taiga

(ers.zko hitza) iz. EKOL. Europa, Asia eta Ipar Amerikako iparraldeko konifero-basoen eskualdea, bereziki Siberiakoa, iparralderago tundrak mugatua.
Zuhaitz koniferoak nagusi diren oihan hotza da taiga, eta Ipar Amerika eta Eurasiako eremu zabalak hartzen ditu. Leku batetik bestera nabarmen aldatzen bada ere, oro har, fisionomia eta dinamika homogenoa du. Hain banaketa-area zabala izanik, izen desberdinak ditu konifero-basoak, baina guztietan, errusierako taiga da gehien hedatu dena. 45º I eta 75º I paraleloen artean kokatuta dago eta munduko oihanik zabalena da; planeta osoa inguratzen duen gerriko jarraia eratzen du, 12.300.000 km2 ingurukoa, hots, kontinenteetako azalera osoaren % 8. Eurasian, Eskandinaviatik hasita, Siberian zehar, Japoniaraino iristen da, eta Ipar Amerikan, berriz, EEBB eta Kanada arteko mugatik tundra artikoraino. Munduko tenperatura-aldaketa handienak dituen klima subartikoko eremuetan hedatzen da; urtean 4 hilabete baino gutxiagotan igotzen da batez besteko tenperatura 10º C-raino eta neguan -60º C-raino jaits daiteke. Klima subartikoa nahikoa lehorra da: urtean 500 mm-tik beherako prezipitazioak izan ohi dira, udan batez ere. Prezipitazio honekin latitude epeletan basamortuak eratzen diren arren, latitude altuetan ebapotranspirazioa oso baxua izanik, ur-balantze garbia oso positiboa izan ohi da, eta hezetasun handiko guneak sortzen dira.
Ureztatutako lurzoruetan goroldioen hondakinez zohikatza metatzen da eta leku lehorragoetan podzol izeneko lurzoru-mota, oso azidoa eta txiroa, eratzen da. Oihan borealaren eitea berezia da oso: zuhaitz konifero estuek (Picea generoko zuhaitzak -izeiak- nagusiki, baina baita lerra, urkia, alertzea, etab. ere) eratzen dute geruza nagusia; oihanpea, berriz, iratze, goroldio, perretxiko eta likenek menperatzen dute. Lurzoruan, hondakin begetalez (hosto, adar, pinaburu eta enborrez) eratutako geruza lodia dago, eta batzuetan, lurzoru eskaseko guneetan batez ere, urki, makal, haltz nano eta sahatsek osaturiko sastrakadia gerta daiteke nagusi, eta ahabia, hartz-mahatsa (Actostaphillos sp.) eta antzeko landare fruitudunak ere ugariak dira. Taiga oso formazio homogenoa bada ere, klima-aldaketak, drenajeak eta lurzoruaren aberastasunak eragina dute basoaren fisionomian. Ondorioz, zenbat eta iparralderago joan, zuhaitzak gero eta txikiagoak dira eta gero eta sakabanatuago egoten dira; oso latitude handietan 2-3 m-ko zuhaixkak dira nagusi. Orobat, geruza aktiboa oso mehea bada, sustraiek ezin izaten dute lurzoruan nahikoa sakondu, eta neurri batetik gorako zuhaitzak erori egiten dira oinarri faltagatik, horrela baso kaotikoak eratzen direlarik.
Animaliei dagokienez, taigan ez dago aniztasun handirik, negu luzeari aurre egiteko adaptazio berezia dutenek baino ez baitute bertan finkatzea lortzen; gainerakoek sasoi hotzean migratu egin behar izaten dute. Oihan borealetara baino mugatzen ez den animalia gehiegirik ez dago, eta gehienak tundran edota oihan epeletan ere bizi daitezke. Taigan ikus daitezkeen hegazti gehienak migratzaileak dira. Ugaztunetan, izei-azalaz elikatzen den arantzurdea ugaria da Amerikan eta zuhaitz-txikizioak sortzen dituzten beste espezieak kastoreak dira. Urtxintxa eta erbiak dira beste karraskaririk ugarienak. Herbiboroekin jarraituz, taigako ungulaturik handiena altzea da, munduko oreinik handiena. Karibuak, berriz, uda-partea Iparraldeko tundran igarotzen badu ere, negua taigan ematen du. Taigan herbiboro-dentsitate handirik ez badago ere, ugaztun harrapakarien aniztasun handia dago. Mustelidoen familia oso ongi ordezkatuta dago: erbinude zuria, lepahoria, azkonarra eta beste hainbat. Hauez gain, katamotza eta otsoa ere, oihan borealera mugatuta egon ez arren, aurki daitezke, bai eta azeria, hartza, Amerikan koiotea eta Siberian tigrea ere.
Taiga aspaldidanik ustiatu izan da, bai egurra aprobetxatzeko eta bai ehizaren aldetik ere. Presio demografikoak bultzatuta, eta batzuetan interes politikoek ipar-eremuen kolonizazioa bilatuz, taiga asko populatu da XX. mendean ehiztari, mehatzari eta horrelakoez. Horrek, noski, azpiegitura garatuak eskatzen ditu (aireportuak, errepideak, elektrizitatea, telefonoa) eta, oraindik ere taiga munduko leku hutsenetarikoa bada ere, giza presioak hainbat eraldaketa sortu ditu jada.




Atzera