Eusko Jaurlaritzara Sartu Ogasun eta Herri Administraziora Sartu Euskadi.net-era Sartu
Ekonomiaz, Ekonomiari buruzko euskal aldizkaria   Ekonomiaren esparruan...

EKONOMIAZ ALDIZKARIARI JATORRIZKO TESTUAK AURKEZTEKO ARAUAK

1. - JATORRIZKOAK IZATEA

Ekonomiaz
aldizkariak argitaratzen dituen testuek jatorrizkoak izan behar dute ezinbestean eta, hori dela eta, helarazten zaizkigun artikuluen edukia ezin da egon argitaratuta ez eta argitaratzear edo argitaratzeko bidean den beste lan batean bilduta, den Estatuko aldizkari batean edo atzerriko batean (antzeko bertsio itzuli batean), argitalpen arruntean nahiz elektronikoan. Hala, argitarapen errepikatutzat joko da ez bakarrik artikulu baten kopia zehatza argitaratu izana, baita funtsean informazio eta analisi bera behin baino gehiagotan argitaratu izana ere, eta egile edo talde beraren liburu baten osagaia izatea ere bai.

Gainera, adierazpen hau egin behar dute egileek jatorrizko artikuluak aurkezteko gutunean: dena delako eskuizkribua Ekonomiazera bakarrik bidali dutela eta, horrenbestez, ez dutela aldi berean beste inora bidali.

Lana talde batek egindakoa bada eta ez badago berariazko adierazpenik egile bakoitzak egin duen ekarpena zehazteko, joko dugu berdin-berdin parte hartu dutela guztiek lana sortzen eta diseinatzen, datuak biltzen, datuak analizatzen eta interpretatzen, zirriborroa idazten, artikulua berrikusten eta artikulua behin betiko onartzen.

2. ZEHAZTASUNA ETA KALITATEA

Kalitate-maila jakin bat izan behar dute argitaratzeko helarazten zaizkigun jatorrizko lanek; funtsean, faktore hauetan oinarritzen da kalitate-maila hori eta, horrenbestez, Ekonomiazeko erredakzio-kontseiluak lanok onartzeko edo ezesteko erabakia:

  • Egileek lortzen dituzten emaitzek eta egiaztatzen dituzten hipotesiek originalak izan behar dute, hainbat mailatan; gaurkotasun eta berritasun zientifikoa.
  • Garrantzi sozial eta epistemologikoa: baliagarri edo erabilgarriak izan behar dute, eta jakintzarako esanguratsuak izan behar dute, edo jakintzarako aurrerapena ekarri.
  • Lanek fidagarriak eta baliodunak izan behar dute zientziaren ikuspegitik; hau da, metodologiaren kalitateak egiaztatuta egon behar du.
  • Lanek bikain idatzita egon behar dute, egitura eta koherentzia logikoa izan behar dute, eta aurkezpen materialak ona izan behar du. Euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez egon behar dute jatorrizko testuek.

3. - ESTILOA

Idazterakoan, estiloa eta argitasuna zaindu behar dute egileek, zehatz-mehatz errespetatu behar dituzte gramatika-arauak eta hizkuntzan aditu direnek emandako gomendioak eta, ahal dela, ez dituzte erabili behar adierazpide erredundanteak eta alferrekoak. Sorburu-hizkuntza ez bada ingelesa, ez da komeni anglizismo teknikoak erabiltzea, egoera hauetan izan ezik: ez dagoenean hitzik haiek euskaraz edo gaztelaniaz emateko edo modurik euskarara edo gaztelaniara egokitzeko; halaber, ez da komeni ingelesezko sintaxia eta joskera erabiltzea. Garrantzi berezia dute nazioarteko ISO arauek, eta kontuan izan behar ditugu zientzia-gaien argitalpenetan.

Aldizkariko erredakzioak aldaketa txikiak egin ditzake idazkeran: gramatika- eta tipografia-akatsak ezabatu, esapide desegokiak, herri-mailako esamoldeak eta esamolde korapilatsuak, esaldi anbiguoak eta baieztapen zalantzagarriak… Helburua da gramatika zuzena izan dadila ziurtatzea, eta idazkera-estilo zientifikora egokitzea eta zehatz-mehatz errespetatzea autoritate gehien duten iturrien arau teknikoak eta estilo-arauak. Hain zuzen ere, hauek errespetatu behar dituzte egileek: IVAPeko (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko) estilo-liburua, Gaztelaniaren Errege Akademiaren hiztegiak eta Martínez de Sousaren gaztelaniaren estilo-eskuliburua.

Jakina, artikuluen funtsezko edukian ez dugu inolako aldaketarik egingo autoreei jakinarazi gabe eta haien onespena izan gabe. Ekonomiazen argitaratu bitartean, egileena da lanen edukiaren erantzukizuna eta jabetza; hortaz, jatorrizko lanen azterketa kritikoa eta estiloaren azterketa egitean edukian zer aldaketa egiten dituen jakinaraziko die aldizkariak egileei lanak argitaratu aurretik, eta baimena eskatuko die edukia aldatzeko eta argitalpenaren estilora egokitzeko. Autoreek onartu egin beharko dituzte Ekonomiazek proposatzen dituen estilo-zuzenketak, edo arrazoitu egin beharko dute ez onartzea.

4. NAHITAEZKO EBALUAZIOA

Hartzen ditugun jatorrizko artikuluen bi ebaluazio egingo dituzte aldizkaritik kanpoko ebaluatzaile profesional anonimoek, alde batera utzita autoreek beren kabuz eta aldizkariak aldez aurretik eskatu gabe aurkeztu dituzten edo editoreek edo monografikoa zuzentzeko izendatutako koordinatzaileak berariaz eskatu dituen. Lehen mailako ebaluatzaileen zerrenda bat du Ekonomiazek; horixe egiaztatu dute ebaluatzaileek, modu aktibo eta erregular batean parte hartuz Espainiako eta nazioarteko hainbat argitalpen entzutetsu ebaluatzeko prozesuetan. Erredakzio-kontseiluarekin batera, berrikusketen eta kanpoko ebaluatzaileen kalitatea ikuskatzen eta ebaluatzen du erredakzio-taldeak.

5. ESKUIZKRIBUEN AURKEZPEN FORMALARI BURUZKO ARAUAK

1. Euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez egon daitezke jatorrizko testuak, eta euskarri elektroniko batean (3,5"-ko disketean edo CD-ROMean, MICROSOFT WORD® formatuan edo harekin bateragarria den formatu batean) bidali behar dira, helbide honetara:

EKONOMIAZ aldizkaria
Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza
Ekonomia eta Ogasun Saila
Eusko Jaurlaritza
Donostia kalea, 1
01010 Gasteiz.

2. Jatorrizko lanak hartu izanaren adierazpena egingo du Ekonomiazeko erredakzioak, eta bidalketaren gorabeherak jakinaraziko dizkie egileei, adierazten duten helbidean. Argitarapen-prozesuari buruzko informaziorik nahi izanez gero, erredakzioarekin harremanetan jar daitezke autoreak, helbide honetan: < economia@ej-gv.es>.

3. Jatorrizko lanak idazteko, zuriune eta erdi utzi behar da, 12 tamainako letra erabili behar da eta 2,5 zentimetroko marjinak utzi behar dira gutxienez. Gehienez ere, lanak 40 orrialdekoak izan daitezke, eranskinak, taulak eta grafikoak barne. Lehen orrian, egilearen edo egileen izenak agertu behar dira, zer erakundetakoak diren, baita haiekin harremanetan jartzeko helbide bat ere, eta helbidea osatu behar dute posta bidaltzeko datuek, telefono- eta fax-zenbakiek eta helbide elektronikoak; helbide hori erabiliko dute aldizkariaren editoreek autoreekin harremanetan jartzeko.

4. Jatorrizko lanekin batera, beste orri batean, lanen laburpen bat aurkeztu behar da, edukiaren aurkibidea, hitz nagusien zerrenda eta Journal of Economic Literatureren sailkapenari dagozkion erreferentziak; laburpena gaztelaniaz eta ingelesez aurkeztu behar da eta 125 hitzekoa izan daiteke gehienez ere eta hitz nagusien zerrendak, berriz, bi hitzekoa izan behar du gutxienez, eta bostekoa gehienez ere.

5. Lanen edukiari dagokion testuak beste orrialde batean hasi behar du, eta, artikuluak egituratzeko atalak zenbakitzeko, arabiar zenbakiak eta ordena korrelatiboa erabili behar dira; sarrerak 1. saila izan behar du. Letra xehe eta lodiz idatzi behar dira izenburuak. eta, ondoz ondo, bi digituz eta, beharrezkoa izanez gero, hiru digituz zenbakitu behar dira azpiatalak (adibidez, 2.3., 2.3.2., etab.)

6. Kategoria bakoitzaren barnean, ondoz ondo zenbakitu behar dira taulak, estatistika-grafikoak eta, oro har, material grafikoa, eta arabiar zenbakiak erabili behar dira. Jatorrizko lanetan, dokumentuaren amaieran egon behar dute betiere, erreferentzien eta eranskinen ondoren, eta argi eta garbi adierazi behar da, testuan bertan, zehatz-mehatz zer lekutan agertu behar duten inprimatutako lanean. Betiere, neurrian erabili behar dira, eta ez da eman behar beharrezkoa ez den edo garrantzirik ez duen informaziorik.

7. Artikuluek adierazpen grafikoak ere baldin badituzte, haiek egiteko oinarri gisa erabilitako zenbakizko datuak erantsi behar dira.

8. Ordena korrelatiboari jarraiki zenbakitu behar dira ekuazioak eta beste edozein adierazpen matematiko, eta eskuineko marjinan lerrokatuta egon behar dute.

9. Egileek mugatu egin behar dituzte testuan tartekatzen dituzten oharrak, eta horiek erabiltzeko irizpidea izango da benetan egokiak izatea, lanaren garapenaren arabera. Tauletan edo koadroetan egiten dituzten oharren erreferentziak emateko, letra xeheak (a, b, etab.) erabili behar dituzte, eta dena delako koadroaren edo grafikoaren oinean eman behar dute edukia. Eskerrak eta beste edozein informazio emateko, berriz, izartxoa jarriz egin behar dira erreferentziak, artikuluaren tituluaren edo autoreen izenaren ondoan, kasuan-kasuan.

10. Artikuluen azken atalaren ondoren agertu behar dira lanek aipatzen duten literatura zientifikoari buruzko erreferentziak, Erreferentzia bibliografikoak izenburuaren azpian. Autoreen izenaren ordena alfabetikoari jarraiki eman behar dira, zenbakitu gabe; autoreen ardura da zuzen ematea. Aipamenak egiteko, "autorea-data" formatua erabili behar da, eta, autore berak urte berean lan bat baino gehiago badu, ondoz ondoko letra xeheak erabiliz bereizi behar dira haren lanak. Autore baten edo biren lanen erreferentziak osoak izan behar dira, baina, erreferentziak bi autoreren baino gehiagoren lanei buruzkoak izanez gero, et al. esapidea erabili behar da.

11. Formatu hau izan behar dute zerrenda bibliografikoko sarrerek:

AUERBACH, A. y KOTLIKOFF, L. J. (1983): "National savings, economic welfare, and the structure of taxation", en Feldstein, M.S. (ed.), Behavioural simulation methods in tax policy analysis, NBER-The University of Chicago Press, 459-498, Chicago.
COWELL, F.A. (1990): Cheating the government: The economics of tax evasion, Massachusetts MIT Press, Cambridge.
HOOVER, K. (1984): "Comment on Frazer and Boland-II", American Economic Review, 74: 789-794.
-1988: The New Classical Macroeconomics, Blackwell, Oxford.
-1989: "Econometrics as Measurement", mimeo.
-1990: "Scientific Research Program or Tribe? A joint appraisal of Lakatos and the New Classical Macroeconomics", University of California, working Paper, 69, Davis.
-1.991a. "Calibration and the Econometrics of the Macroeconomy", mimeo.
-1991b: Komunikazio pribatua.
MIRRLEES, J.A. (1971): "An exploration in the theory of optimum income taxation", Review of Economic Studies, 38: 175-208.
SEGURA, J. (1991): "Cambios en la política de defensa de la competencia y la política industrial", Ekonomiaz, 21: 32-49.

12. Aldizkariak jatorrizko lanak argitaratzea onartzen badu, autoreek konpromisoa hartzen dute ebaluazio-txostenen gomendioak eta aginduak betetzeko eta aldaera hobetua aurkezteko. Halaber, moldiztegiko probak aztertu behar dituzte, hartu eta lau egunean gehienez ere.

13. Aldizkariaren zer zenbakitan argitaratzen ditugun jatorrizko lanak, haien bi ale hartuko dituzte autoreek, baita artikuluen behin betiko aldaera ere, PDF formatuan.

6.- JABETZA ESKUBIDEAK

EKONOMIAZek EKONOMIAZ aldizkarian argitaratuko diren artikuluen jabetza eskubide guztiak dauzka, zeintzuk Creative Commons , Lizentziaren arabera eratuko diren.

Laguntza-menua
Azken eguneratze-eguna: 11/3/2010

Lege informazioa

  • © 2006 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco