foru

iz. 1. (askotan maiusk. eta pl.) Herri edo herrialde bateko usadio eta ohiturak idatzita batzen zituen araudi-multzoa, hein batean, herrialde horretako zuzenbide edo lege-bilduma osatzen duena. 2. Hiri edo leku bati ematen zitzaizkion exentzio edo pribilegioen multzoa, leku horretako zuzenbide konkretua arautzen zuena. Donostiako forua. 3. ZUZ. Epaile konkretu baten botere jurisdikzionalaren menpe egotea adierazten duen hitza. • foru-baimen. Batzar Nagusiek edo Gorteek erregearen foruen kontrako legeak ez betetzeko zuten eskubidea. 1561az geroztik, instituzio zentraletik etorritako lege, dekretu zein pragmatikak kontraforutzat hartuz gero, "onartzen da, baina ez da betetzen" esapidea erabiltzen zen. 1796ko errege-ordenak eskubidea desagertzea agindu zuen, baina ordena ez zen bete. Esparterok ezabatu zuen betirako batasun konstituzionalaren aurkakoa zela argudiatuz (1841). || foruen berrespen. Gaztelako erregeak tronuratzean Foruak berretsi eta onartzeko ekintza; idazki baten bidez, lurralde bakoitzeko administrazioa, gobernua eta legeak errespetatzeko konpromezua hartzen zuen.



Atzera