Urretxu

Gipuzkoako udalerria, Irimoren magalean eta Urolaren ertzean (Goierri); 6.065 bizt. (urretxuarrak). I-an eta E-an Zumarraga, H-an Legazpi eta M-an Antzuola ditu mugakide. Industria (metalurgia, altzairugintza, automobilentzako ordezko piezen fabrikazioa eta elikagai-industria). Halere, bertako askok inguruko hirietan lan egiten dute; lo-hiri bilakatu da. Lanean ari den populazioaren zatirik handiena, ia % 60, bigarren sektoreak hartzen du, eta gainerakoak hirugarrenak; lehen sektoreak ez du garrantzirik. Populazioak gorakada handia izan zuen XX. m.aren bigarren erdian sartuz geroztik (1950ean 2.804 biztanle, 1975ean 6.865), baina mendearen azken laurdenean beheranzko joera hartu zuen (1991n 6.065). Historia. 1383an Gaztelako Joan I.ak Urretxu izeneko lekuan hiribildu bat egiteko baimena eman zuen eta "Villarreal" izena eman zion. Halaber, Gasteizko Forua eman zion. Urte berean, auzoko Zumarragako Santa Marina herria uztartu zitzaion; baita Ezkiogako San Migel herria ere 1385ean. Segura, herri txikiak hartzeko lehentasuna berak zuela eta, elkartze horien kontra agertu zen. Epaileengana jo zuten eta hauek, Zumarraga, Ezkioga eta Urretxuko Villarreal bera ere Segura hiribilduaren menpera biltzea erabaki zuten 1405ean. Urretxuk biztanle gutxi zituela, bertan sesio asko zegoela eta Segura garrantzitsuagoa zela argudiatu zuten horretarako. Beraz, Urretxuri hiribildu-maila kendu eta herri bilakarazi zuten. 1411n Segurarekin egindako hitzarmen baten bidez, berriro lehengo maila eta pribilegio guztiak berreskuratu zituen, baina Zumarraga eta Ezkioga gabe. Zumarragaren eta bien artean, hurbil egoki, auzi ugari izan dira historian zehar: 1534an Zubiberria zubiagatik; 1713an zubiaren konponketagatik; 1776an hainbat zerbitzurengatik; 1862an Azkoititik Urretxurako errepideagatik, etab. 1658an sute batek herriaren zati handi bat erre zuen. 1696an Antzuolarekin batera Irimoko Batasuna eratu zuen Gipuzkoako Batzarretarako ordezkariaren gastuak murriztearren. Batasun horrek 1755 arte iraun zuen. 1727an Batzar Nagusiek aurrerantzean feria guztiak kanpoan ez eta herri edo hirien barnean egin beharko zirela erabaki zutenean, ordura arte Ezkiogako Santa Luzia baselizan egiten zen ganadu-feria famatua Urretxun egiten hasi zen. Geroztik urtero egiten da Urretxun Santa Luzia egunean, abenduaren 13an. Independentzi gerran frantsesek komandantzia bat ezarri zuten Urretxun. San Luisen Ehun Mila Semeak ere Urretxun barrena iragan ziren 1825ean. Artea. Mendiarazko gurutzea (XVI. m.) Urretxu eta Legazpi arteko mugan dago. Harrizkoa da eta harroina, fustea eta kapitel dekoratua ditu; hauen guztien buru gurutzea dauka eta honen alde batean Ama Birjinaren irudia eta bestean, Jesus Gurutziltzatuarena. Monumentu izendatuta dago. Areizaga edo Baroikoa jauregia XVII. m.koa den arren, jatorrizkotik fatxada nagusia baino ez da gorde. Dekorazio xumea du, estilo herreratarraren ondorengoa. Monumentu izendatuta dago. Ipiņarrieta jauregia XVII. m.ko etxe sendo eta trinkoa da. Zati bat, fatxada nagusia eta erdiko atikoa, harlanduzkoa du. Fatxadak apaingarri gutxi ditu; bereizketarako moldurak, ate nagusiaren markoa, armarria (marmol zuriz egina) eta teilategala. Monumentu izendatuta dago. Iparragirre kalean etxe aipagarri asko dago: adibidez, Faktorekoa jauregi errenazentistak (~XVI. m.) fatxada ondo zaindua du eta arkitektura-ezaugarriak ditu dekorazio-atal nagusiak (zutabe, janba, taulamendu, etab.). Galdosenea etxeak (XVI. m.) harlanduzko fatxada du eta ate nagusiaren buruan idazki bat. Udaletxea ere Iparragirre kalean dago, Ipiņarrieta-Korraleko jauregian kokatuta; XVII. m.an estilo herreratarrean eraikia, dekorazio-elementu bakan batzuk baino ez ditu. Ate nagusiaren ataburuan garai hartako herriaren erabilerako atsotitz bat dago. Iparragirre plazan, berriz, Iparragirreren marmolezko monumentua dago, 1890ekoa. Kultur etxea, Aranburu Enea etxean kokatua, XVII. m.koa da jatorriz baina fatxadaren behealdea izan ezik, gainerakoa 1658an egindako eraberritzearen ondorio da. Beheko pisuan fosil, mineral eta abarrez osatutako museoa dago. Zabaleta baserria (Santa Barbara auzoan) XVI. m.ko eraikina da. Fatxada nagusia adreiluzkoa da eta gainerakoak manposteriazkoak. Ezkaratzak bi arku beheratu ditu. San Martin Tourskoaren eliza XIV. m.koa da jatorriz, gotikoa. Zumarragako Antiguaren antzera eraiki zen, baina XVI. m.an Errenazimentuko ezaugarrietara moldatuz eraberritu zuten. Erdi Aroko eraikuntzakoak bi portada gorde dira; nagusiak turutaren antzeko arku konopiala du, molduraz edertua eta bestea apalagoa da, arku zorrotza eta arkiboltak bakarrik ditu. Untzigintzaren teknikaz baliatuz egin zen birmoldaketa: estalkitik esekitako zurezko gangaz estali zen gainaldea. Horrela, zuraren erabilera zaharra gogorarazten duen eskulangintza bitxi baten erakusgarri bihurtu zen. Gaurko eraikinak oinplano angeluzuzena eta hiru nabe ditu; absidea 1862an bota zen, errepidea egin ahal izateko eta harekin erretaula nagusia kendu zen. Baditu, ordea, beste erretaula batzuk, XVI. eta XVII. m.etakoak. Dorrea barrokoa da (1720).



Atzera