klima

iz. Epe luze batean zehar leku jakin bateko atmosferak izan duen batez besteko egoera eta garapenaren ezaugarri diren fenomeno meteorologikoen multzoa (tenperatura, presioa, haizeak, prezipitazioa, intsolazioa, etab.).
Kliman eragina duten faktoreak asko izanda ere, Eguzkiaren erradiazioa, eta beraz, eskualde baten latitudea da garrantzizkoena. Leku bat ekuatoretik zenbat eta urrunago egon, txikiagoa izango du eguzki-izpien eraso-angelua eta, ondorioz, bero-energia gutxiago jasoko du.
Lurrak, oro har, Eguzkitik jasotzen duen hainbat bero emititzen du, nahiz eta erregela honek badituen salbuespenak. Dena den, haizeek eta itsas korronteek berdintzen dituzte nolabait alde hauek.
Lurra hiru eremu klimatologikotan bana daiteke latitudearen arabera: tropikala, Kantzer eta Kaprikornio tropikoen artekoa; polarra, Artiko eta Antartiko zirkuluak eta poloen artekoa; eta epela, eremu tropikal eta polarren artekoa. Eskualde polarraren ondoko eskualde epelari eskualde epel hotza deritza eta tropikalaren ondokoari eskualde subtropikala.
Lurralde bateko klima deskribatzeko bertako tenperatura eta euri-erregimena hartzen dira kontuan. Beste faktore batzuk itsasora duen distantzia eta landaredia dira.
Itsasotik gertuko leku bateko (adib. Euskal Herriko kostaldeko) klimari itsasaldeko klima deritzo eta bere ezaugarria uda eta neguaren artean tenperatuta-bitarte nabarmenik eza da. Barnealdean, ordea, Araba eta Nafarroan esaterako, bi urtaro horien arteko aldeak askoz nabarmenagoak dira: klima honi kontinental deritzo. Altitudeak ere badu zerikusirik: zenbat eta gorago hotzagoa izango da tenperatura; honela, bada, eskualde tropikaleko mendi garai batek klima hotza izan dezake. Lurralde batek mendilerroen batekiko duen kokapenak ere badu eragina batzuetan bertako kliman.
Klimen azterketa, deskriptiboa nahiz dinamikoa, garrantzi handikoa da, klimek eragin handia baitute oro har bizitzan eta bereziki gizakiaren jardueran (nekazaritza, abeltzaintza, garraioak, hirigintza, etab.).




Atzera