San Joan

Ekainaren 24a, udako solstizioa dela eta hainbat ohitura eta ospakizun egiten diren eguna. • San Joan su. San Joan bezperako gauean (ekainaren 23an) egiten den sua.
San Joan suak, eta egun berarekin lotutako sinesmen eta ohitura asko, kristautasunaren aurreko festekin eta solstizioa gurtzearekin lotuta daude. Euskal Herrian herriz herri sua pizteko gaiak eta moduak aldatu egiten dira. Esaterako, Saran sasiz, adaxkaz eta aurreko urteko pazko-igandean bedeinkatutako erramuz egiten da. Zegaman, zahagi bat pizten da sutan eta gero makila batetik zintzilik mutiko batek herri osoan zehar eramaten du. Gaur egun, herri eta hirietako auzo askotan balio ez duten altzari zahar, egur-puska, kartoi, etab.ez pila bat egin eta su ematen zaio.
San Joan egunarekin lotutako beste ohitura bat, larruazaleko gaixotasunak sendatu edo arintzearren, iturri jakin bateko ura edatea edo haren uraz garbitzea da, edota San Joan eguneko goizean ihintzak bustitako belardi eta soroetan oinutsik ibiltzea. Bestetik, egun horretan santuari eskainitako landareak edo fruituak (lizar-adarrak, artoa, garia, udareak, iratzea, liliak, etab.), etxe atzera eramaten dira edo atarian zintzilikatzen dira (zenbait tokitan, zati bat ekaitza dagoenean erretzeko gordetzeko tradizioa ere gorde dute).
Herri-sinestearen arabera, San Joan bezperako gaua jeinuen gaua ere bada: mendi batzuetan irekitako kutxatxo bat utziz gero, jeinu horiek (mamuak, galtzagorriak, etab.) harrapa omen daitezke. Biharamunean jeinu horiek kutxatxoaren nagusiari bere zerbitzu magikoak eskainiko dizkiote.




Atzera