Klasikoak
Biografia: | Otxandion jaio zen 1841. urtean eta bertan hil 1906an. Hamahiru urte zituelarik Gasteiza joan zen marrazkigintza ikastera, bost urte geroago jaioterrira itzuli eta Erdi Aroko santugileen antzera herriz herri ibili zen agintzen zizkioten imaginak landuz. Aukeratu zuen lanbideak ez zion irakurketarako zaletasuna galarazi. Ezagupen literario urriak bazituen ere, irakurle bizia genuen, Biblia izanik gehien atsegin zuen liburua. 1879an Elizondon antolatu ziren lore-jokoetan, poesi lehiaketaren lehenengo saria irabazi zuen Ama Euskeriari azken agurrak poemarekin. Ez zen hau izan jaso zuen sari bakarra, beste hamahiru alditan suertatu baitzen irabazle. Idazle ugaria izan zen, garaiko aldizkari gehienetan argitaratu zituen bere lanak. Euskal poeta herrikoia dugu Arrese Beitia, garaiko Euskal Herriaren mezulari. Idatzi zituen bertsoetan bihotzaren taupadak dira gidari eta oinarri. |