Literatura unibertsala

Zazpi urkatuak

Zazpi urkatuak
Zenbakia: 119
Egilea: Andreiev, Leonid Nikolaievitx
Jatorrizko izenburua: Rasskaz o semi poveshennykh
Itzultzailea: Morales Belda, Jose
Argitalpen-urtea: 2006
ISBN: 84-96643-00-X
Orri-kopurua: 228
Biografia:

Leonid Nikolaievitx Andreiev (Orel, 1871 - Finlandia, 1919). Kontakizun eta drama ugari idatzi zituen. Errusiako ipuingintzaren joera berritzaile zabaleko idazlea izan zen. Hasieran, errealismoaren bidetik jo zuen, baina apurka-apurka sinbolismoaren alderantz lerratuz joan zen. Andreieven obrak hiru polo nagusi izan zituen: errealismoa, sinbolismoa eta espresionismoa. Haien arteko joan-etorri etengabean eta oreka zailean ibili zen beti. Gai nagusiak zorotasuna, heriotza, beldurra eta bakardadaea dira. Oso gogo onez hartu zuen 1917ko otsaileko iraultza, tsarra aginpidetik kendu eta Errusia demokraziaren bidean jarri baitzuen. 1917ko urriko iraultza sozialista, ordea, ez zuen batere gogoko izan, eta boltxebikeak gaitzetsi zituen. Horren ondorioz, Finlandiara alde egin zuen, eta bertan hil zen. Andreieven lanik onenetako batzuk honako hauek dira: Vasili Fiveiskiren bizitza, Barre gorria, Juda Iskariote, Ilunpeak, Espektroak eta Zazpi urkatuak.

Fitxa:

Zazpi urkatuak kontakizunean, auzitegi militar batek urkaturik hiltzera kondenatu dituen bost iraultzaileren eta bi gaizkile arrunten azken egunak kontatzen dizkigu. Heriotza-zigorraren eta Errusiako erregimen gupidagabearen aurkako aldarri zorrotza da. Andreievek labur-labur kontatzen du nola atxilotu eta epaitzen dituzten ministro bat hiltzeko atentatua antolatzen ari diren bost gizon-emakume. Gero, luze azaltzen du bost ekintzaileak eta bi gazkileak heriotzarako nola prestatzen diren espetxeko bakardadean. Hain zuzen ere, gertaera bera baino gehiago interesatzen zaio azaltzea gizakiak nola jokatzen duen horrelako egoera latz batean.

Ilunpeak izeneko kontakizunean, berriz, polizia atzetik daukan ekintzaile bat prostituzio-etxe batean ezkutatzen da. Hor ezagutzen duen prostitutak koloka jartzen ditu iraultzailearen sinesmen ordu arte sendo guztiak, eta iraultzailearen izaerak bere bizimoduari buruzko gogoeta eginarazten dio prostitutari.

Espektroak kontakizunean, azkenik, egun gutxi batzuetan zoroetxe batean zer gertatzen den kontatzen digu Andreievek: zoroen, doktorearen eta erizainen arteko harremanak, zoroen izaera eta bakoitzaren zorotasuna, gizakiaren hondorik ilunenean arakatuz.

Liburuaren kritikak: Aritz Galarraga, Iratxe Retolaza eta Felipe Juaristi. Gara, Berria eta El Diario Vasco, 2006.

Zazpi urkatuak testuaren gaztelerazko bertsioa. Biblioteca Virtual Antorcha.

Andreiev Wikipedian. Ingelesez.