bitamina
iz. BIOKIM. Organismo batek bere funtzionamendu metaboliko normalerako, kantitate txikitan, baina behar-beharrezkoa duen substantzia organikoa; berez sintetizatzeko gai ez denez, ezinbestean elikagaietan hartzekoa.
Bitaminak konposatu organikoak dira, biologikoki aktiboak, organismoek oso kopuru txikitan behar dituztenak beren bizi-prozesuak mantentzeko. Entzimak bezalaxe, benetako biokatalizatzaileak dira eta bizidunen oinarrizko funtzioetan parte hartzen dute, hala nola metabolismoan, organismoaren mineral-orekan eta zenbait egitura eta ehunen kontserbazioan.
XX. mendera arte ez zen bitaminen benetako garrantzia egiaztatu. Mende honen hasieran adierazi zen lehenengo aldiz, elikaduran, konposatu organiko horien eskasiak abitaminosi izeneko gaixotasun larriak eragiten zituela, esaterako eskorbutua, beriberia, errakitismoa, pelagra, niktalopia, antzutasuna edota zenbait alterazio odolaren koagulazio-prozesuan. Halaber, zenbait bitamina gehiegi kontsumitzeak ere hiperbitaminosi deitu eritasuna sortzen du.
Bitaminak oso konposatu ezegonkorrak dira eta eraldatu egiten dira beroa, ura eta argiaren eraginarekin edota zenbait substantzia kontserbatzaile gehitzean. Bitaminak, letra maiuskulaz izendatu ohi dira, baina gero eta handiagoa da izen kimikoa erabiltzeko joera; batzuetan bere eskasiak sortzen duen gaixotasunari erreferentzia egiten dion izenen bat ere hartzen da.
Uretan edo koipetan disolbatu, bi motatako bitaminak bereizten dira: bitamina hidrosolugarriak, B konplexu bitaminikoa eratzen dutenak (B1, B2, B6, B12, etab.), PP eta C bitaminak; eta bitamina liposolugarriak, A, D, E, eta K bitaminak. Bitamina hidrosolugarriak hesteetan zurgatu eta zirkulazio-sisteman zehar garraiatzen dira erabiliko diren ehun berezietaraino. Bitamina liposolugarriak ere hesteetan absorbatzen dira, baina gibelak jariatutako behazun-gatzen laguntzaz eta linfa-sistema bitartez iritsi behar duten organismoko puntuetara garraiatzen dira. Gorputzak bitamina liposolugarri gehiago meta dezake hidrosolugarriak baino.
Atzera