Esteribar

Nafarroako udalerria (Zangozako mer.); 1.475 bizt. (esteribartarrak). Argak I-tik H-ra zeharkatzen du. Agorreta, Akerreta, Antxoritz, Arleta, Errea, Eugi, Ezkirotz, Gendulain, Idoi, Ilarratz, Ilurdotz, Inbuluzketa, Iragi, Irotz, Irure, Larrasoa-a, Leranotz, Olloki, Osteritz, Saigots, Sarasibar, Setoain, Urdaiz, Urtasun, Usetxi, Zabaldika, Zubiri (hbru.) eta Zuriain herriek osatzen dute. Industria: mineral ez-metalikoen erauzketa, zurgintza, kautxu-eraldaketa eta eraikuntza. Administrazio-gunea da. Larreak eta basoak (pinua, pagoa). Urtegia du Eugin.
Historia. Idatzizko agiri zaharrenak 1006koak dira, eta "Ezteribar"-eko (izen hau agertzen da) Liberri monasterioa Leireri emateaz mintzo dira. Aro Modernoan ibarreko herri bakoitzak bere erregidorea izendatzen zuen. Eta erregidoreek bailara osorako gobernurako diputatuak. Horrela iraun zuen 1835-45eko udal-erreforma etorri arte; orduan Esteribar udalerri bilakatu zen.
Artea. Inbuluzketako San Martin eliza XIII. m.koa da. Hala ere XVI. eta XVII. m.etan berrikuntzak egin zitzaizkion, eta ordutikoa du gaurko itxura. Bost zatitan banatutako nabe bakarra, burualde poligonala eta erretaula erromanista ditu (XVII. m.ko lehen erdikoa). Irureko eliza ere XIII. m.kotzat jotzen da. Geroztik izan dituen berrikuntzen adierazle diren dekorazio-elementuak ditu (XVI. m.ko erretaulak). Dorre karratua du zutik dirauen zatirik zaharrena.
Arletan hilarri biribilak eta galtzada zahar baten aztarnak daude. Bestalde, Erdi Aroko hainbat jauregi daude udalerri osoan.




Atzera