Ezpeleta, Jeronimo (e.i. Xabier Beirekoa)
Erlijioso eta idazle nafarra (Beire, 1549 - Goa, 1617), San Frantzisko Xabierkoaren iloba, Jesusen konpainian sartu zen (1568), apaiztu (1575) eta Indiara bidali zuten misiolari (1581). Goan finkatu eta apaizgaien irakasle izan zen. Hizlari bezala nabarmendu zen; gogojardunak berrezarri eta konpainia berritu zuen. Japonian erretore izan ondoren, berriro Goara eta handik Mongoliara bidali zuten (1952). Lahorera misiolari joan zen (1594); Akbar-en gortean finkatuta, Akbar-en eta honen seme eta ondorengo Yahangir-en aholkulari izan zen. Pertsiera sakonki aztertu eta ikasi ondoren hainbat lan interesgarri idatzi zuen bertako literatura eta historia gaitzat harturik. Lahoreko jauregia erre zenean gortearekin batera Agrara aldatu behar izan zuen (1597). Bertan erregearen hiru iloba bataiatu zituen eta politikan ere bitarteko lanak egin zituen. Goara itzuli eta san Paulo eskolako erretore izan zen (1616). Felipe II.ak Granganorko artzapezpikutzarako hautatua zuen, baina kargua hartu aurretik hil zen.
Atzera