eskultura

iz. 1. Zura, harria edo beste material bat landuz, bolumena duten formak sortzean datzan artea; horrela egindako artelana. 2. Herri, garai, estilo edo egile baten eskultura-obren multzoa. eskultura exentu. Entitate independentea osatzen duena, altuerliebe eta baxuerliebeari kontrajarria. || mukulu biribileko eskultura. Inguruko edozein puntutatik ikus daitekeen eskultura exentua.
Buztina, harria, zura eta metalak (bereziki brontzea) dira eskulturan tradizio gehien duten materialak, baina beste hamaika material ere erabili izan dira, hala nola, hezurra, marfila, urrea, argizaria, igeltsua, izkutua. Gaur egun burdina, hormigoia eta beira-zuntza ere erabiltzen dira.
Materialaren arabera, ugariak dira eskultura lantzeko sistemak ere. Harria, zura, hezurra eta marfila tailatu egiten dira, hartarako tresna bereziak erabiliz (zurezko eskultura zerratuz eta piezak josiz ere lant daiteke). Argizaria, igeltsua eta buztina modelatuz lantzen dira, gehienetan esku-hutsez (bozeto eta proiektuen lehen formak sortzeko ere erabiltzen da buztina). Brontzea moldeaketaz lantzen da, aurretik prestatutako moldea argizariz estaliz eta ondoren brontze urtua bertara isuriz (brontzezko eskultura handiak hutsak izaten dira barrutik). Burdinazko eskulturarako forjaketa eta soldadura erabiltzen da sarritan. Beira-zuntza eta hormigoizko eskulturak material biguna igeltsuzko moldeetara hustuz egiten dira. Aurretik landuriko piezak (metalezkoak nahiz zurezkoak) elkarri josteko (edo soldatzeko) sistema gero eta erabiliagoa da eskultura modernoan.
Herri eta zibilizazio ezberdinetako eskultura-arteak, oro har, eta bereziki Mendebaldeko eskulturak, giza gorputza hartu du nagusiki gaitzat, hau da, giza gorputzaren irudikapen ereduzkoa lortzea izan da eskultoreen helburu nagusietakoa oraintsu arte, batzuetan haren idealizazio formalaren bila, besteetan espresio errealistaren ildotik eta beste batzuetan ideal espiritualaren adierazgarri sinbolikotzat hartuz giza irudia.
Aurkitutako lehen eskultura-lanak Paleolitokoak dira, bereziki ehizaren eta ugalketa-erritoen ingurukoak. Tamaina handiko eskultura antzinako Egipton eta Mesopotamian jaio zen, exentua nahiz erliebezkoa lehenengoan eta, batez ere, erliebezkoa Mesopotamiako zibilizazioetan. Orduko obrak jarrera zurrun eta proportzio eskematikokoak dira. Alderantziz, Ekialde Hurbileko eta Kreta eta Mizenasko beste kulturetatik tamaina txikiko eskultura funtzionala eta sinbolikoa iritsi zaigu batez ere.
Mendebaldeko eskulturaren historiak Grezia klasikoan du hasiera, eskulturak ondorengo mende askotan eta arte modernoaren agerpenera arte erreferentzi puntu izango den maila erdietsi zuen, bai eredu-proportzioen (edo kanonaren) lanketan, bai higiduraren irudikapenean, baita teknikan ere. Estilo klasiko horren oinordeko zuzenak erromatarrak izan ziren. Erdi Aroan, eskultura arkitektura kristauaren osagarria izan zen eta apaingarri gisa eta helburu didaktikoz landu zen; eskultura erromanikoa irudiaren zurruntasun eta monotoniara itzuli zen; gotikoak, berriz, espresio eta naturaltasun handiagoa lortu zuen. Errenazimentuan, irizpide klasiko eta humanistak nagusitu zirenean, eskultura indarberritu egin zen, aparteko maila eta garrantzia hartuz. Ondorengo barroko, neoklasiko eta erromantizismoan, molde klasikoak neurri handi edo txikiagoan hartu ziren eredutzat, erromantizismoan ohizko formarekiko lehen haustura-zantzuak nabarmentzen hasi ziren arren. Delako haustura XX. mendearen hasieran gertatu zen, eta abstrakzioa, espazioaren egituraketaren azterketa, eskultura-gaien esparrua zabaltzea, material berriak erabiltzea, estilo- eta joera-aniztasuna, etab. dira eskultura modernoaren ezaugarri nagusiak.
Beste zibilizazioetan ere garrantzizko lekua izan du eskulturak, Asiako eta Ekialde Urruneko zibilizazio handien eskulturak, Amerikako indiarrenak eta Afrikako beltzenak kapitulu bereziak merezi dituzte. Budismoak ekarri zuen Indian eskulturaren susperraldia K.a. V. mendean; Budaren giza itxurako irudia nagusitu zen erabat. Eta budismoarekin batera zabaldu zen eskultura budista Txinara eta Japoniara ere. Ameriketan kultura aztekan eta maian trebetasun handiz zekiten harria lantzen eta urrea ere erabiltzen zuten irudi txikiagoetarako. Afrikako, Ozeaniako eta Ipar Amerikako tribuek zura erabili zuten batez ere beren eskultura-lan txikietarako, eta baita batzuetan totem erraldoiak lantzeko ere.
Euskal Herriko eskulturan, eliza erromaniko eta gotikoetakoaren ondoren, Errenazimentuko eta barrokoko erretaulak, eta garai bereko imajinagintza oparoa aipatu behar dira. Euskal imajinak ospetsuak izan ziren Euskal Herrian bertan eta kanpoan; autore handienek (Joan Antxietak, J. Bazkardok) benetako eskolak sortu zituzten beren jarraitzaileekin. Baina XX. mendean, Bigarren Mundu-Gerraren ondoren, eta arte abstraktuaren ildotik bereziki izan du bere loraldia euskal eskulturak, nazioarteko oihartzun garrantzizkoa lortzeraino: J. Oteiza, E. Txillida, R. Mendiburu, N. Basterretxea eta A. Ibarrola dira aipatzekoak, besteren artean.




Atzera