bakailao
iz. ZOOL. Gadidoen familiako arrain osteiktiea, Ipar Atlantikoko itsaso hotzetan bizi dena. 2 m-rainoko gorputz luzexka eta buru luze eta sendoa du. Kolore desberdinekoa da eta bizkarrean hiru hegats ditu. Bere haragia oso preziatua da (Gadus morhua). • bakailao berri. Freskoa, gatzunetan eduki gabea. || bakailao gazitu, lehor edo idor. Gatzunetan edukitakoa. || bakailao-ontzi. Bakailao-arrantzarako ontzi berezia.
Bakailaoa Baltiko itsasoko eta, batez ere, Ipar itsasoko arraina da. Indibiduo gazteak kostaldetik hurbil bizi ohi dira, 20tik 100 m-ra bitarteko sakoneran eta helduak itsas zabalean, sakonera handiagoan. Arrain txikiz eta muskuilu eta oskoldunak janez elikatzen dira. Uda partean nahikoa isolaturik bizi ondoren, neguan sardak osatu eta migrazio luzeei ekiten diete ugalketarako lurraldeetara. Emeek milaka arrautza errun ondoren sardak berriro ere itsas zabalera itzultzen dira.
Bakailao-arrantza, sardinzarrarenaren ondoren, Ipar Europako uretan burutzen den arrantza-merkataritzan garrantzizkoena da. Neguan harrapatzen dira gehienik, ugalketarako sarda handietan biltzen direnean, Ternua, Groenlandia, Islandia, Ipar Norvegia eta Barents itsasoaren kostaldeetan. Bere haragia freskotan, idor nahiz gazitua jan daiteke. XIV. mendean hasi ziren lapurtarrak Ternua, Groenlandia, Islandia eta Ipar Norvegiako itsasoetara bakailaoa harrapatzera joaten, eta XVI. eta XVII. mendeetan euskal arrantzaleek bakailao-arrantzaren urrezko aroa ezagutu zuten. Ternuara egindako bidaien eta egonaldi luzeen arrastoak aurki daitezke bertako leku-izen anitzetan: Biscay bay, Placentia, Port-au-Port (eusk. Oporportu), Baccalieu (eusk. Bakailaoko uhartea), etab.
Atzera