Klasikoak

Mitxelena, Koldo

Biografia:

Koldo Mitxelena Elissalt Errenterian sortua genuen 1914an eta Donostian zendu zitzaigun 1987ko urrian. Nork ez zuen ezagutu aldez edo moldez? Bulego langile gerra aitzinean eta ostean, gudari gerran eta gero, preso urte ilunetan, irakasle unibertsitatean eta handik at, euskaltzain, euskaltzale suhar bezain zuhur eta euskalari nagusi genuen Koldo Mitxelena. Liburu eta artikuluetan, euskaraz zein erdarez, beti sakon eta mamitsu, aztertu zituen euskararen harat-honatak: dela iragan hondargabearen, dela orain anitzaren erakarpena sentitu zuen, euskal literaturari ere berea zuena ematen ziolarik. Zinemaz, liburu berriez, gertakari anitzez ari ziren bere saioek gerraosteko euskara idatzia eraberritu zuten. Euskara batuaren sortzaile eta gidari, haren emaitza eta eragina euskaldungoan nekez neurtu ahalko da bere zabal eta larrian.

Hemen dugu gure artean eta gure hizkuntzaz inork inoiz mundura duen bere baitariko idazlan sorta handien eta mardulenetako bat, "tupikia baino oroitarri iraunkorragoa" zuzen onez dei dezakeguna, mendeen joan-etorriak ez eguratseko haize-erauntsiek euskaldunen bihotzetik sekulan eratxiko ez dutena: Mitxelenaren Euskal Idazlan Guztiak.

"Euskararen garapenarekiko haria eten ez dadin, eta aurrerantzean ere tinko lanean jarraitu ahal izateko beti da orimenaren akuilua eta eztena beharrezko, eta horretarako zer hoberik Koldo Mitxelenaren euskal lan guztiak argitaratzea baino. Euskal Klasikoen zerrendan argitaratzen badira ez da noski Koldo Mitxelena hemeretzigarren mendera erretiratu nahi genukeelako, gaurko klasikotzat, hau da arau emailetzat jotzen dugulako baizik, eta gainera Euskal Idazle Klasikoak bilduma honekin hasieratik beretik zerikusirik izan zuelako. Hil artean aintzin-solasgile bezala loturik bazegoen, orain beraren mamiaren atal nagusi izatera pasatzen da, eta honela gure eginbeharrean oroimen, ezten eta bultzatzaile." (1988an liburu sorta honetarako Joseba Arregik, orduko Kultura eta Turismo sailburuak, prestaturiko hitzaurretik hartutako hitzak).