Goienetxe Gaston, Joan
Pertsonaia historiko nafarra (Arizkun, 1656 - Madril, 1735). Idazkaritzako ikasketak egin zituen eta giza zientziak eta historiarekiko zaletasun handia erakutsi zuen. Karlos II.aren eta beronen emaztearen eta Felipe V.aren bi emazteen (Maria Luisa Savoiakoaren eta Isabel Farneseren) altxorzaina izan zen. Colbert-en eragina izan zuen; "Nuevo Baztan" izeneko gunea fundatu zuen (1709-13), eta han beira-fabrika bat antolatzeko ahalegina egin zuen, ehun-fabrikak eraiki zituen Espainian, etab. Bestalde, Gaceta de Madrid aldizkaria sortu zuen (1697). Mezenas eta idazlea ere izan zen; (Executoria de la nobleza, antigüedad y blasones del Valle del Baztán, 1685; Var'as poesías, sagradas y profanas, 1692). Beltzuntzeko markes titulua eman zioten. - Frantzisko Jabier (Baztan, ~1669-1748), aurrekoaren semea. Giza zientziak eta matematika ikasi eta ondoren Madril, Frantzia eta Italian ibili zen. Itzulitakoan familiaren negozioaz arduratu eta, aita bezala, erreginaren altxorzaina, Santiagoren Ordenako zalduna, Indietako Kontseiluko dekanoa eta Beltzuntzeko markesa izan zen. Aitak sorturiko aldizkariko zuzendaria izan zen (1730), monopolioa eta jabetza galdu zuen arte.
Atzera