Ukraina

Europako E-ko estatua, Itsaso Beltzaren I-ko kostaldean. Mugak: I-an Errusia eta Bielorrusia; H-an Itsaso Beltza, Moldavia eta Errumania; E-an Errusia; M-an Polonia, Eslovakia eta Hungaria. Oso lurralde laua da. Lurraldearen hiru laurdenak hartzen dituzten lur beltz emankorrei eta klima aproposari esker, nekazaritzak berebiziko garrantzia du (artoa, garia, azukre-erremolatxa, ekilorea, fruta-arbolak eta mahatsa). Zorupeko baliabideetan joria da: ikatza, burdina, manganesoa, petrolioa, gas naturala, uranioa eta sufrea ustiatzen dira. Baliabide hauen inguruan garatu da industria, astuna zein arina. Kostaldean garrantzi handiko portuak eta ontziolak daude.
Historia. Ukraina izena aski berria da, XIX. m.an hasi zen erabiltzen. Lurralde horretan hainbat estatu izan dira historian zehar. IX.-XIII. m.: Kiev-eko estatua garatu zen eta Europako E-ko politikako eta kulturako gune nagusi bihurtu zen. 1238-40: mongolen inbasioek Kiev-eko estatuaren gainbehera ekarri zuten. XIV. m.: Lituaniak eskuratu zuen gaur egun Ukraina dagoen lurralde gehiena eta Poloniak Galitziako printzerria beretu zuen; dena den, Ukrainako hegoaldeak mongolen menpe iraun zuen. XV-XVI. m.: kosakoak Don eta Dnieper ibaien ertzean finkatu ziren eta, Poloniako erregearen menpe bazeuden ere, denborarekin garrantzi handia hartu zuten. Bestalde, garai horretan Ukrainako ortodoxo eta katolikoen artean gatazkak sortu ziren. 1654: kosakoak poloniarren aurka altxatu ziren eta Khmelnitski atamanak, Moskuren babesa onartu zuen kosakoen lurraldearen autonomiaren truke. 1667: Ukraina erdibitu eta Errusiaren eta Poloniaren artean banatu zuten. 1783: Errusiak Krimea bereganatu zuen eta errusiarren kolonizazioa hasi zen. 1793-95: Poloniaren banaketen ondoren, Ukraina inperio errusiar eta austriarraren menpe gelditu zen. Ukrainan mugimendu nazionalista sortu zen orduan, baina errusiarrek zapaldu egin zuten eta ukraineraz hitz egitea debekatu zuten (1863, 1876). Bitartean, XIX. m.aren lehen erdian, nekazaritza biziki garatu zen. 1917: boltxebikeek errepublika sobietarra aldarrikatu zuten Kharkov-en eta nazionalistek Kiev-en errepublika independentea. 1918-21: borrokak izan ziren poloniarren, Errusiako armada zuriaren, Errusiako armada gorriaren, nazionalisten eta anarkisten artean. 1922: sobietarrak nagusiturik, Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialista aldarrikatu zen eta 1923an Sobietar Batasuna osatu zuen, errepublika federal gisa, Errusia, Bielorrusia eta Transkaukasiarekin batera. 1941-44: naziek hartu zuten eta 1944an armada sobietarrak askatu zuen. 1945: Txekoslovakiak Transkarpatia eman zion. 1954: Krimea eskuratu zuen. 1980ko hamarkadan nazionalismo ukrainarra indartu zen. 1986: Txernobilgo zentral nuklearreko istripua. 1991: independentzia aldarrikatu zuen (abuztuan). Leonid Kravtxuk Errepublikako lehendakari izendatu zuten. Urte berean Estatu Independenteen Elkartean sartu zen. Errusiarekin arazoak izan zituen: Krimearen jabetasunaz eta Itsaso Beltzeko flotaren kontrolaz. 1994: Leonid Kutxma komunista bilakatu zen Errepublikako lehendakari. 1996: moneta berria eta neurri ekonomikoak ezarri ziren; Errusiagandik gero eta askeago, mendebalderantz begira jarri zen. 1997: lankidetza-itunak sinatu zituen Errumania eta Errusiarekin.




Atzera