barroko

1. iz. Europan eta Latinoamerikan XVI. m.aren bukaeratik XVIII. m.aren erdialdera arte nagusitu zen arte-estiloa. 2. izond. Barroko arte-estilokoa; estilo horri dagokiona. Eliza barrokoa. 3. izond. (hed.) Apaindura, edergailu, ornamentazio handiz egindakoa.
Errenazimentu ondoko korronte artistiko zabala da barrokoa; arte-kritikariek haren klasizismoaren eta soiltasun linealaren kontrako erreakzio gisa ulertu dute, batzuetan bien arteko eboluzioa agertzen duten obrak ere garai barrokoaren barruan sartzen badira ere. Arte guztietan eta adierazpen artistiko ugari eta desberdinetan agertu zen estilo barrokoa; hala ere, oinarrizko ildo eta joera nagusiren batzuk badira denetan, arte barrokoaren ezaugarritzat har daitezkeenak: klasikoaren forma garbiak hautsiz eta baretasuna gaindituz, dinamismoa eta bizitasuna nabarmendu nahi ditu, forma oparoen eta lerro kurbatuen eta kontrasteen bitartez. Arte ederretan estilo barrokotzat hartzen dena Errenazimentuko formen eboluzioak ekarri zuen eta Europan monarkia absolutuak ezartzearekin eta Kontrarreformaren garaipenarekin batera agertu zen. Lerro kurbatuekin batera, apaindura handia, mugimenduaren eta sakontasunaren sentsazioa sortarazi nahia, naturalismoa eta argi-kontraste bortitzak (pinturan bereziki) esleitu ohi zaizkio barrokoari. Italian abiaturiko arkitektura barrokoak itxura eta izen desberdinak hartu zituen batzuetan beste herrialdeetan: churriguerismoa Espainian, rococoa Frantzian.
Literatura barrokoa forma edota edukian konplexua eta apaingarrietan ugaria da, batez ere metaforaren baliabidea eurrez erabiliz; herriz herri molde bereziak sortu ziren, ez beti aipatu ezaugarriei lotuak (Frantzian preziosismoa, Italian manierismoa, Ingalaterran eufuismoa, Espainian kulteranismoa eta kontzeptismoa). Barrokoaren garaia bereziki esanguratsu gertatu zen Mendebaldeko musikaren historian. Konposizio- zein instrumentu-teknikan aurrerapen nabarmenak egin zituzten, Errenazimentuan lantzen hasitako kontrapuntua aberastuz eta monodia lagundua erabiliz. Forma musikal berriak ere (opera, oratorioa, kantata, suitea, sonata, concerto grossoa, etab.) sortu ziren eta instrumentu-musikak aurrerakada handia izan zuen. Euskal Herrian beheraldia izan zuen arkitekturak XVII. mendean, baina XVIII. mendean, kultur erakunde berriak sortzearekin batera, estilo barrokoko erretaula eta udaletxe anitz eraiki ziren. Loiolako San I-azioren basilika eta Donostiako Santa Maria elizak lekukorik aipagarrienetakoak erlijiozko eraikuntzan; Bidaxuneko Agramont familiaren gaztelua, berriz, eraikuntza zibilen artean. Bestalde, musika instrumentala bereziki aberatsa izan zen garai honetan Euskal Herrian (Sola, Alvarado eta Iribarren organistak).




Atzera