Literatura unibertsala

Abel Sánchez

Abel Sánchez
Zenbakia: 12
Egilea: Unamuno, Miguel de
Jatorrizko izenburua: Abel Sánchez, una historia de pasión
Itzultzailea: Atela, Aintzane; Arratibel, Miren
Argitalpen-urtea: 1992
ISBN: 84-7992-049-1
Orri-kopurua: 152
Biografia:

Miguel de Unamuno (Bilbo, 1864 - Salamanca, 1936), Espainiako 98ko belaunaldiko idazlea, garai hartako idazle eta filosofo nagusietakoa. Salamancako Unibertsitateko katedradun (1891) eta errektore (1901) izan zen. Gobernuak kargua kendu zion eta Primo de Riveraren diktadura-garaian erbesteratu behar izan zuen. Hasieran arrazionalismoan oinarritu zen baina geroago Jainkoaganako sinesmena eta gertaeren izaera existentziala azpimarratu zituen; bizitzaren tragedian murgilduta bizi den gizonaren euskarri gisa azaldu zuen Jainkoa eta berebiziko garrantzia izan zuen bere lanetan erlijoaren gaiak. Eleberria landu zuen batez ere baina antzerki lanak, saiakerak eta olerkiak ere egin zituen. Lan nagusiak: En torno al casticismo (1895), Paz en la guerra (1897), Mi religión (1907), Del sentimiento trágico de la vida (1912) –Xabier Kintanak euskaratua: Bizitzaren sentimendu tragikoaz, Klasikoak, 1994–, Andanzas y visiones españolas (1922) saiakerak; Amor y pedagogía (1902), Niebla (1914), La tía Tula (1921), San Manuel Bueno, mártir (1933) eleberriak; Medea (1933), El hermano Juan (1954) antzerki-lanak.

Fitxa:

Liburuak Joaquín Monegro herri-mediku apalaren eta Abel Sánchez margolari handiaren bizitza kontatzen du, txikiak zirenetik hiltzen diren artean izandako harremanaren ikuspegitik. Harreman hori Joaquínek Abelekiko zuen bekaizkeriak markatua da, eta ez benetako adiskidetasunak; hala, Joaquínek Abel berdintzeko eta harekiko harremana ez eteteko ahaleginak egin beharko ditu (Abelen pausoak jarraitu, bere alaba Joaquina Abelen seme Abeltxorekin ezkontzera bultzatu, ilobaren maitasuna bereganatzeko ahaleginak egin, etab.). Liburuak egiten duen bidea Bibliako Abel eta Kaini buruzko pasartearen pare-parekoa da, pasarte hartako maitasun-gorrotoaren haria jarraitzen du; beti agerian gelditzen da (edo hala ikusten eta erakusten du Joaquínek behintzat) Abelen zintzotasuna, jainkozkotasuna, eta Joaquínen bekaizkeria, bere grinak gainditzeko etengabeko ahalegina. Protagonistez gainera, haien inguruko pertsonaiak ere bikoteka antolatuak azaltzen zaizkigu, eta istorio nagusiaren inguruko pasarteak ez dira haren albo-adarrak; beti muin berera biltzen dira.

Unamunoren bi lanen kritika.

Unamunoren biografia, bibliografia eta hainbat artikulu. Euskaraz eta Gazteleraz.

Salbatore Mitxelena Abendatxen artikulua. Euzko Gogoa, 1956.

Miguel de Unamuno ataria: bizitza, lanen azterketa, bibliografia.