita dago. Munduko estaturik aberatsenetakoa da eta oso ekonomia garatua du. Landutako lur-sailak asko ez izan arren, nekazaritza (zerealak, azukre-erremolatxa eta patata) oso mekanizatuta dago eta barne-kontsumoaren zati handi bat asetzen du. Basogintzak eta zurgintzak garrantzi handia dute eta burdin meategi handiak daude. Ipar Itsasoaren kostaldean arrantza jarduera garrantzitsua da. Industrian, goi-mailako teknologia erabiltzen duten errobotika, elektronika, aeronautika eta telekomunikazioak dira sektore nagusietakoak, zurgintza, paper-orearen fabrikazio, automobilgintza eta metalurgiarekin batera.
Historia. Neolito garaian populatuta zegoen. K.a. 1500 inguruan Danubioaren arroko herriekin merkataritza-harremanak izan zituzten; horri esker kobrea erabiltzen hasi ziren. K.o. 98an Tazitoren Germania obran eman zen lehenengo aldiz Suediaren aipamen idatzia. IV. m.an Suediako zenbait tribu germaniarrek Europako lurralde batzuk konkistatu zituzten. Godoak Suediako H-an bizi ziren, erresuma txikitan banatuta. Svears tribuak godoak garaitu eta Suediako erresuma sortu zuen; Uppsala izan zen hbru. IX. m.an normandiarrek Europako M-ra, eta batez ere E-ra, eginiko espedizioetan parte hartu zuten suediarrek. Konstantinopla eta musulmanen lurraldeetako herriek Itsaso Baltikoaren inguruko herriekin zituzten merkataritza- harremanetan Suediak ere esku hartu zuen. San Oskar-ek kristau-doktrina sartu zuen 830ean. X-XI. m.etan Norvegia eta Danimarkarekiko harremanetan, dinastien arteko borrokak eta aliantza edo batasun politikoak txandakatu ziren. Olof Skotkonung erregea bataiatu ondoren (1008), kristautasuna garatzen hasi zen. Edmundo Zaharra erregea hildakoan (1060) bikingoen espedizioak eten eta tronua eskuratzeko borrokak hasi ziren. Horrek Elizaren sendotzeari eta autonomiari lagundu zien. 1157an Erik Sainduak finlandiarrak kristautzeko gurutzada prestatu zuen. 1164an Uppsalan artzapezpikutza sortu eta Suediako hbru. erlijioso bilakatu zen. Erik Eriksson hildakoan, honen koinatu Birger Jarl-ek Folkung dinastia sortu eta Stockholm-en finkatu zen, hiri hau hbru. bilakatu zelarik. 1319-63 bitartean folkungtarrek Suedia eta Norvegia batu zituzten. 1397an Margarita Valdemarsdotter-ek bere iloba Erik Pomeraniakoa erregeordekide eta Kalmarko Batasuneko errege izendatu zuen; Erik Suedia, Norvegia eta Danimarkako errege bilakatu zen. 1440-1520 bitartean Suediako oposizioa Sture familiaren inguruan bildu zen. 1520-23 urteetan Gustabo I.a Vasak Suediako daniarrak jazarri egin zituen; 1523an errege izendatu zuten eta bere agintaldian luteranismoa bultzatu, elizaren ondasunak konfiskatu eta ekonomia suspertu zuen. 1568an Joan III.a Vasak, Baltiko itsasoan inperio suediarra eraikitzeari ekin zion. Karlos IX.ak hedapen-politikari segida eman zion (1607-11). Ondoren, Gustabo II.a Adolfok erregimen parlamentarioa ezarri eta armada berrantolatu zuen; beronekin Hogeitamar Urteko gerran Suedia garaile izan zen. Kristina Suediakoa izan zen ondorengoa (1632-54). Westfaliako itunaren arabera (1648), Suediak Pomerania eta daniar uharteak bereganatu zituen. 1654-60 urteetan Karlos X.a Gustabok daniarrak garaitu eta Suedia Baltikoko potentzia nagusi bilakatu zen. Karlos XI.ak monarkia absolutua ezarri zuen (1660-97). Karlos XII.ak Iparraldeko gerra galdu zuen eta Nystad-eko bakean (1721) Suediak Baltikoko lurrak galdu zituen. XVIII. m.an Suediako ekonomia eta kultura ideia berrien eraginpean garatu ziren. Federiko I.a Hesse-koaren (1720-51) eta Adolfo Federikoren (1751-71) erregealdietan "txanoen" alderdi bakezalearen eta "kapelen" alderdi militarraren artean istiluak gertatu ziren. Gustabo III.ak despotismo ilustratuaren eraginpean erreinatu zuen (1771-92), baina 1788an absolutismoa berrezarri zuen; hil egin zuten. Gustabo IV.a Adolfo Napoleonen aurka borrokatu zen (1805-07) eta Finlandia errusiarrei utzi egin behar izan zien (1808); ondoren, Estatu Orokorrek erregetza uztera behartu zuten. Ondoren haren osaba Karlos XIII.a erregetu zuten (1809-18). Honek Errusia, Danimarka eta Frantziarekin bakea sinatu eta botere-bereizketa ezarri zuen konstituzioa onartu zuen. Ez zuen seme-alabarik izan eta Bernadotte mariskal frantsesa (Karlos XIV.a izango zena) bere ondorengo izendatu zuen. Karlos XIV.ak britaniar eta errusiarrekin bat egin zuen Napoleonen aurka 1812an. Kielgo itunean (1814) Danimarkak Norvegia Suediari ematea onartu zuen. Oskar I.aren erregealdian modernizatze-prozesuari ekin zitzaion. Karlos XV.ak konstituzio liberala ezarri zuen (1865); ekonomia biziki garatu zen eta gizarte-aldaketak ere izan ziren. 1905ean Norvegia eta Suedia bereizi egin ziren. Gustabo V.aren erregealdian (1907-50) garapen ekonomiko handia izan zen; alderdi sozialdemokrata boterean egon zen ia etenik gabe, eta lege aurrerakoien bidez, ongizatezko gizartea antolatu zuen. Neutraltasuna mantendu zuen bi Mundu-Gerretan. Gustabo VI.a Adolforen erregealdian (1950-73) alderdi kontserbadoreek gora egin zuten. 1973an Karlos XVI.a Gustabo erregetu zuten eta 1975ko konstituzio berriak erregeari ohorezko funtzioak baino ez zizkion utzi. 1969-76 bitartean Olof Palme lehen ministro sozialdemokratak krisi sozial eta ekonomiko larriari aurre egin behar izan zion. 1976-82 urteetan alderdi kontserbadoreek (liberalek eta zentristek) agintea lortu zuten. 1982an Olof Palme berriro lehen ministro hautatu zuten, baina 1986ko atentatuan hil egin zuten; Ingvar Carlsson izan zen ondorengoa. 1991n kontserbadoreen buru den Carl Bildt-ek zentro-eskuineko koalizio-gobernua eratu zuen. 1994an Ingvar Carlsson hautatu zuten berriz lehen ministro eta 1995ean Suedia EBko kide bilakatu zen.
Atzera