botanika

iz. BIOL. Landareak aztertzen dituen biologiaren atala.
Aspaldikoa da gizakiak landareekiko duen interesa, elikatzeko, sendatzeko eta tresnak eta armak egiteko behar izan baititu. Interes primario hori gaindituz, duela milaka urte egin zuten txinatarrek gaixotasunak sendatzeko erabiltzen ziren landareei buruzko lehen tratatua. Filosofo grekoek ere landareak aztergai izan zituzten, eta Teofrasto izan zen bere inguruneko landareen deskribapena egin zuen lehena, monokotiledoen eta dikotiledoneoen arteko bereizketa eta landare dioikoen nozioa finkatu zuelarik. K.o. I. mendean Dioskoridesek De materia medica liburuan 600 landareren ezaugarriak deskribatu zituen. XVI. mendeko bidaien ondorioz espezie exotiko ugariren berri izan zuten zientzialari europarrek. Cesalpino eta Beauhin-ek mundu berri hori sailkatu egin zuten; Tournefort-ek generoa definitu zuen; Jussieu anaiek familien arteko mugak ezarri zituzten; Lineok espezie ugari deskribatu zituen (artifizialki sailkatu bazituen ere).
Botanika hainbat diziplinatan banatzen da, eta bakoitzak bere ikuspuntutik aztertzen ditu landareak. Morfologiak landareen kanpoko forma eta egituraren azterketa egiten du; landare-anatomiak barne-organoak ditu aztergai, histiologiak ehunak eta zitologiak zelulak; fisiologiak landare helduaren funtzionamendua aztertzen du eta fitopatologiak landareen gaixotasunak. Bestalde, sistematika edo taxonomiak espezieen arteko desberdintasunak azpimarratzen ditu, taldeen ezaugarrien berri emanez eta landareak kategoriatan sailkatuz.
Botanikak zientzia eta alor askorekin ditu harremanak, hala nola, agronomia, silbikultura, farmazia, toxikologia, industria, etab.
botanikari




Atzera