txakur

iz. 1. ZOOL. Kanidoen familiako ugaztun karniboroa, otsoaren antzekoa eta honen hortzeria berbera duena. Omniboroa da eta itxura eta tamaina desberdinetako arrazetan desberdinduta dago. Ezagutzen den etxe-abererik zaharrena da (Canis familiaris). 2. (gehienetan pl.) (Heg.) (lgart.) Polizia (zentzu gaitzesgarrian). • altzo-txakur. Bere tamaina txikiagatik altzoan eraman daitekeena. || andere-txakur. Altzo-txakurra. || arratoi-txakur. Sagu-txakurra. || artzain-txakur. Artzakurra. || atari-txakur. Etxea zaintzekoa. || eper-txakur. Hegaztien ehizan erabiltzen den txakur-arraza. || erbi-txakur. Gorpuzkera liraina eta hanka luzeak dituen txakurra, erbiak eta untxiak lasterka eginez harrapatzen dituena. || sagu-txakur. Txakur txiki eta normalean arraza jakin batekoa ez dena. || txakur handi. (Heg.) 10 zentimoko txanponari ematen zitzaion izena. || txakur txiki. (Heg.) 5 zentimoko txanponari ematen zitzaion izena. || ur-txakur. Ik. igaraba. || zezen-txakur. Zezenak gobernatzeko hezitako txakurra, eskuarki lepo motza eta gorputz sendoa duena.
Txakurra omniboroa da eta itxura eta tamaina desberdinetako arrazetan desberdinduta dago. Beste ugaztun batzuek ez bezala, ia ez dute izerdi-guruinik eta, ondorioz, gorputzaren tenperatura arnasketa eta mihiaren bidez orekatu behar izaten dute. Oso usaimen fina dute eta entzumena ere bai. Gizakiak jasotzen ez dituen maiztasuneko soinuak entzun ditzake.
Uste denez, txakurraren urruneko arbasoa erbinudearen itxurako harraparia izan zen, duela 40 edo 60 milioi urte bizi izan zena. Ondorengo gisa handik 15 milioi urtera Tomarctus espeziea sortu zen, hau da, gaur egungo txakurren arbasoa. Ondoren izandako eboluzioaren nondik norakoa ez da ongi ezagutzen. Teoria batzuen arabera txakurraren aitzindaria otsoa da, eta beste batzuen arabera dingoa. Beste hipotesi batek dioenez, Tomarctus-etik lau txakur-espezie jaio ziren -gaur egun iraungita daudenak- eta haiengandik sortu ziren egungo laurehundik gora txakur-arrazak.
Arraza desberdinak lau taldetan sailkatu ohi dira: artzain-txakurrak, zaintzarakoak, ehiza-txakurrak eta laguntzakoak.
Artzain-txakurrak antzinatik erabili izan dira abereak gorde eta zaintzeko. Ezagunenak hauek dira: Beauceko artzain-txakurra, Bric artzain-txakurra, artzain-txakur eskoziarra, artzain-txakur alemaniarra eta Pirinioetako artzain-txakurra.
Zaintzarako txakurrek gorde, zaindu edo defendatzeko sen handia dute. Ezagunenak boxerra, bulldoga, dogo alemaniarra edo daniar handia, mastin espainiarra, Ternua txakurra eta San Bernardo txakurra dira.
Ehiza-txakurrak fox-terrierra, terrier eskoziarra, alanoa, erbi-txakurrak, pointerra eta setterra dira, besteak beste.
Laguntzako txakurren taldekoak ditugu canichea, pekindarra, dalmaziarra, chihuahua eta chow-chowa.




Atzera