Azpeitia

Gipuzkoako udalerria, Urolaren ezkerraldean (Urola-Kostaldea); 12.882 bizt. (azpeitiarrak). I-an Deba eta Zestoa, E-an Errezil eta Beizama, H-an Beasain, Ezkio-Itsaso eta Zumarraga eta M-an Azkoitia ditu mugakide. Mendiz inguratuta dago. Abeltzaintza (esnea eta haragia) eta industria (altzarigintza, zurgintza, metalurgia-tailerrak) dira udalerriko ekonomi jarduera nagusiak. Lanean ari den populazioaren erdiak industrian dihardu eta herenak inguru zerbitzu-sektorean. XX. mendearen hasieratik biztanle-kopurua bikoiztu egin den arren (1900ean 6.066 biztanle zituen eta 1981ean 12.958), ondorengo urteetan ez da populazio-aldaketa handirik izan, 1991n 12.882 biztanle zituelarik. Historia. Azpeitiaren sorrera, Azkoitiarena bezala, Iraurgi ibarrari lotuta dago. 1027an aipatzen da lehen aldiz Azpeitia, Iraurgi izenaz. 1310ean Fernando IV.ak emandako hiri-gutunaz hiribildu bihurtu zen Garmendia Iraurgikoa izenaz. 1311n beste hiri-gutun bat eman zien, Salvatierra Iraurgikoa izena emanez. Hiri-gutun horretan, Gasteizko Foruaz gainera, Soreasuko monasterioa eta honen ondasun guztiak eman zizkien. XIV. mendearen amaieraz geroztik Azpeitia izena nagusitu zen. 1458an Azkoitia eta Azpeitia arteko mugak zehaztu ziren eta 1491n bertan jaio zen gero San Iñazio Loiolakoa izango zena. 1625ean lehen udal-ordenantzak onartu ziren. XVI eta XVII. mendeetan burdinolek garrantzi handia izan zuten Azpeitian. 1766an aduana Ebrotik kostaldera eramatea eta prezioen igoera zirela eta, herria matxinatu egin zen eta, azkoitiarrek lagunduta, agintariak herriaren aldeko neurriak hartzera behartu zituzten. Hala ere, berehala Donostiatik armada iritsi zen eta matxinada zapuztu egin zuen. Artea. Enparan dorretxea, izen bereko bandokide-familia oinaztarren eraikuntza zibila da; 1320an eraiki zen. 1457an erret aginduaren ondorenak jasan zituen eta izaera militarra galdu zuen. Jatorrizko oinplanoa karratua zen, baina 1760an alboetako atalak erantsi zitzaizkion. Garaiko pinakulu eta bestelako apaingarriak ditu oraindik. Monumentu izendatuta dago. Loiolako santutegia basilika barrokoa da, 1681ean eraikia. Elizaren bi aldetara, bi pabilioi simetriko daude; hauetako batean loiolatarren dorretxea dago. Basilika monumentu izendatuta dago. Soreasuko San Sebastian eliza tenplarioena ere izan zela uste da. Berrikuntza- eta hedapen-lanak XVI. mendean egin ziren. Portada neoklasikoa du, Ventura Rodríguezek diseinatu eta Frantzisko Iberok burutua. Hiru nabetan banatutako oinplanoa du. Abside poligonala du eta oinaldean korua; gangek koadrikulak eratuz gurutzatzen diren nerbioak sortzen dituzte. Kanpandorrea elizak duen atalik zaharrena da; Erdi Arokoa da eta orratza, XIX. mendean eraikia, neogotikoa da. Erretaula nagusia errenazentista da. Koru azpian eta burdin hesi baten barnean San Inazio Loiolakoa bataiatu zuteneko pontea dago. Eliza monumentu izendatuta dago. Olazko Amaren ermita XIII. mendearen amaierako edo XIV. mendearen hasierako ermita xumea da. Ama Birjinaren taila gotiko bat dago barnean. Bertan egin ziren Gipuzkoako Batzar Partikularren hainbat bilera.



Atzera