Klasikoak
Biografia: | Jean Martin Hiribarren 1810ean Azkainen jaio, 1833an apeztu, urtebetez bikario izan eta azkenik Bardoizera igorri zuten, poemako lerro batean bere buruaz dioen bezala: "Hirugarren apheza bizi da Bardoitzen" (2.203). Hil, ordea, Baionan egin zen, katedraleko ohorezko kalonge zela, 1866. urtean. Bere garaiko euskaltzaleekin eta kultur gizonekin harreman estuak izan zituen, haiekin aritu zen lanean eta orduko eztabaidetan eta ekintzetan esku hartu zuen. Bizi zela hiru obra eman zituen argitara: Euskaldunak, Montebideoko berriak eta Eskaraz egia. Hauetaz gain ezin aipatu gabe utzi argitara gabeko Euskal Hiztegia, "Napoleon lehena" deritzan poema, erlijio gaiezko zenbait izkribu eta aldizkarietan kaleratu zituen beste poema batzuk. |