arroka

iz. 1. Haitza, harkaitza, bereziki itsas bazterrekoa. 2. Esnearen hondarra edo esne errea, ontziaren hondoan itsatsia geratzen dena; esne errearen zaporea. 3. GEOL. Lurrazala, lurzorua izan ezik, osatzen duen edozein material mineral, kontsolidatua nahiz kontsolidatu gabea. arroka ama. GEOL. Lurzoruan, behereneko horizontea den meteorizatu gabeko arroka. ARROKA JO. Hondatu.
Arrokak mineral-multzoez eratuta daude eta lurrazalaren osagaiak dira. Hizkera arruntean arrokak harriak dira, hau da, objektu solido, trinko eta gogorrak; petrologian berriz, arroka hitza materialaren gogortasun eta kohesioa kontuan izan gabe erabili ohi da. Alde horretatik, harea solteko eta errauts bolkanikoko geruzak lurrazaleko unitateak diren aldetik, arrokatzat hartzen dira petrologian.
Arrokak hainbat ezaugarriren arabera sailkatzen dira. Jatorri geologikoaren arabera, hots, eratze-moduaren arabera, hiru mota bereizten dira: a) Arroka magmatiko edo igneoak. Garai batean zegoen masa urtu batek, magma izenekoak, sortuak dira. Magma hori hoztu egin zen eta kristalizatu egin zuen silikatuez osatutako arrokak eratuz. Arroka-mota ugariena da lurrazalean. Bi motakoak izan daitezke: erupzioan dauden sumendietatik irteten den laba lurrazalaren gainazalean hedatu eta hoztean arroka estrusibo edo bolkanikoak eratzen dira (basaltoak adibidez). Bestalde, magma lurrazalaren barnean pixkanaka hoztu eta kristalizatzen denean arroka intrusibo edo plutonikoak sortzen dira (granito eta dioritak adibidez).
b) Arroka sedimentarioak. Jatorriz beste arrokak diren eta denudazio-prozesuaren ondorioz nonbait sedimentuak osatuz metatu diren material trinkotuez osatuta daude. Arroken disgregazio mekanikoak arroka-zati solteak sortzen ditu eta deskonposizio kimikoak hondakinak eta materialak disoluzioan. Ur-korronteek, haizeak eta glaziareek mineral solte eta partikula horiek sakonunetara garraiatzen dituzte, basamortu, ibai-delta, itsaspeko sakonune eta abarretara. Bertan metatu egiten dira sedimentuak eratuz eta, denboraren poderioz, trinkotu egiten dira arroka bihurtuz. Bitan sailkatu ohi dira: detritikoak, mekanikoki garraiatutako elementuez osatuak (konglomeratuak eta harearria adibidez) eta ez-detritikoak, ur geza eta gazietan gertatutako prezipitazio kimikoaz, gatzagak lurrintzearen ondorioz edo animalia eta landareen hondakin organikoez sortuak (kararria, gatzarria eta igeltsuak adibidez).
c) Arroka metamorfikoak. Lurrazalaren barnean beroaren, presioaren eta agente kimikoen eraginez birkristalizazioa jasandako arrokak dira. Beraz, arroka igneo eta sedimentarioen eboluzioaz sortu dira metamorfikoak. Honelako arrokak eratzen dituzten bi metamorfismo-prozesu nagusi bereizi ohi dira: ukipenezkoa, azpialdeko magma-geruzek lurrazaleko zatiak inbaditzen dituztenean (marmolak adibidez) eta eskualde-mailakoa, arroka-masak lurperatu eta presio eta tenperatura handiak jasaten dituztenean (gneis-a eta kuartzita adibidez).
Bestalde, arrokak eratze-tokiaren arabera endogenoak (lurrazalaren barnean eratuak) edo exogenoak (lurrazalaren gainazalean eratuak) izan daitezke. Halaber, haien osagai diren mineralen arabera (kararriak, harearriak, granitoak, etab.) eta konposizio kimikoaren arabera (azidoak, basikoak, karbonatatuak, silizeoak, etab.) ere sailka daitezke.




Atzera