Klasikoak

"Lauaxeta", Urkiaga Esteban

Biografia:

Esteban Urkiaga, "Lauaxeta", Laukizko herrian jaio zen 1905. urtean. Mungian hazia eta Loiolan eta Oņan hezia, 1930. urtean Errenterian ospatu zen I Olerti Egunean eman zuen bere burua poeta bezala ezagutzera, "Maitale kutuna" poemaren bidez, lehiaketa hori irabazten duenean. Kazetari eta hizlari bezala ezagutu bazuten bere garaian, olerkari puntarengo moduan lortuko du ospe sakon eta mamitsua. Bide barrijak eta Arrats beran bere poema liburuetan arnas berri bat sartzen da euskal olerkigintzan. Sinbolismoa eta idealismoa ezagutu ondoren, saiatuko da "Lauaxeta" Europako modernitatea euskal janzkeraz idazten.

Ez da ezagunegia "Lauaxeta"-ren antzerki lana. Olerkari bezala, gerra aurreko olerkari talde hartako gailurraren ondoan jartzen badugu, ezin genezake antzekorik egin antzerki lanen alorrean. Hala ere, "Lauaxeta"-k ez zion muxin egin Taliaren ateari. Eta gainera hainbat testu esanguratsu idatzi zituen bere garaiko antzerkiari buruz, bai Euskal Herrian egiten zenari buruz, bai euskararen mugetatik kanpo antzezten zenari buruz.

Hainbat aldizkaritan aritu zen, eta bera izan zen, "Orixe"-ren ondoren, Euzkadiko euskal orriko arduradun. Gerra piztean Euskal Gudarostean sartu zen, komandante graduaz propaganda lanetan ibili zen, eta Gernikako bonbardaketa ostean harrapaturik 1937ko ekainaren 25ean afusilatu zuten.