Zalla

Bizkaiko udalerria, Kadaguaren ertzean (Enkartazioak); 7.296 bizt. (zallarrak). I-an Sopuerta eta Galdames, E-an Guenes, H-an Gordexola eta Burgosko probintzia eta M-an Balmaseda eta Sopuerta ditu mugakide. Industria (papergintza, metalurgia, zurgintza, tresna elektrikoak), abeltzaintza eta nekazaritza (artoa, piperrak, babak) dira ekonomi jarduera nagusiak. Lanean diharduten zallarren erdiak baino gehixeago bigarren sektorean ari dira eta ia erdiak hirugarrenean; % 5 edo dira lehenengoan dabiltzanak. Populazioak etengabe egin du gora XX. m.an zehar; mende-hasieran 2.194 biztanle ziren, 1950ean 4.131 eta 1991n 7.296. Historia. Erromatarren garaiko aztarnak badira eta Gaztelatik Bizkairako galtzada bat hemendik igarotzen zela uste da. Antzinako Salzedo ibarreko buru izan ziren Guenes eta biak. XII. m.an Salzedo familiarena zen ibarraren jurisdikzioa, Asturiasko koroak hala emanda (gero Aiala etxearekin elkartuko ziren ezkontzaz). Enkartazioetako kontzejua izan zen Zalla, hiru parrokiaz osatua. 1740an Bizkaiko jaurerritik aldendu zen Enkartazioetako gainerako kontzejuekin batera, ekonomi arloan behintzat; gero, 1800ean atzera bildu egin ziren jaurerrira. Artea. La Mellako San Antonio ermita XVII. m.an eraikia da. Sarrera erdi-puntuko arkukoa du, fatxadaren erdi-erdian eta, sartuta, barnean, erretaula barrokoa eta hormakonka neoklasikoa dira aipatzekoak. Kanpoan, aldiz, kanpaihorma, bi zatitan antolatua: santuaren irudia behekoan eta kanpai-zuloak goikoan. San Migel eliza barrokoa da (1738) eta barrokoak ditu bi erretaulak. Estilo honetakoa da Santiago eliza ere. Santa Isabel eliza geroagokoa da ordea, neoklasikoa. Erdi Aroko dorretxeak dira, arkitektura zibilean, Zalla leinu garrantzitsuen habia izan zenaren erakusle. Asko ziren eta ez daude guztiak zutik, ezta osorik ere, moztuak izan baitziren; hala nola, Terreroskoa, Bolunburukoa (ondoan burdinola du), La Herrerakoa, Marurikoa, Gobeokoa, Llantadakoa, ...



Atzera