Suitza
(fr. Confédération Suisse; al. Schweizerische Eidgenossenschaft; it. Confederazione Svizzera). Europako erdialdeko estatua. Mugak: I-an Alemania; H-an Italia; E-an Liechtenstein eta Austria; M-an Frantzia. Estatu federala da eta kantoi bakoitzak (23 kantoi dira denetara) bere konstituzioa du.
Geografia. Oso menditsua da; Alpeek lurraldearen azaleraren % 60 osatzen dute eta Jura mendiek % 10. Bi mendikatea hauen artean Mittelland izeneko lurralde laua dago. Alpeetan 4.000 m-tik gorako mendiak daude (Monte Rosa, 4.638 m; Cervino, 4.478 m eta Dom, 4.545 m). Ibai txiki askok zeharkatzen dute Suitza eta aintzira asko sortzen dituzte: Brienz, Konstantzako aintzira, Lau Kantoien aintzira, Leman, Neuchâtelgo aintzira, Walen, Zug-eko aintzira eta Zurich-ekoa. Mittelland eskualdean daude nekazaritzarako lurrik onenak, baina oso lurralde txikia da eta ez da nahikoa bertakoen beharrak asetzeko. Industria oso esportatzailea da; tradizio handiko industri sektoreen ondoan (ehungintza, erlojugintza eta bitxigintza), elikagaigintza (txokolatea, gaztak eta kontserbak), industria kimikoa, botikagintza eta makineria elektriko eta mekanikoa (motoreak, trenbide-materiala, igogailuak, etxetresna elektrikoak) dira sektore nagusiak. Merkataritza oso garatuta dago eta bankuak, aseguru-etxeak eta turismoa diru-iturri garrantzitsuak dira. Suitzak finantza-erreserba handiak ditu, gehienak atzerriko kapitalari dagozkionak, eta moneta indartsua eta egonkorra da. Banku-sekretuaz baliatuz, atzerriko kapital asko bertan babesten da. Munduko per capita errentarik handienetakoa du. Bestalde, artisautza ere lantzen da, turismoari begira batik bat.
Historia. K.a. I. milurtekoan zeltak iritsi ziren eta K.a. VIII-I. m.etan Burdin Aroko Hallstatt eta La Tène-ko zibilizazioak garatu ziren. K.a. I. m.an Erromak anexionatu zuen eta Helvetia izena eman zion. K.o. III. m.an burgundiar eta alamanak inbaditu zuten. VII-IX. m.an kristautu egin zen eta monasterio handiak eraiki zituzten. Burgundiako erresumaren barnean gelditu zen 888an eta 1032an, Burgundiarekin batera, Erromatar-Germaniar Inperio Sainduko parte izan zen. XII. m.tik aurrera Frantzia, Italia eta Alemaniarekin zituen merkataritza-harremanak sendotu zituen. XIII. m.an Rodolfo I.a Habsburg-ekoarekin habsburgtarren agintaldia hasi zen, baina ez zen bertakoen gustukoa izan eta Rodolfo I.a hildakoan, Schwyz, Uri eta Unterwalden kantoiek beren eskubideak babestearren itun bat sinatu zuten (1291); itun hau izan zen Suitzako Konfederazioaren sorgunea. Habsburgtarren kontra borrokan etengabe segitu zuten; Leopoldo I.a Austriako dukea Morgartenen garaitu zuten. 1315ean eta ituna berritu egin zuten. 1332-53 bitartean Konfederazioa hedatu egin zen; Luzerna, Zurich, Glaris, Zug eta Bernako kantoiak batu zitzaizkion. 1386an kantoiak austriarren aurka borrokatu ziren eta Sempach-eko garaipenaren ondoren habsburgtarrek Konfederazioaren independentzia onartu zuten (1389), baina Inperio Sainduaren barnean jarraitu zuen. 1481-1513 bitartean Solothurn, Friburgo, Basilea, Schaffhausen eta Appenzell kantoiak Konfederazioan sartu ziren. 1513an mertzenario suitzarrek Italiako gerretan parte hartu zuten, lehenik Frantziako erregeen alde eta gero Liga Sainduaren ondoan. Frantzisko I.ak Marignan-en garaitu zituen eta bakea sinatu zuten Friburgon (1516). 1520an Zwingli-k Erreforma sartu zuen Suitzan eta erlijio-gatazkak hasi ziren; 1531n katolikoek protestanteak garaitu zituzten Kappel-en. Kantoien artean oreka zegoen: zazpi katoliko ziren, lau protestante eta bi misto. 1648an Westfaliako itunean, Konfederazioaren independentzia eta neutraltasuna onartu zen. 1798an Frantziak Suitza inbaditu eta Errepublika Helvetikoa sortu zuen. Suitzarrek ez zuten onartu eta anarkia nagusitu zen. Napoleonek Konfederazioa berrezartzea onartu zuen 1803an, baina Suitzak Frantziaren menpe segitu zuen. Vienako kongresuak Konfederazioaren neutraltasuna eta itun berria onartu zituen 1815ean. 22 kantoi ziren orduan. 1848an konstituzioa berritu eta estatu federal bilakatu zen; Bernan finkatu zen gobernu zentrala. 1874an erreferendum-eskubidea eta 1891n herri-ekinbidez erreferenduma egiteko eskubidea onartu zen. Lehen eta Bigarren Mundu-Gerretan Suitzaren neutraltasuna errespetatu egin zen. 1979an Jura eskualdeak autonomo izateko nahia azaldu zuelarik, erreferendum bidez Jura kantoi bihurtzea erabaki zen. Suitza ez da NBEko kide, ezta Europako Batasunekoa ere, baina nazioarteko erakunde tekniko eta humanitarioetan parte hartzen du.
Atzera