Zumarraga
Gipuzkoako udalerria, Urolaren ertzean (Goierri); 11.092 bizt. (zumarragarrak). I-an Azkoitia eta Azpeitia, E-an Ezkio-Itsaso, H-an Gabiria eta M-an Legazpi, Urretxu eta Antzuola ditu mugakide. Industria (siderurgia, zurgintza, kimikoa, ehungintza) da ekonomi jarduera nagusia. "Esteban Orbegozo" enpresaren egoitza (beroko ijezketa) dago bertan. Abeltzaintza (esnea, haragia), nekazaritza (barazkiak) eta basogintza ere badira, garrantzi gutxiagokoak baina. Bigarren sektoreak lanean ari diren zumarragarren erdiak baino gehiago biltzen ditu eta ia erdiak hirugarrenak. Populazioak gorakada handia egin zuen XX. m.aren erdialdera, industriarekin batera (1950ean 3.490 biztanle ziren eta 1975ean 12.390); baina mendearen azken laurdenean beheranzko joera hartu zuen (1991n 11.092). Historia. Erdi Aroan herrixka xume bat zen Zumarraga. Inguruko jauntxoen bidegabekerietatik babestu eta hiribilduen pribilegioak lortzearren, 1384an Urretxu hiribilduari uztartu zitzaion. Hala ere, autonomia ekonomiko eta administratiboa ez zituen galdu. Segura elkartze horren kontra agertu zen, herri txikiak hartzeko lehentasuna berak zuela argudiatuta. Epaileengana jo zuten eta hauek Zumarraga eta Urretxu bera ere Segura hiribilduaren menpean uztea erabaki zuten 1405ean. Dena den, 1411n Zumarraga Seguratik bereizi eta Areriako Alkatetza Nagusira bildu zen. 1585ean sute handi batek ia herri osoa suntsitu zuen eta 1682an beste sute batek Eizaga auzoa errautsi zuen. 1661ean hiribildu-titulua lortu zuen eta Areriatik bereizi egin zen. Gipuzkoako Batzarretarako ordezkariaren gastuak murriztearren, 1663an Ezkioga eta Gabiriarekin elkartu eta hirurek Argisanoko Santa Krutzeko Batasuna eratu zuten. Batasun honetan 1790 arte iraun zuen, nahiz eta 1776an Gabiria irten. 1806an Ezkioga eta Zumarragak berriro elkartu eta Batasuna berrezarri egin zuten. Urretxu eta Zumarraga elkarren ondoan egotearen ondorioz bi herrien artean auzi ugari izan da historian zehar: 1534an Zubiberria zubiagatik; 1713an zubiaren konponketagatik; 1776an hainbat zerbitzurengatik; 1862an Azkoititik Urretxurako errepideagatik, etab. Trenbidea Zumarragaren garapenaren ardatzetako bat izan da. 1858an hasi ziren Madril-Irun trenbidearen lanak Zumarragan eta 1864an ireki zen. 1887an Bilbo eta Donostiaren arteko trenbidearekin lotu zen Zumarraga-Maltzaga trenbidearen bidez. 1926an Zumaia eta Zumarragaren arteko trenbidea ireki zen; dena den, 1986an gelditu egin zen tren hau berritzeko asmoz, eta 1988an behin-betiko itxi zen. Bestalde, Beasain eta Durango arteko errepideak eta Beasain eta kostaldearen artekoak ere Zumarraga zeharkatzen dute. Artea. Legazpi dorretxea Jauregi izenaz ere ezagutzen da. XIV. m.ko bigarren hamarkadan eraikitako dorretxea zen, baina 1456an dorrea moztu zitzaion Enrike IV. aren aginduz eta etxebizitza bihurtu zen. Aipatzekoak dira arku zorrotzeko sarrera handia, armarria eta kanpoko hormetako mentsula eta modiloi-lerroak (gorde ez diren zurezko teilategalen euskarri izanak). 1965ean eraberritu egin zen, baina jatorrizko armarria eta erlaitza gordez. Gaur egun Legazpi museoa dago hemen. Monumentu izendatuta dago. Santa Isabel edo Antigua ermita Zumarragako parrokia zaharra da. Ustez XIII. m.ko eraikina da, erromaniko eta gotikoaren artekoa. 1366az geroztik azaltzen da agirietan. Kanpoaldean itxura guztiz xumea du; leiho gutxi batzuk eta estilo erromaniko berantiarreko lau arkiboltako portada baino ez daude. Absidean kalbario gotikoa dago. Barnealdeko estalkia oso-osorik zur landuzkoa da; beronek biltzen ditu ia dekorazio-elementu guztiak: habe tailatuak, sinbolo eta irudiz beteta, daude. Andre Mariaren taila gotiko bat eta Pietate garrantzitsu bat ere badira ermitan. Monumentu izendatuta dago. Jasokunde eliza XVI. m.aren azkenaldean eta XVII. m.aren hasieran eraiki zen. Euskal gotikoko eraikina da eta altuera handiko hiru nabez osatutako oinplanoa, koloma klasikoak, gurutze-gangak eta abside oktogonala ditu. Erretaula nagusia barrokoa da eta barnean Kristo barroko bat dago. Portada eta dorrea XVIII. m.koak dira eta portikoa 1827koa.
Atzera