Zarautz
Gipuzkoako kostaldeko udalerria (Urola-Kostaldea); 17.517 bizt. (zarauztarrak). I-an Bizkaiko golkoa du, M-an, berriz, Getaria du zati batean mugakide eta gainerakoa Aiako lurrez inguraturik dago. Hondartza handia du (2 km luze), Inurritza errekaren ondoan. Industria (altzarigintza, arte grafikoak) eta turismoa dira jarduera nagusiak. Zerbitzu-sektorea ere garatua dago, merkataritza- eta administrazio-gunea da eta. Nekazaritzak (mahastiak, barazkiak) ez du hainbesteko garrantzirik. Lanean ari diren zarauztarren % 3k besterik ez dihardute lehen sektorean eta gainerakoak beste bi sektoreetan erdi bana dabiltza. Populazioak gora egin du etengabe XX. m.an; mende-hasieran 2.838 biztanle ziren, 1950ean 6.729 eta 1991n 17.517. Historia. Hiribildua noiz sortu zen ez dago argi, Gipuzkoa Gaztelako erresumaren menpera pasa zenean apika, 1200. urtearen inguruan. Alfontso VIII.ak interes handia izan zuen kostaldean hiribilduak sortzeko, itsas merkataritza eta itsasorako irteerak bere esku izan nahi baitzituen. Hondarribia, Mutriku eta Getaria orduan sortu zituen eta uste izatekoa da Zarautz ere orduantxe sortuko zuela. 1237an Fernando III.ak Donostiako Forua eman zion, baina ordurako hiribildua zen. Foruaren truke, harrapatutako balea bakoitzaren zati bat erregeari eman behar zioten. 1393an Getariarekin elkartu zen, baina ez zuten elkarrekin denbora asko egin, 1397rako zein bere aldetik baitzegoen berriro. XVI. m.an hiribilduak garapen handia izan zuen, batez ere arrantza eta untzigintzan. Hiri garrantzitsua izan zen, probintziako Batzarren biltokietako bat, hain zuzen. Historian zehar epidemia askok astindu dute hiria eta kaltegarrienak 1401, 1597 eta 1855ekoak izan ziren. Horiez gain, liskarrak, Getariarekin auzi ugari izan baitzuen, mugak zirela medio (1622), arrain-salmentagatik (1760) edota bi herrietako arrantzaleen artean harrapatutako baleagatik (1878). XIX. m.tik aurrera, hazten, industrializatzen eta garatzen hasi zen. Garapena eragin duten faktore garrantzitsuak kostaldeko errepidea eta kostaldeko trenbidea izan ziren. Gainera, 1865 eta 1866an Isabel II.a erreginak Zarautz aukeratu zuen udako itsas bainuak hartzeko eta ospea eta fama lortu zuen hala. Artea. Torre Luzea dorretxea Zarautz familiak eraiki zuen XV. m.an. Gaztelako Enrike IV.aren armarria dauka fatxadan. Erregea bera dorretxe honetan egon zela eta horrek bere suntsipena eragotzi zuela uste da; halere, Adarbeko ibilbidea eta almenak galdu egin zituen. Harlanduzko eraikina da, hiru solairukoa; lehenbizikoak arku zorrotza eta kanoizulo-itxurako baoak ditu sarreran. Gainerakoetara kanpoko eskaileretatik igotzen da. Maineldun leiho bikoitz trilobulatu gotikoak eta trilobulatu sinpleak ditu. Teilategala modiloiek sostengatzen dute. Monumentu izendatuta dago. Narros jauregia 1536koa da. Jatorrizko oinplano karratuari alboetan pabilioiak gehitu zitzaizkion XIX. m.an. Errenazimentuko elementuak eduki arren, sarrerako ateak erdi-puntuko arkua du; ataburu zabala du eta moldura batez inguratuta dago. Ate gainean armarria dago eta alboetara erdi-puntuko leihoak. Solairu nagusian lau balkoi txiki daude. Hasieran jauregiak patioa zuen, baina gaur egun estalita dago. Monumentu izendatuta dago. Portu Etxea jauregia (udaletxea, 1936az geroztik) eraikin barrokoa da. Oinplano karratua du eta fatxada nagusia harlanduzkoa. Sarrerako atearen bi aldetara koloma korintoarrak daude. Balkoiak simetrikoki ezarrita daude. Monumentu izendatuta dago. Makazaga etxea oinplano angeluzuzeneko etxea da, aurrea musika-plazara begira duena eta itxuraz XV-XVI. m.etakoa. Baoguneetan gorde dira antzinako ezaugarriak, erdi-puntuko arkuko sarrera eta leihoetan, leiho bikoitzetan eta gezileihoetan. Badu horman modiloi-lerro bat ere, noizbait goiko zurajearen euskarri izandakoa. Monumentu izendatua dago. San Frantzisko komentua, edo San Joan Bataiatzailearena, Felipe III.aren idazkari zen Joan Manzisidorrek aginduta eraiki zen 1610ean. 1794an hondatu eta eraberritu egin zen. Eliza handia du eta barnean, triptikoa osatzen duten bi taula flandestar handi daude, 1577an pintatuak. Aipagarria da bertako liburutegia, euskal literatura ezagutzeko material interesgarria baitago. Komentua monumentu izendatuta dago. Santa Klara komentua 1611n eraiki zen harlanduz. Eraikin xumea eta bakuna da, dekorazio-elementu gehiegirik gabea, erromes-lagundien eraikinak izan ohi ziren tankerakoa. Monumentu izendatuta dago.
Atzera