barbaro

iz. Antzinako greko eta erromatarrek atzerritarrari ematen zioten izena.
Antzinako grekoentzat, bere zibilizaziotik kanpo geratzen ziren herri guztiak, erromatarra barne, barbaroak ziren. Erromatarrek grekoengandik jaso zuten termino hau eta zibilizazio grekolatindarretik at geratzen ziren guztiak izendatzeko erabili zuten.
Historian zehar migrazio asko izan dira. Hainbat zio tarteko (ekonomikoak, politikoak, etnikoak, etab.) herri askok utzi izan du jatorrizko lekua beste eskualde batera bizitzera joateko. Europako migrazio ezagunenak zeltikoak, eslaviarrak eta germaniarrak izan dira. Azken hauek berebiziko garrantzia izan zuten Erromatar inperioa erori zenean mendebaldeko Europaren konfigurazio eta antolaketan.
Historiaren arabera, barbaroak, III. mendetik VI. mendera Erromatar inperioa indarrez hartu eta estatuak sortu zituzten herriak dira; bereziki, IV. mendearen amaieran hunoen presioaren eraginez beren lurraldeak utzi eta Erromatar inperioaren mugak presionatzen hasi ziren germaniar tribuak. Erromatarrek beren mugak babesteko egin zituzten saioak ez ziren nahikoak izan barbaroak deituriko herri hauen inbasioa gerarazteko eta VI. mendean germaniar erresuma berri asko sortu ziren Mendebaldeko Erromatar inperio ohian: godoa, bandaloa, burgundiarra, sueboa, hunoa, alanoa, frankoa, etab.




Atzera