Baiona

Lapurdiko hbru.; prob.aren IM-an, kostaldetik hurbil, Aturri eta Errobi ibaiek bat egiten duten lekuan; 39.844 bizt. (baionesak). Administratiboki, hiru ktdu.tan banatua dago: Baiona Iparraldea (Bokale barne), Baiona Ekialdea eta Baiona Mendebaldea. Oso lurralde lauan dago; klima ozeanikoa du, euritsua eta epela urte osoan. Hiru gune historiko ditu: Baiona Handia edo harresiz inguraturiko alde erromatarra (Gaztelu Zaharraren kokalekua); Baiona Ttipia edo Sanandres (Gaztelu Berriaren kokalekua) eta Santespiritu edo erromes-ospitale baten inguruan sortu eta juduek XVI-XVII. m.etan kolonizatutako auzoa. Antzinako gune hauen inguruan sortu dira Muserola merkataritza-, egoitza- eta portu-gunea; Baiona Berria edo Santa Kurutze izeneko bizitegi-auzoa, eta Sanleon deituriko zerbitzu-gunea. Portuari esker, Iparraldeko industri eta merkataritza-zentro garrantzitsua izan da Baiona mendetan; baita Landetako H-koa ere. Euskal Herriko merkataritzarako portuetan hirugarrena da, Bilbo eta Pasaiaren atzetik; esportazio-portua da batez ere (sufrea eta zerealak). Industria (metalurgia, elikagai-industria, eraikuntza eta industria kimikoa) Aturriren bi aldeetan dago kokatua, baina ez du merkataritza eta esportazioak adinako garrantzirik. Zerbitzu-sektoreak ere garrantzi handia du (administrazioa, dendak, kultur zerbitzuak, irakaskuntza, garraioak, osasun-zentroak).
Artea. Santa Maria katedral gotikoa (XIII-XIV. m.), Gaztelu Zaharra (XIV. m.), erromatarren garaiko harresia eta hiriaren defentsarako eraikitako Gaztelu Berria eta harresiak, monumentu izendatuak daude. Beste hainbat eraikin eta museo aipagarri ere bada: Euskal museo eta liburutegia, Bonnat museoa, Merkatal Ganbara, etab.
Historia. Lehen aipamen historikoa K.a I. m.koa da; erromatarrek kanpamendu militarra eratu zuten bertan. Erromatar inperioaren azken mendeetan, Novenpopulaniako tribunoaren egoitza izan zen (IV-V. m.). Hiriaren gainaldea baino ez zen erromatartu; gainerakoak bere hizkuntza eta ohiturak mantendu egin zituen. IX. m.an bikingoek konkistatu zuten eta hauengandik, normandiarrengandik, ikasi zituzten baionesek nabigazio-teknikak. Gilermo Antso Baskoniako dukeak normandiarrak bidali eta hiria askatu egin zuen (982). Lupo Santxez buru zela, Lapurdi bizkonderri izendatu zuten (1023); Baiona bizkonderriko hbru. eta bizkondeen egoitza bilakatu zen (1023-1193). Gilermo IX.a Trobalariak eman zion Baionari lehen forua (1125). Leonor Akitaniakoa Enrike Plantagenet-ekin ezkondu eta Lapurdi osoa ingelesen menpe geratu zen (1152-1416). Urte haietan garapen ekonomiko handia izan zuen hiriak. Rikardo Lehoibihotzak, forua berretsi eta hedatu egin zuen; forua, burgesiaren alde eta nobleziaren aurkako zenez, nobleak altxatu egin ziren. Rikardo I.ak, altxatutako herriak bereganatu egin zituen (Baiona barne) eta nobleek Baiona utzi eta Uztaritzen ezarri zuten egoitza. Geroztik eta Frantziako Iraultza bitartean, Uztaritze izan zen Lapurdiko hbru.
Baiona merkataritza-zentro garrantzitsu bilakatu zen, baina XIII. m.an bertako merkataritzako burgesiaren eta marinel eta artisauen artean gatazka ugari izan zen. Iparraldeko merkataritzaren kontrola zela eta, borroka piztu zen Baionako eta Normandiako merkatarien artean; Frantzia eta Nafarroak normandiarren alde eta Ingalaterrak baionesen alde hartu zuten parte; gerra horrek areagotu egin zuen Baionako merkatarien eta laborari lapurtarren arteko zatiketa. XIV. m.aren hasieran, noble eta nekazariak Baionako biztanleen aurka altxatu ziren; Albreteko jaunak lapurtarren eskubideak onetsita amaitu zen liskarra (1355). Liskarrez gain, Izurrite Beltzaren astindua jasan behar izan zuen hiriak (1347). Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldeko hiriekin adiskidetasun-hitzarmena sinatu zuen (1353). Frantziako Karlos VII.ak Normandia konkistatu zuenean, Baiona ingelesei kendu eta bereganatu egin zuen (1451); urte haietan, hiria gainbehera etorri zen. Hurrengo mendeetan, Baionako Merkatal Ganbarari esker, oparoaldia izan zuen ibai- eta itsas merkataritzan oinarriturik; portu frankoa izatera heldu zen (1726).
Iraultza Frantsesaren ondorioz, Ipar Euskal Herriko probintzietako foru-erregimena eta Baionako portu frankoa ezabatu egin ziren (1789). Napoleonen garaian, Espainia eta Frantziaren arteko gerran, Baiona gune garrantzitsu izan zen; Napoleonek partehartze armatua bertan gauzatu zuen (1807) eta koartel orokorra ere bertan finkatu zuen (1807-14). Fernando VII.a Espainiara itzuli zenean (1814), erresistentziaren buru izan zen Mina jenerala Baionara erbesteratu zen eta beste liberal batzuekin batera erasoa prestatu zuen. Karlistadetan ere gune garrantzitsua izan zen. Bergarako hitzarmena sinatu ondoren, hainbat buruzagi karlistari babesa eman zion. Bigarren Karlistada ere bertan antolatu zen (1873). XIX. m.an, industria metalurgikoa berriro hazi zen. Bigarren Mundu-Gerran alemaniarren menpe egon zen, 1944an alde egin zuten arte.




Atzera