bandalo

iz. eta izond. Jatorri germaniarreko herri barbaro bateko kidea; herri horri dagokiona.
Bandaloak Itsaso Baltikoaren ertzean bizi ziren hainbat tribuz osaturiko herria zen. 406an, agian hunoen presioaren eraginez, alano eta sueboekin batera Rhin ibaia gurutzatu zuten. Galian sartu eta arpilatu ondoren, Iberiar penintsula hartu zuten (406-28) Gunderikoren agintaritzapean. Erromatarrek Afrikan sortutako probintzian sartu ziren indarrez (429) eta Hipona eskuratu ondoren (431) Inperioak bandaloak federatu gisa onartzea lortu zuen Gentserikok (435). Honek estatu indartsua fundatu zuen ekialdeko Mediterraneoko uharteetan eta Afrikan, horretarako Erromak utzitako egitura erabili zuelarik.
Arianista sutsuak izaki, bereziki Gentserikoren seme Hunerikoren (477-84) eta Trasamundoren (496-523) erregealdietan katolikoak jazarriak izan ziren. Hilderiko agintera iritsi zenean (523), ordea, Konstantinoplara eta katolikoengana hurbiltzen saiatu zen, baina Gelimer-ek agintetik egotzi (530) egin zuen haren lekua hartu zuelarik. Arrazoi hau aitzakitzat hartu zuen Justinianok bandaloen erresumara armada bidaltzeko. 533an Belisario jeneral bizantziarrak bandaloen azken errege Gelimer garaitu zuenean bandaloen herria Bizantziar inperioari anexionatuta geratu zen.
banda(tu)




Atzera