Elgoibar
Gipuzkoako udalerria (Deba Beherea); 11.593 bizt. (elgoibartarrak). Deba ibaiaren ertzean. I-an Markina-Etxebarri eta Mendaro, E-an Azkoitia, H-an Bergara eta Soraluze, eta M-an Eibar ditu mugakide. Industria da jarduera ekonomiko nagusia: metalurgia, erremintagintza eta ibilgailuentzako piezen fabrikazioa. Basogintza eta abeltzaintza (behiak eta ardiak) bigarren mailako jarduerak dira. Garai bateko Altzolako bainuetxean egun ur minerala ontziratzen da. Lanean ari den populazioaren ia bi heren bigarren sektorean dabiltza, eta herena baino gehixeago hirugarrenean. Populazioa batez ere XX. mendearen bigarren erdiaz geroztik ugaritu egin bazen ere, 1980.eko hamarkadan beherantz hasi zen: 1950ean 6.913 biztanle ziren, 1970ean 13.459, 1981ean 13.738 eta 1991n 11.593. Historia. Erdi Aroko agirietan azaltzen denez, orain Elgoibar dagoen bailarak "Marquina de Yuso" izena zuen. Bertako biztanleak sakabanaturik bizi ziren eta lapur eta gaizkileengandik babestearren, erregeari hiribildu bat sortzeko eskaria egin zioten. 1346an Alfontso XI.a Gaztelako erregeak "Villamayor de Marquina" izenaz hiribildu bat sortzeko baimena eta Logroņoko Forua eman zizkien. XV. mendean hasierako izena aldatu zitzaion, eraikuntzak Elgoibar izeneko tokian egin baitziren (San Bartolome Olasoko monasterioaren lurretan). Hiriko armarria Errege-Erregina Katolikoek eman zioten 1498an. XV. mendean hiribilduaren eta inguruko burdinolen artean arazoak izan ziren, hauek herri-basoetako zura hartzen zutela eta. Mende horretan eta ondorengoetan izan zuen auzirik Deba eta Mutrikurekin ere, zenbait auzo eta lurren jabegoa zela eta. 1560an sute handi batek ia herri osoa suntsitu zuen eta 1617an beste sute batek herria errautsi egin zuen. 1751n udal-ordenantzak idatzi eta 1773an Errege-Kontseiluak onartu egin zituen. Konbentzio-gerran (1794-95) frantsesek herrira sartu, lapurretak egin eta hainbat etxe erre zituzten. Artea. San Bartolome eliza XVII. mendekoa da. Gurutze latindarreko oinplanoa, kupulan gurutzadura eta erretaula neoklasikoa ditu. Horma-ertzen eta kontrahormen eraikuntzan harlandua erabili zen. Fatxadaren erdian dorre barrokoa dago eta alde banatara arkupea. San Lorentzo ermita eraikuntza apala eta estiloz tradizionala da. Hormetan ustez XV. mendekoak diren pintura batzuen aztarnak aurkitu dira. Santuaren imajina bat dago bertan. Elgoibarko hilerrirako sarrera jatorriz eliza izandako San Bartolome Olasokoaren portada da. Portada gotiko hau ia osorik gorde da. Erdi-erdian, mainel baten gainean, Andre Mariaren imajina dago apostoluenak alboetan dituela; arkiboltetan eskulturak daude sakabanatuta. Idazki batean Martin Santxok 1459an egina dela ikus daiteke. Hilerriko sarrera hau monumentu izendatuta dago. Elgoibarko udaletxea eraikuntza barrokoa da, 1724-37 bitartean eraikia. Harlanduzko fatxada, bi solairu, eta buruan armarriak biltzen dituen frontoia ditu. Beheko solairuak erdi-puntuko bost arkuz osatutako arkupea du; solairu nagusian burdina landuzko balkoiak daude. Monumentu izendatuta dago. Altzola dorretxea XVI. mendeko hiri-jauregia da; ezaugarri bitxiak ditu: arku zorrotzak eta konopialak, balkoi korritua, etab. Ertzetako atezain-gelak, ate nagusia eta harrizko teilategala aipagarriak dira. Monumentu izendatuta dago.
Atzera