Enpresei buruzko berriak
(2006-5-26 astea)

Basque Country
seleccion_idiomas
2004. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan %1,9 pertsona gehiagok izan zuen mediku-asegurua

2006ko apirilean bidaiarien sarrerak %25 gehitu dira

Euskal Autonomia Erkidegoko BPG %4,3 gehitu da 2006ko lehenengo hiruhilekoan

Eustatek, guztira, 46 ikastaro eman ditu 1983. urtetik antolatu dituen 20 Nazioarteko estatistika-mintegietan

Industriako prezioak %1,0 igo dira 2006ko apirilean

 


 
2004. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan %1,9 pertsona gehiagok izan zuen mediku-asegurua

EUSTATen datuen arabera, 2004. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan 311.148 pertsonak kontratatu zuten osasun-laguntzarako aseguru pribatua, hau da, aurreko urtean baino %1,9 gehiagok. Aseguru kolektiboek eragin dute gehikuntza hori; izan ere, aseguru hauek nabarmen gehitu dira azken sei urteetan (1999-2004) bai aseguratu kopuruari dagokionez (%41,3) eta bai primen kopuruari dagokionez ere (%123,2).

Lurralde historikoka, Bizkaiak jarraitzen du aseguratutako biztanle kopuru handienarekin (%19,6), gero Araba (%12,4) eta azkenik Gipuzkoa (%7,8).

Aseguratu gehienek (%98) oraindik nahiago dituzte asistentzia orokorra (lehen mailako arreta, arreta anbulatorioak eta ospitalizatzeak) estaltzen duten mediku-aseguru pribatuak, arreta zehatzeko beste aseguruak baino (esaterako, hortz-asegurua).

Osasun-laguntzako aseguruen sektorean, 2004. urtean, guztira 158,5 milioi euroko primak bildu ziren, hau da, Estatuko guztirakoaren %4,5 inguru eta Euskal Autonomia Erkidegoko BPGaren %0,3. 2003. urtearen aldean prima kopurua %7,1 gehitu zen; hala ere, hazkunde hori Estatukoa (%9,9) baino txikiagoa izan zen.

Ospitaleetan emandako arretari dagokionez, mediku-aseguratzaileetatik etorritako gaixoen artean 46.922 ospitaleratu egin ziren, 2003. urtean baino %8,6 gehiago. Horien %68,6ari ebakuntza kirurgikoa egin zitzaion; hain zuzen, 32.185 ebakuntza egin ziren (aurreko urtean baino %6,4 gehiago). Kirurgia orokorra, traumatologia eta ginekologia espezialitateetan eman ziren ospitaleratze gehienak.

2006(e)ko Maiatzaren 25(e)ko  Eustat: www.eustat.es/prensa/notas-(e)n argitaratutako albistearen laburpena.
 

 


 
2006ko apirilean bidaiarien sarrerak %25 gehitu dira

EUSTATen datuen arabera, 2006ko apirilean 178.946 bidaiarik hartu dute ostatu Euskal Autonomia Erkidegoko hoteletan, hau da, aurreko urteko hilabete berean baino ia 36.000 gehiagok eta, horrenbestez, %25eko gehikuntza izan da. Hiru lurraldeetan gehitu da bidaiari kopurua: Bizkaian kopuru hori %32 gehitu da, Gipuzkoan %21 eta Araban %18.

Estatutik etorritako bidaiarien sarrerek %25eko gehikuntza izan dute eta atzerritik etorritakoen sarrerek %26koa. Estatuko bidaiari kopuruak gora egin du hiru lurraldeetan: Bizkaian %34, Gipuzkoan %20 eta Araban %15. Atzerritar kopuruak ere egin du gora hiru lurralde historikoetan: Araban %31 gehitu da kopuru hori, Bizkaian %28 eta Gipuzkoan %22.

Estatutik etorritako bidaiarien artean autonomia erkidego guztietatik etorritako bidaiari kopuruak gehitu dira, baina batez ere hurrengoetatik etorritakoenak: Katalunia, Madril, Gaztela eta Leon, Galizia eta Valentzia. Atzerritarren kasuan, bidaiari gehiago etorri dira Frantziatik, Erresuma Batutik, Italiatik, Portugaldik eta AEB-Kanadatik; aitzitik, Alemania, Finlandia, Luxemburg eta Japoniatik etorritakoen kopurua gutxitu egin da.

Nekazalturismoa: bidaiarien sarrerak %35 gehitu dira eta igarotako gauak bikoiztu.

Apirilean 10.269 bidaiari izan dira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazalturismoetan, hots, aurreko urteko hilabete berean baino %35 gehiago; zehazki, bidaiari kopurua %46 gehitu da Gipuzkoan, %27 Bizkaian eta %22 Araban. Estatutik bisitari gehiago etorri da Euskal Autonomia Erkidegora (%36ko gehikuntza) eta, era berean, atzerritik etorri eta EAEko nekazalturismoetan ostatua hartu duten bisitarien kopurua %23 gehitu da.

2006(e)ko Maiatzaren 22(e)ko  Eustat: www.eustat.es/prensa/notas-(e)n argitaratutako albistearen laburpena.
 

 


 
Euskal Autonomia Erkidegoko BPG %4,3 gehitu da 2006ko lehenengo hiruhilekoan

EUSTATen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko BPG %4,3 gehitu da 2006ko lehenengo hiruhilekoan, aurreko urteko aldi beraren aldean. Urte arteko hazkunde-tasa Estatuko ekonomiarena (%3,5) baino zortzi hamarren handiagoa izan da eta tasa horrek ia bikoiztu egin ditu EB-25ak (%2,2) eta euro eremuak (%2,0) lortutako tasak.

2006ko lehenengo hiruhilekoko hiruhileko arteko hazkundeak %0,7ko tasa izan du, 2005eko azken hiruhilekoaren aldean. Hiruhileko arteko tasa hori %0,8koa izan da Estatuko ekonomian, eta %0,6koa euro eremuko ekonomietan eta EB-25 osoan.

Eskaintza egiten duten sektoreetan, urteko lehenengo hiruhileko horretan Industriak gorakada handia izan du; izan ere, %5,6ko urte arteko tasa izan du eta, beraz, sektore dinamikoena izan da. Gainera, hiruhileko artean %1,0eko tasa positiboa izan du, 2005eko laugarren hiruhilekoaren aldean. Energiaren sektoreek eta ekipamenduko ondasunen ekoizleek batez bestekotik gorako tasak lortu dituzte eta, horrela, 2005eko bigarren hiruhilekoan hasi zen industriaren suspertzea finkatzen lagundu dute.

Eraikuntzaren sektorea, aurreko hiruhilekoetako joerarekin jarraituz, urteko lehenengo hiruhilekoko eragile garrantzitsua da oraindik: 2005eko lehenengo hiruhilekoaren aldean %5,5eko urte arteko hazkundea izan du. Aurreko hiruhilekoaren aldean urte arteko tasan puntu bat galdu du, baina hiruhileko arteko bilakaera %1,0ekoa izan duenez oraingoz finko dabilela erakusten du.

Lehenengo sektorean, oro har, %7,3ko urte arteko atzerapena eman da; eta 2006ko lehenengo hiruhilekoa 2005eko laugarrenarekin alderatuz gero, %5,0eko beherapena eman da.

Urteko lehenengo hiruhilekoan, aurreko urteko aldi beraren aldean, pertsonal okupatuaren kopurua %2,2 igo da. Era berean, 2005eko laugarren hiruhilekoaren aldean %0,1 igo da kopurua hori; kopuru absolutuetan 960.000 okupatu baino pixka bat gehiago egon da. Langile kopuruari dagokienez urte arteko hazkunderik handienak eraikuntzaren (%4,8) eta zerbitzuen (%3,3) sektoreetan eman dira; lehenengo sektorean %0,3 gehitu da kopuru hori eta pertsonal okupatuaren kopuru osoaren bilakaeran industri sektorearen %1,0eko beherakada erabakigarria izan da.

2006(e)ko Maiatzaren 23(e)ko  Eustat: www.eustat.es/prensa/notas-(e)n argitaratutako albistearen laburpena.
 

 


 
Eustatek, guztira, 46 ikastaro eman ditu 1983. urtetik antolatu dituen 20 Nazioarteko estatistika-mintegietan

Euskal Estatistika Erakundeak (EUSTAT) 20. Nazioarteko estatistika-mintegia antolatu du aurten; izan ere, 1983. urtean egin zen lehenengo mintegia eta harrezkero urtero egin da. Aurtengo ikastaroa kontuan hartuta, 20 mintegi horietan zehar guztira 46 ikastaro antolatu ditu.

Ibilbide luze horretan hainbat gai jorratu dira mintegietan, hala nola: laginketaren gaineko ikastaroak, galdesorten diseinua, azterketa estatistiko ezberdinei buruzko hainbat ikastaro, datuak biltzeko teknika ezberdinak, isilpekotasuna, administrazio-erregistroak eta ingurumen, epidemiologia eta ekonomia arloetan erabilitako estatistika-metodologia bereziak. Eustatek berrikuntzari eman dio lehentasuna mintegietako gaiak aukeratu behar izan dituenean eta, sarri, emandako gaiak aitzindariak izan dira gure inguruan.

XX. mintegia dela-eta, Eustatek “Erantzun gabekoak, edizioa eta egozpena” izeneko ikastaroa antolatu du hilabete honetako 22, 23 eta 24rako; ikastaroa Bilboko Burtsaren lokaletan emango da. Mintegiaren helburua erantzun gabekoak tratatzeko metodoak eta teknikak aztertzea da; hain zuzen, erantzun gabekoen arazoa ezinbestekoa da inkesta eta zentsuetan baina arazo horri behar bezala aurre egiteko metodoak eta ikuspegiak ere badaude.

Aurten, aurrekoetan bezala, estatistikaren ezagutza arloko aditu bat bilatu da: Eric Rancourt. Bada, Rancourt jauna Statistics Canada-ko Inkesta Ekonomikoen Metodoen Arloko zuzendariordea eta Ikerketa Metodologikoaren Arloko burua da, baina aldi berean Survey methodology aldizkariko editorea ere bada. Zalantzarik gabe, Eric Rancourt, munduko estatistika-erakunde gehienek jarraitu beharreko erreferente garrantzitsuenetako bat da.

XX. Nazioarteko estatistika-mintegiko egitaraua ondokoa da: sarrera, erantzun gabekoak, edizioa, egozpen-metodoak, erantzun gabekoak tratatzeko printzipioak eta ikuspegiak, bariantzaren zenbatespena, kalitate neurriak, eztabaida eta ondorioak.

2006(e)ko Maiatzaren 22(e)ko  Eustat: www.eustat.es/prensa/notas-(e)n argitaratutako albistearen laburpena.
 

 


 
Industriako prezioak %1,0 igo dira 2006ko apirilean

EUSTATen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko industriako prezioak %1,0 igo dira 2006ko apirilean. Datu horien arabera, gainera, azken hamabi hilabeteetako industriako prezioen aldaketa jaso duen apirileko urte arteko tasak %4,6ko hazkundea izan du. Industriako prezioak %3,2 gehitu dira 2006ko lehenengo hiruhilekoan, 2005eko abenduaren aldean.

Sektore-azterketa xehekatuenak erakutsi bezala 2006ko apirilean, eta aurreko hilabetearen aldean, hauexek izan dira inflazio handiena izan duten adarrak: “petrolioaren birfinketa” (%4,9), “metalurgia eta gai metalikoak” (%1,2), “papera, edizioa eta arte grafikoak” (%1,0), “larruaren eta oinetakoen industria” (%0,8) eta “mineral metalikoak eta ez metalikoak” (%0,7). Aitzitik, hurrengo sektoreetan prezioak jaitsi egin dira: “material elektrikoa” (%-0,3), “kautxua eta plastikoa” (%-0,2), “energia elektrikoa, gasa eta ura” (%-0,1), “zuraren industria” (%-0,1) eta “ehungintza eta joskintza” (%-0,1).

2005eko apiriletik 2006ko apirilera arteko aldian, prezioen hazkunderik handienak ondoko adarretan eman ziren: “energia elektrikoa, gasa eta ura” (%21,0), “petrolioaren birfinketa” (%19,8), “papera, edizioa eta arte grafikoak” (%4,0), “metalurgia eta gai metalikoak” (%3,7), “elikaduraren industria” (%3,2) eta “larruaren eta oinetakoen industria” (%3,1). Baina prezioen beherapenak edo hazkunde txikiagoak izan dituzte ondoko sektoreek: ”garraio-materiala” (%-2,6), “material elektrikoa” (%0,1), “zuraren industria” (%0,6), “mineral metalikoak eta ez-metalikoak” (%1,0) eta “beste manufaktura batzuk” (%1,0).

2006(e)ko Maiatzaren 24(e)ko  Eustat: www.eustat.es/prensa/notas-(e)n argitaratutako albistearen laburpena.
 

 


 

Azken eguneratzea: 2006-5-26

LEHENDAKARITZA

homepage indice