Lizarra
Nafarroako udalerria, izen bereko merindadean, Egaren ertzean; 12.741 bizt. (lizarratarrak). I-an Allin eta Deierri, E-an Deierri eta Bilatorta, H-an Aberin eta M-an Aiegi eta Allin ditu mugakide. Industria (elektromekanikoa, larrukiak, kautxua, eraikuntza-gaiak, inprimategiak), eraikuntza eta zerbitzuak (merkataritza, administrazioa, irakaskuntza, ostalaritza) dira jarduera nagusiak; inguruko herrietako jende ugari biltzen dute bertako lantokiek. Lanean ari diren lizarratarrak bigarren eta hirugarren sektorean erdi bana dabiltza gutxi gorabehera; % 3ra ez dira heltzen lehenengoan dihardutenak. populazioak etengabe egin du gora XX. m.an; 1930ean 5.972 biztanle ziren, 1960an 8.286 eta 1991n 12.741. Historia. Brontze-Aroko eta erromatarren garaiko aztarnak aurkitu dira udalerrian. Logroņo-Iruņea galtzada erromatarra bertatik igarotzen zen. Lizarrari buruzko idatzizko aipamenik zaharrena 1024koa da, Iratxeko monasterioari dohaintzan eman zitzaionekoa. Herria 1090ean sortu zela uste da (Ruako San Pedro); Santiago-bidea Lizarrara desbideratu nahi zuen Antso Ramirezek eta hango herritar frankoen guneari Jacako forua eman zion. Gerora, hiri-gutunak aldaketak izan zituen; Iruņekotik eta Jacakotik bereizi egin eta Lizarrako Foru propio bilakatu zen: herri askori ezarri zitzaion foru hori XII. m.an hasita. 1090az geroztik Santiago-bideko erromesek bertan zuten geraleku garrantzitsua. Ostatu eta ospitaleak eraiki eta erromesen eta Lizarraldeko herrixketako biztanleen inguruko merkataritza galanki indartu ziren; auzo eta parrokia berriak agertu ziren XII. m.an, gehienak Antso VI.a Jakintsuak fundatuak. Auzo desberdinak ziren, biztanlez (bertakoak, frankoak eta juduak), antolakuntzaz nahiz ekonomi jardueraz eta hasieran harresi banatan bildurik zeuden, harik eta Teobaldo II.ak, 1266an, denak lege eta gobernu beraren mendean ipini zituen arte. XIII. m.rako egituratua zegoen hiria, aberatsa zen (batez ere auzo judua) eta bazituen zenbait pribilegio (Gaztelan eta Aragoin merkataritzarako askatasuna, esaterako). Nafarroako hiri nagusietako bat zen orduan. XIV. m.an gainbehera etorri zen, izurriteek kalte handia ekarri zietelako populazioari eta ekonomiari. Horrez gain, 1328an Nafarroa osoan egin zen juduen sarraskia oso larria izan zen, antza, Lizarrako auzo juduan. Nafarroak Gaztelarekin izandako gerrak ere galerak eragin zituen, Lizarrak Enrike II.aren setioari eutsi bazion ere (1378). Hori zela eta, Karlos II.ak hainbat zerga ordaintzetik salbuetsi zituen merkatari lizarratarrak (1379). XV. m.ko gerra zibilean agramondarren alde azaldu zen Lizarra eta Bianako printzeak zerga asko barkatu zizkion gerraren hondamendiari aurre egitearren (1456). 1475ean uholdeek jipoi handia eman zioten herriko zatirik aberatsenari eta jende askok kanpora jo egin behar izan zuen. 1512an, Gaztelak Nafarroa konkistatzean galdu zuen Lizarrak garrantzi politikoa. Independentzi gerran, 1809-13 bitartean tropa frantsesek hartu zuten. Lehen Karlistadan leku garrantzitsua izan zen oso: 1835az geroztik karlisten esku egon zen, 1838an liberalek hartu zuten arte. Bigarren Karlistadan ere karlisten gune garrantzitsua zen 1873az gero eta, horregatik, liberalen helburu nagusi. Liberalek lehen eraso handian (Abartzuzako bataila) lortu ez bazuten ere, Jurramendi beretzean (1876) Lizarrak babesa galdu zuen eta bertan sartu ziren biharamunean. 1931n Hego Euskal Herriko udalek euskal autonomi proiektua onartu zuten Lizarran egindako biltzarrean (ik. estatutu). Artea. San Migel eliza XII. m.koa da, erromaniko berantiarrekoa. Burualdeko erdiko absidearen azpian kripta bat dago, zoruaren aldapa berdintzearren eraikia. Burualdean, jatorrizko esfera-laurdeneko gangak iraun du; nabeetan, berriz, estilo zistertarrez apainduriko zutabeek. Portada nagusia, erromaniko berantiarrekoa, hornidura aberatsekoa da oso; erdi-puntuko bost arkibolta ditu. Barnean, aipagarriak dira erretaulak (gotikoa, erromanista, barrokoa, etab.) eta zilarreria. Monumentu izendatua dago. Ruako San Pedro eliza XII-XIII. m.etako eraikina da. Zatirik zaharrena, burualdea, erromaniko berantiarrekoa da eta nabeak estilo zistertarrekoak. Klaustro erromanikoaren zati batzuek ere iraun dute. Berritze-lan handia egin zitzaion XIV. m.an gangetan, kapitel eta mentsulen dekorazioan eta leihateetan, estilo gotikoari jarraikiz. Kanpoaldean, aipatzekoa du dorrea, gotorleku-itxurako egitura prismatikokoa, erdiko zatia XIV. m.koa eta adreiluzko kanpandorre barrokoa duena. XII. m.ko portada du, arku zorrotzekoa, txaranbeldua eta zortzi arkibolta dituena; apaindurian estilo zistertarraren eta arte islamdarraren eragina nabari da. Monumentu izendatua dago. Santa Maria Jus eliza ere XII. m.ko eraikina da; burualde erromanikoa du, esfera-laurdeneko gangaz estalia, eta gurutze-ganga zistertarra. Fatxada, aldiz, barrokoa da (XVIII. m.) eta erretaula nagusia errenazentista. Monumentu izendatua dago. Hilobi Sainduaren eliza XII. m.koa da eta jatorrizko eraikinarena du abside erdizirkularra eta estilo zistertarreko nabea, egun aparteko eliza moduan dagoena. XIV. m.an estilo gotikoan berritu zen eliza: abside nagusi pentagonala, ezkerraldeko absidea eta eskultura ugariko fatxadak. Portada arku zorrotzekoa eta txaranbeldua da, eta hamabi arkibolta ditu; dena den, zenbait elementu erromaniko ere mantendu du. Monumentu izendatua dago. Arkitektura zibilean ere bada eraikin ugari; hala nola, Nafarroako errege-erreginen jauregia, Nafarroako eraikin zibil erromaniko bakarra. Inpostaz loturiko bi fatxada erromaniko ditu. Frai Diego Lizarrakoaren jauregi errenazentistak (1565) estilo horretako apainduriak ditu ate nagusian, fatxadan eta klaustroan; azkenekoan koloma gotikoekin nahasian. Gobernadorearen jauregia 1613koa da; harlanduzko basamentua du eta adreiluzko bi gorputzez osatuta dago. Sarreran ateburua eta hiru armarri ditu.
Atzera