|
Hasiera
Kontsumitzaileak hasten du beti arbitraje-prozedura, arbitraje-eskari bat aurkeztuta.
Arbitraje-eskabidea
Arbitraje-eskaria formalizatzeko eskari-orria bete eta sinatu behar da.
Eskari hori Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteen, Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoen eta Eusko Jaurlaritzako Kontsumoko Lurralde Bulegoen bitartez egin daiteke. Era berean, dagokion lurralde-esparruan eskumena duen Kontsumoko Arbitraje Batzordean aurkez daiteke zuzenean.
Kontsumoko Arbitraje Batzordeak, arbitraje-eskaria aztertu ondoren, hura bideratzeko onartzen den erabakiko du. Onartzen ez bada, eskaria zergatik ezin den onartu azalduko dio kontsumitzaileari.
Baztertzeak
Ondoko arazoak daude Kontsumoko Arbitrajetik kanpo:
 Ebazpen judizial irmoa eta behin betikoa dutenak. Hala ere, ebazpen hori betetzearen ondoriozko alderdiak aintzat hartu ahal izango dira.
 Beste gai batzuekin ezin bananduzkoak diren gaiak, aldeek haiekiko eztabaida-ahalmenik ez dutenean.
 Osasunerako kalteekin edo heriotzarekin zerikusia duten arazoak eta arrazoizko delitu-aztarnak daudenean.
 Bere kabuz jardun ezin duten edo legezko ordezkaritzarik ez duten pertsonak ordezkatu eta defendatzeko Ministerio Fiskalak nahitaez esku hartu behar duenean.
Bideratzea
Kontsumitzaileak arbitraje-eskari bat aurkezten duenean eta hura bideratzeko onartzen denean, hura erreklamatutakoari jakinaraziko zaio.
Merkataria, enpresa edo profesionala arbitraje-sistemari atxikita badago, arbitraje-hitzarmena besterik gabe gauzatuko da. Sistemari atxikita ez badago, hura berariaz onartzea eskatuko zaio eta, horretarako, 15 eguneko epea emango zaio. Ondoren, hala badagokio, arbitraje-hitzarmena gauzatuko da.
Hitzarmen hori gauzatu eta gero, Arbitro Taldea izendatuko da.
|
Audientzia bi aldeei
Arbitro Taldea izendatzen denetik 3 hilabeteko gehienezko epean, audientzia emango zaie aldeei.
Aldeei audientzia egingo den lekua, eguna eta ordua jakinaraziko zaizkie. Audientzian aldeek bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak adieraziko dituzte eta Arbitro Taldeko kideen galderei erantzungo diete.
Prozeduran zehar aldeen gelditasunak ez du galaraziko laudoa ematea eta ez dio laudo horri eraginkortasunik kenduko.
Frogak
Arbitro Taldeak kasua ebazteko beharrezkotzat jotzen duenean, frogak praktikatzea erabaki ahal izango du, aldeentzako inolako kosturik gabe.
Aldeek, era berean, haien ustez kasua argitzeko beharrezkoak izango liratekeen peritu-frogak praktikatzea eskatu ahal izango dute. Kasu horretan, frogak egiterakoan sortutako gastuak, eskatu dituenaren kargura izango dira, Arbitro Taldeak hala baderitzo.
Amaiera
Prozedurak Arbitro Taldea izendatzen denetik gehienez ere 4 hilabetera amaitu behar du, aldeek nahitaez bete beharreko laudoarekin.
Laudo arbitral
Arbitro Taldeak kontsumitzailearen eta enpresariaren edo profesionalaren artean sortutako eztabaidari buruz hartutako erabakia da.
Arbitraje-laudoa botoen gehiengoaren bidez erabakiko da eta lehendakariaren botoak ebatziko ditu berdinketak. Laudoa idatziz egin beharko da.
Helegitea
Laudoa baliogabetzeko deusetatzeko akzioa hura eman den tokiko Probintzia Auzitegian aurkez daiteke, laudoa jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean.
Betearaztea
Laudoa aldeek nahitaez betetzekoa da. Hura laudoan bertan adierazitako epean bete beharko da. Hau egin ezean, laudoa eman den tokiko Lehen Auzi-bideko Epailearen aurrean hura betearaztea eska daiteke.
|