Bergara

Gipuzkoako udalerria, Deba ibaiaren ertzean (Deba Garaia); 15.548 bizt. (bergararrak). I-an Eibar eta Soraluze, E-an Azkoitia eta Antzuola, H-an Oņati eta Arrasate eta M-an Elorrio eta Elgeta ditu mugakide. Mendiz inguratuta dago. Udalerriko ekonomi jarduera nagusiak, abeltzaintza (esnea, haragia) eta nekazaritzaren (barazkiak) gainetik, industria (ehungintza, metalurgia, makineria) eta merkataritza dira. Lanean ari den populazioaren herenak zerbitzu-sektorean dihardu eta ia beste bi herenek industrian. Industriaren garapenaren eraginez XX. mendearen erditik aurrera populazioak gora egin zuen, baina 1980.eko hamarkadan behera egin zuen: 1900ean 6.196 biztanle zituen, 1975ean 15.993 eta 1991n 15.548. Historia. Orain 4.000-5.000 urteko aztarna arkeologiko garrantzitsuak aurkitu dira Udala-Intxorta eta Elosua-Soraluzeko aztarnategietan, tumuluak eta trikuharriak batik bat. Bergarari buruzko lehen datu idatziak 1050ekoak dira. Elosun XIII. mendearen hasieran gaztelu bat zegoen eta 1286an Alfontso X.ak hiribildu bat sortu zuen bertan "Villanueva" izenaz. Bost urte geroago jadanik Bergara izenaz aipatuta agertzen da. 1348an ordura arte Elgetaren menpe zegoen Oxirondo herria uztartu zitzaion eta 1391n Uzarraga herria (gaur egun Antzuolako auzoa da). XIV. eta XV. mendeetan Bergara eta Elgeta artean liskar larriak izan ziren eta elkarren kontra borrokatu ziren 1346 eta 1446an, bietan bergararrak garaile izan zirelarik. Azkoitiarekin ere muga-arazoak izan zituen. 1490ean Bergarako lehen udal-ordenantzak onartu zituzten Errege-Erregina Katolikoek, ordura arte bertako jauntxo nagusiak ziren Ozaeta eta Gabiria familien arteko gatazkari amaiera emateko asmoz. 1629an Uzarraga bereizi egin zen eta geroxeago Oxirondo ere bereizten saiatu zen, baina ez zuen lortu. 1769an, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eskaturik, Erret Mintegia sortzea onartu zuen Karlos III.a erregeak eta Bergaran kokatu zen. 1783an bertako laboratorioan Joan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek elementu kimiko bat lehen aldiz identifikatu eta isolatu zuten: wolframioa. Lehen Karlistada piztu zenean Bergarak liberalen alde egin zuen. Karlistek 1834an eraso zioten eta 1835ean Tomas Zumalakarregi jeneral karlistak hartu zuen. 1839ko abuztuaren 31n Lehen Karlistadari amaia eman zion Maroto (karlista) eta Espartero (liberala) jeneralen arteko hitzarmena eta besarkada famatua Bergaran gertatu ziren. Artea. Ariznoako San Pedro eliza, ustez, herria bera baino zaharragoko erlijio-gunea da. Berritze-lanak 1521ean hasi ziren estilo gotikoaren arabera, baina urte gutxitara estiloa guztiz aldatu eta joera errenazentista nagusitu zen. Eliz ataria 1645ean eta dorre barrokoa 1742an eraiki ziren. Absidea eta ganga batzuk gotikoak dira; gainerako gangak errenazentistak. Aldare nagusiko erretaula eta Ama Birjinaren triptikoa XVI. mendekoak dira. Ama Birjinaren taulak arte flandestarraren, Borgoinarraren eta italiarraren ezaugarriak ditu eta, ustez, oparia da. Oxirondoko Santa Marina elizaren jatorrizko eraikina Erdi Arokoa zen; ustez tenplarioena izana. Berreraikuntza-lanak 1542an hasi ziren. Egungo elizak oinplano angeluzuzena eta altuera eta zabalera berdineko hiru nabe ditu; gangak ere XVI. mendekoak dira. Korua barrokoa da eta kanpandorrea neoklasikoa. Erretaula barrokoa, churriguereskoa da eta Van Dyck pintore flandestarrak eginiko Santa Marinaren olio-pinturak ditu. Udaletxea barrokoa da, XVII. mendearen amaierakoa. Hiru solairu ditu eta behekoan arkupea. XVIII. mendean beste atal bat erantsi eta jatorrizko egituran aldaketa gutxi batzuk egin ziren. Fatxadan idazki-pare bat du eta garaiko herriaren neurriak aterpearen pilareetan grabaturik daude. Jauregi etxea XV. mendean eraiki zen. Baxuerliebez eginiko dekorazioak ia etxaurre guztia hartzen du. Berrikuntza ugari izan ditu, batik bat XIX. mendean. Hauetako bat bertan agertzen diren ehiza-eszenak dira; konposizio germaniar baten kopia gotikoa dela dirudi. Monumentu izendatuta dago. Udalerriko beste zenbait etxe eta jauregi ere monumentu izendatuta daude: Arostegi, Irizar, Ozaeta, Irala, Moiua, etab.



Atzera