Dominikar Errepublika

(República Dominicana). Antilletako estatua, Hispaniola uharteko E-an. M-an Haiti dago. Mendebaldea menditsua da eta E-an ordeka eta muinoak daude. Klima tropikala du. Populazio-dentsitatea ez da handia. Azukre-kanabera da ekonomiaren oinarria. Meatzaritzak (bauxita, zilarra, nikela eta urrea) ere badu garrantzia. Turismoak gorantz jo du.

Historia. 1492: Kolonek Hispaniola uhartea aurkitu zuen. Espainolen kolonizazioaren ondorioz jatorrizko populazioa desagertu egin zen. 1679: uhartearen mendebaldea frantsesen esku gelditu zen. 1795: kolonia espainola frantsesek eskuratu zuten Basileako itunaren bidez. 1809: dominikarrek frantsesak egotzi egin zituzten. 1822-44: haitiarrek Hispaniolako ekialdea konkistatu zuten eta uhartea Haitiko agintarien esku gelditu zen. 1844: dominikarrak matxinatu eta haitiarrak egotzi zituzten. Dominikar Errepublika aldarrikatu zen, baina haitiarren kontrako gerra ez zen bukatu. 1860: agintari mulatoek deituta, Espainiak uhartea okupatu zuen. 1865: espainolek uhartea suntsitu eta alde egin zuten. 1865-1916: kaosa, gatazkak eta nahasmendua nagusitu ziren. 1916-24: EEBBek militarki okupatu zuten errepublika. Egonkortasun politikoak ekonomiaren hazkundea eta bizi-baldintzak hobetzea ekarri zituen. 1930-61: Rafael Leónidas Trujillok diktadura ezarri zuen. Bere familia errepublikaren jabe egin eta izugarrizko aberastasunak pilatu zituen. 1961: Trujillo hil egin zuten. 1962: hauteskundeak Juan Bosch-ek irabazi zituen eta erreformak bideratzen saiatu zen. 1963: militarrek estatu-kolpe atzerakoia jo zuten. 1965: ofizial gazte demokratek estatu-kolpea eman eta Bosch-en itzulera eskatu zuten. Gerra zibila piztu zen eta EEBBek armada bidali zuten. 1966-78: Joaquín Balaguer-ek botereari eutsi zion militarren laguntzaz. 1978-82: Antonio Guzmán Fernández lehendakari aukeratu zuten. 1982: Jorge Blancok hartu zuen lehendakaritza. 1986-96: Balaguerrek boterea berreskuratu zuen. 1996: Leonel Fernandezek ordezkatu zuen.




Atzera