komedia

iz. 1. Barre eragitea helburu duen antzerkia; ezaugarri bereko zine- edo literatur lana. 2. (zah.) Antzerkia. 3. Ik. komeria. komedia musikal. Abesten eta dantzatzen diren zatiak dituen komedia.
Antzezlan arina, tronpatzeetan eta oker ulertzeetan oinarritua, amaiera barregarrikoa. Komedia hitza grekotik dator eta esangura desberdinak izan ditu historian zehar. Erdi Aroan amaiera zoriontsu bat zeukan istorioa zen. Chaucer britainiarraren ipuinak komedia bezala hartzen ziren, eta Dantek Jainkotiar Komedia izendatu zuen bere poema nagusia. Ondoren, amaiera zoriontsua zuten misteriozko obrek hartu zuten komedia izena. Aro Modernoan, komedia barrearekin lotu izan da beti ere eta hainbat lan idatzi da gizakiak duen barrearen beharraz; Henri Bergson filosofoak berak Barrea (1900) argitaratu zuen. Gure artean, P'o Barojak Umoretasunaren Leizea saiakera argitaratu zuen. Umorearen eta barrearen mekanismoa zaila izan zaie argitzen teorialariei, eta artista onenen sekretua izan da. Egileak gaiarekin duen jarreraren eta bere tesiarekin bilatzen duen asmoaren arabera sailkatu izan dira komediak. Helburua zerbait barregarri uztea baldin bada, komedia satirikoa daukagu; barregarri utzi nahi direnak pertsonak direnean, karaktereen komedia daukagu; satira ordea gizartearen konbentzionalismoei zuzendua baldin bada, ohitura-komedia daukagu; gizartearen egitura bera kritikatzen denean, gizarte-komedia daukagu; satira berriz gizartearen ideia eta usteei zuzendua denean, ideien komedia daukagu. Istilu guztien gainetik maitasuna gailentzen delarik komedia erromantikoa sortzen da, Shakespearek bikain egina, komedia sentimentalaren bidea zabalduz. Barregarriari tragikotasuna nahasten zaionean tragikomedia sortzen da. XX. mendean komedia beltza egin izan da, absurdua eta larridura existentziala barregarritasunarekin batera emanik. Komedia musikala, azkenik, Britainia Handian eta EEBBetan garatu zen XIX. mendean, arrakasta handiarekin. Komedia, bere aldaera eta konbinazio posible guztiekin, zineak etengabe lantzen duen generoa da antzerkiak berak baino areago. Euskal antzerkigintzak, historikoki, ohitura-komedia landu du batez ere, Ramon Artola, Martzelino Soroa eta Toribio Alzaga bezalako autoreekin.




Atzera