Errusia

(Rossiskaia Federatsia). Munduko estaturik handiena, Europako E-an eta Asiako I-an. Mugak: I-an Ozeano Artikoa; M-an Norvegia, Finlandia, Estonia, Letonia, Bielorrusia, Ukraina, Itsaso Beltza, Georgia eta Azerbaijan; H-an Kazakhstan, Mongolia, Txina eta Ipar Korea; E-an Ozeano Barea.
Geografia. Erliebea. Erliebe desberdinak badaude ere, oro har, lautada nagusitzen da. Ural mendietatik M-ra, Volga eta Dvina ibaien artean, mendi ertainez (~300 m) inguratutako lautada dago. Uraletatik E-ra Siberia dago; Uralen eta Jenisei ibaiaren artean Siberiako mendebaleko lautada handiak eta meseta behereak daude eta Jenisei eta Lena ibaien artean Siberiako erdialdeko meseta dago (500-800 m bitarteko mendiak). Siberiako ekialdea eta hegoekialdea da Errusiako lurralderik menditsuena; Lena ibaitik Bering itsasora bitartean I-tik M-ra orientatutako mendikatea nagusiak daude, hala nola, Verkhoiansk, Txerski eta Kolima; Siberiako HE-an daude beste mendikatea nagusiak: Stanovoi, Jablonovi eta Saian. Errusiako beste mendi garrantzitsuak Uralak eta Kaukaso dira. Uralak Siberiatik M-ra daude, I-tik M-ra orientatuta; erdialdean mendi apalak daude (~500 m) eta I-an dago mendirik altuena (Narodnaia, 1.895 m). Kaukaso mendikatea Errusia eta Georgia eta Azerbaijanen arteko muga da; IM-tik HE-ra orientatuta daude eta mendi altuak daude (Elbrus, 5.692 m; Kazbek, 5.033 m).
Klima. Errusiako I-ko eskualdeetan lurzorua izoztuta egoten da ia urte osoan zehar eta tundra da paisaje nagusia. Siberiako parte handi batek, klima subartikoa du eta konifero-basoak eta estepa dira nagusi. Siberiako hegoaldeak eta hegoekialdeak, aldiz, klima kontinentalagoa du; neguak hotzak baina udak I-an baino epelagoak dira. HE-an basoak nagusitzen dira eta neguko izotzak urtzen direnean urez betetzen dira. Errusiako M-ko klima kontinentala da, hotza neguan eta epela udan. Errusiako E-ko kostaldean, euri asko egiten du eta hezetasun handia dago.
Hidrografia. Ibai nagusiak siberiar sistemakoak dira; Mongoliako mendietan edo Siberiako E-ko mendikateetan sortu eta Ozeano Artikora isurtzen dira, hala nola, Ipar Dvina, Obi, Jenisei eta Lema. Ibai hauek, urtzaldia dela eta, uholde handiak eragiten dituzte udaberrian. Beste ibai nagusiak Baltikora (Mendebaldeko Dvina), Kaspiar itsasora (Volga) eta Azov-eko itsasora isuriz (Don), mediterranear isurialdekoak dira. Errusiako aintzira nagusiak IM-ko Ladoga eta Onega eta, batez ere, HE-ko Baikal dira; berau munduko sakonena da (1.741 m).
Kostaldea. Ozeano Artikoko kostaldea beherea eta zingiratsua da; bertan daude Itsaso Zuria, Karako itsasoa, Ekialdeko Siberiako itsasoa, Barents, Laptev eta Txuktxien itsasoak. Uharte eta artxipelagoak ere badaude; bertan daude, besteak beste, Siberia Berria uharteak eta Frantzisko Jose lurraldea. Ozeano Bareko kostaldea Kamtxatka penintsula eta Bering eta Okhotskeko itsasoari dagokio; bertan daude Kurila eta Sakhalin uharteak. Gainerako kostaldea, Baltikoari, Itsaso Beltza eta Kaspiar itsasoari dagokie.
Populazioa. Errusiako populazioaren banaketa ez da uniformea. Errusiako mendebaldea, Uraletatik M-ra, oso lurralde populatua da; bertan daude hiriburua (Mosku) eta beste hainbat hiri garrantzitsu (San Petersburg, Volgograd). Siberiak, Ural mendietatik E-ra, klima gogorra medio oso dentsitate txikia du.
Ekonomia. Ekonomiaz hitz egiterakoan ere bitan banatzen da Errusia; batetik, Uraletatik M-rakoa eta bestetik, Siberia. Errusiaren M-an industria da jarduera nagusia, baina nekazaritzak ere badu garrantzia. Halere I-ko eta H-ko laborantza desberdina da. I-an, populazio txikia dago eta herri txikitan banatuta bizi dira; patata, egoskariak, abeltzaintza eta hauekin batera basogintzak eta meatzaritza (burdina, metal ez-burdinazkoak, apatitoa, Vorkutako ikatzak eta Petxorako hidrokarburoak) dira jarduera nagusiak. H-an nekazaritzak garrantzi handiagoa du, klima-baldintzak hobeak baitira; laborantza intentsiboan oinarritutako nekazaritza (zerealak, azukre-erremolatxa, ekilorea) eta beronen inguruko elikagai-industria dira nagusi. Rostov da HM-ko industrigune eta merkataritza-gunea. M-ko erdialdea industrigunea da, batik bat; San Petersburg-Mosku-Volgograd inguruan kokatzen da industria nagusia (eraikuntza mekanikoak, siderurgia, ehungintza, industria kimikoa).
Siberia osoan zorupeko baliabide naturalek dute garrantzia: ikatza, petrolioa, gas naturala, mineralak (urrea, diamantea, burdina, zinka, kobrea). I-ko basogintza eta abeltzaintza (elur-oreina) ere jarduera nagusi dira. Industria, baliabide natural hauen eta Transiberiar trenbidearen zein zentral hidroelektrikoen inguruan garatu da. Nekazaritza oso mugatua dago Siberian, klima oso latza baita; HM-ko estepetan garatu da batik bat. Siberiako E-ko kostaldean, arrantza eta beronen inguruko kontserba-industria dira jarduera nagusiak.
Historia. K.a I. milurtekoan E-ko eslaviarrak gaur egungo Errusiako erdialdean kokatu ziren. Hunoen inperioa desagertu ondoren (K.o. V. m.) HE-ra abiatu ziren, Itsaso Beltzerantz. Bertan, beste zibilizazio aurreratuagoen berri izan zuten eszitiar eta sarmaziarren bidez. VIII. eta IX. m.etan: normandiarrak eta baregoak ezarri ziren Dnieper eta Volgaren eskualdeetan. Baregoek sortu zuten lehen dinastia: ruriktarrak. 882: Novgorod-eko Oleg printzeak, Rurik dinastiakoak, Kiev-era joan eta Kiev-eko estatua sortu zuen; lehen errusiar estatua izan zen. Bizantziarrekin harremanak izan zituzten eta hauen bidez kristautasuna sartu zen. 989: Vladimir I.ak (~980-1015) Errusia kristautu egin zuen. Elizak bultzatuta, E-ko eslaviarren batasuna gauzatu egin zen eta Kiev-eko printzearen menpera pasatu ziren. 1019-54: Jaroslav Jakitunaren agintaldia Kiev-eko estatuaren loraldia izan zen. XI. m.an herri nomadek (petxenegoek hasieran eta kumaniarrek gero), Kiev-eko estatuari eraso zioten. Ondorioz, eta eskualdeetako printzeen arteko borrokak zirela eta, Kiev-eko estatua puskatu egin zen. Erasoen beldur, populazioaren zati batek M-ra, Galitzia eta Voliniara, edo IE-ra migratu zuen. 1169: Kiev utzita, Vladimir-era aldatu zuten hbrua. Vsievolod Handiak (1176-1212) Vladimirko Printze Handia titulua hartu zuen. Vladimir-Suzdalgo printzerria bigarren estatu errusiarra izan zen.
1238-40: mongolek lurraldea konkistatu zuten, M-ko Novgorod, Pskov eta Smolensk hiriak izan ezik, baina suediarren eta ordena militar germaniarren erasoak jasan behar izan zituzten. 1242: Alexandro Nevskik zaldun teutonikoak garaitu zituen Peipus aintzirako guduan. Bitartean, Errusiako erdialdeak mongolen menpe iraun zuen zenbait mendez. Urrezko Hordak protektoratua ezarri zien printzerri errusiarrei. XIII. m.aren erdialdean Polotsk eta Pripiet-eko eskualdea Lituaniako Dukerri Handiari batu zitzaizkion. XIV. m.an Dukerriaren lurraldea Baltikotik Itsaso Beltzeraino hedatuta zegoen. Galitzia poloniarren menpera pasa zen. XIV. m.tik aurrera hasi ziren bielorrusiarrak, ukrainarrak (edo errusiar txikiak) eta IE-ko errusiar handiak talde gisa desberdintzen. XIV. m.: Moskuko printzerriak gainerako printzerri errusiarrei nagusitu zitzaien. Dimitri Donskoi (1362-89) nagusitasuna finkatu eta mongolak garaitu zituen Kulikovoko guduan (1380), baina mongolek berehala menperatu zituzten berriro. 1425-62: Vasili II.ak Errusiako eliza Erromako elizarekin batzerik ez zuen onartu (1439). Errusiako eliza Konstantinoplako elizatik bereizi egin zen 1453tik aurrera. Ivan III.ak (1462-1505) Novgorod eta Tver menperatu zituen. Errusiar lurraldeak batzeari ekin zion eta Urrezko Hordaren nagusitasuna deuseztatu zuen. Estatu zentralizatu boteretsua eratu zuen, administrazio- eta justizi sistema bakarraz. Vasili III.ak Pskov, Smolensk eta Riazan bereganatu zituen. Ivan IV.ak (1533-84) tsar titulua hartu zuen. Tatariar musulmanen aurka borrokatu zen. Kazan eta Astrakhan konkistatu eta Siberiarantz hedatu zuen bere lurraldea. 1598: Fedor I.a hildakoan ruriktarren dinastia agortu egin zen. 1598-1605: Boris Godunov-en erregealdian Errusiak krisi ekonomiko sakona jasan zuen. 1605-13: krisi ekonomiko eta politikoa batera izan ziren; suediar eta poloniarrak Errusian esku hartzen hasi ziren.
1613: moskutarrek poloniarrak egotzi eta Migel Fedorovitx Romanov tsar hautatu zuten (1613-45), Romanov dinastiari hasiera emanez. 1645-76: Alexis Mikhailovitxen erregealdian Errusiak Ukrainaren ekialdea anexionatu zuen (1564), baina horrek Polonia eta Errusiaren arteko gerra eragin zuen (1564-67). Halaber, E-an Ozeno Bareraino iritsi ziren errusiarrak eta Amur ibaiaren harana ere konkistatu zuten. XV. m.tik aurrera joputza-erregimena garatuz eta indartuz joan zen. Azkenik, 1649ko kodeak joputza instituzio bihurtu zuen. Errusiaren erdialdeko laborari jopu askok Siberiara, Uraletara eta Itsaso Zuriaren ertzera alde egin zuen, nekazari libre bilakaturik. Merkatari eta artisau txikiei beren burguetatik alde egitea debekatu zien 1649ko kodeak. Bitartean, merkatari handien klase berria sortuz joan zen. Egoera horrek nekazari eta hiritarren altxamendu ugari eragin zuen XVII. m.an. 1682-1725: Pedro Handiak, errusiar inperioaren sortzaileak, Errusia modernizatzeari ekin zion. Armada berrantolatu eta Iparraldeko gerra (1700-21) amaitu zenean Baltikorako irteera lortu zuen. Bertan hiriburu berria, San Petersburg, eraikitzea agindu zuen. Instituzioak aldatu eta eskolak sortu zituen. 1721ean Errusiako enperadore aldarrikatu zuen bere burua. Haren ondorengoak, Katalina I.a (1725-27), Pedro II.a (1727-30) eta Ana Ivanovna (1730-40) izan ziren. Isabel Petrovnaren agintaldian (1741-62), errusiar armadak Berlin hartu zuen (1760) Zazpi Urteko gerran. Bitartean, frantses eragina areagotu egin zen. Pedro III.ak (1762) errusiarrek Prusiari bereganatutako lurraldeak itzuli zizkion Federiko III.ari. Pedro III.a hil egin zuten eta Katalina II.ak (1762-96) ordezkatu zuen. Honek inperioa hedatzeari ekin zion. Otomandarrei Krimea irabazi zien (1771) eta Itsaso Beltzerako irteera lortu zuen (1774). Ondoren, Poloniaren banaketak zirela eta (1772, 1793, 1795), Bielorrusia, Ukrainaren mendebaldea eta Lituania bereganatu zituen. Bitartean, Pugatxov-en kosakoen altxamendua izan zen (1773-74) nobleziaren pribilegio eta joputzaren aurka.
Paulo I.aren agintaldian (1796-1801), Errusiak Frantses Iraultzaren aurka egin zuen. Alexandro I.ak (1801-25) Georgiaren ekialdea bereganatu zuen (1801) eta 1807an Napoleonekin Tilsiteko bakea sinatu zuen. 1809an Finlandia hartu eta 1812an Errusia inbaditu zuen Napoleonen aurka egin zuen. Napoleon garaitu ondoren, Vienako Kongresuan (1815) Errusiak, Austria eta Prusiarekin batera, Aliantza Saindua sortu zuen. Gainera, Poloniako erresuma (1815), Dagestan, Azerbaijango iparraldea eta Armeniaren ekialdea bereganatu zituen. Nikolas I.aren agintaldian (1825-55), Errusia Europako potentzia nagusietako bat izan zen. Poloniako altxamendua zapaldu (1831) eta Austriari hungariarren altxamendua zapaltzen lagundu zien (1849). Errusia modernizatzen hasi zen, baina Europako gainerako potentzien ondoan oso atzeratuta zegoen. Elkarren aurkako bi korronte agertu ziren: eslavofiloek errusiar zibilizazioaren alde, Balkanak askatzearen alde eta Konstantinopla konkistatzearen alde zeuden; europazaleak Errusia Europako gainerako estatuen pare jartzearen alde zeuden. Nikolas I.ak otomandarren aurka egin zuenean, Frantzia eta Ingalaterra aurka izan zituen Krimeako gerran (1854-56). Alexandro II.aren agintaldian (1855-81), Errusiak bere lurraldea hedatu egin zuen Asiako erdialdean eta Siberiako E-an. Joputza abolitu eta gizarte-erreformak egin ziren. Kapitalismoa garatzen eta industrializazioa azkartzen hasi zen. Langile-klasea indartzearekin batera mugimendu iraultzaileak agertu ziren. 1881ean Alexandro II.a bonba batez hil zuten. 1881-94: Alexandro III.ak inperioa errusiartzeari ekin zion. Garapen ekonomiko eta industrialak abiada bizia hartu zuen. Hala ere, 1897an populazioaren % 87 nekazaritza-girokoa zen: lurjabe handiak, nekazari aberatsak (kulak izenekoak) eta nekazari pobreak. Alemania eta Austriarekin egindako aliantza desegin egin zen eta 1893an aliantza franko-errusiarra sinatu zen.
1894-1917: Nikolas II.aren agintaldian Errusiako Langile-Alderdi Sozialdemokrata sortu zen (1898). Errusia eta Japoniaren arteko gerra (1904-05) oso kaltegarria izan zen Errusiarentzat. Gerra eta krisi ekonomikoaren ondorioz, greba eta altxamendu ugari izan zen (1905). Ondorioz, Nikolas II.ak sufragio unibertsalez hautatutako duma bat eta askatasunak agindu behar izan zituen. Industriguneetan langile-altxamenduak izan ziren. 1907: hauteskunde-legea aldatu egin zen, jauntxoen onerako. Mugimendu iraultzailea hedatuz joan zen. Errusiak, Britainia Handiak eta Frantziak bat egin eta Entente Hirukoitza sortu zuten. Lehen Mundu-Gerran austro-alemaniar armadak Polonia, Lituania eta Galitzia inbaditu zituen (1915). Nikolas II.a bera jarri zen armadaren buru, baina soldadu asko hil zen gerran. 1917: Petrogradeko langileen manifestazioek tsar-aren erregimena bota egin zuten. Nikolas II.ak martxoan abdikatu egin behar izan zuen (Ik. Errusiako iraultzak.). Urrian boltxebikeek, Lenin buru zutela, martxoan sortutako behin-behineko gobernua bota eta sobieten gobernua ezarri zuten. 1918: Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboa sortu zen. Europako potentziek Brest-Litovsk-eko bake-itunean (1918) ezarritako baldintza gogorrak onartu behar izan zituen Errusiak. 1918-20: boltxebikeek Errusiaren erdialdea eta beste zenbait gune baino ez zuten beren menpe. Ukraina eta Kaukason, tsar-ak abdikatu ondorengo gobernuek ez zuten boltxebikeen agintea onartu. Gerra zibila lehertu zen. Koltxak almiranteak Siberia eta Uralak bere menpe zituen. Judenitx jeneralak, aliatuen laguntzaz, gobernu demokratikoa aldarrikatu zuen Baltikoko lurraldeetan. Ukrainan (Wrangel jeneralaz), Krimean (Denikin jeneralaz) eta Kaukason ere boltxebikeen aurkako armada "zuriak" antolatu ziren eta 1919an Moskurantz abiatu ziren. Baina boltxebikeek eratutako armada gorriak gerarazi egin zituen eta pixkanaka lurralde osoa bereganatu zuen. 1918-20 bitartean, gosea, biolentzia politikoa eta gerra zirela eta, 8 milioi pertsona hil ziren Errusian eta ekonomia lur jota geratu zen. 1922an Errusia, Transkaukasia, Ukraina eta Bielorrusiako errepublikekin federatu zen eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) sortu zuten.
1991: SESB desagertuta, Errusia estatu independente bilakatu zen. Urte berean Estatu Independenteen Elkartea sortu zuten errepubliketako bat izan zen. Boris Jeltsin lehendakariak, Errusia merkatu-ekonomiara aldatzearren, erreforma-sorta bat abiarazi zuen. Bitartean, Errusia krisi ekonomiko eta politiko sakonean murgildu zen. 1992: Errusiar Federazioko errepublikek (Tatarstan eta Txetxeno-Ingushetiak izan ezik) Itun Federala sinatu zuten. Herri-Diputatuen Kongresuaren eta lehendakariaren arteko gatazka areagotu egin zen. 1993: errusiarrek, erreferendumez, Boris Jeltsinen erreformak onartu zituzten. 1994: Txetxeniako independentzizaleak jazartzera bidali zuen armada. 1996: Boris Jeltsin lehendakaritzarako hautatu zuten berriro.
Errusiako iraultzak.




Atzera