kondentsadore
iz. 1. Makina termikoetan, lurrina likidotzen duen aparatua (adib. hozkailuetan). 2. ELEKTR. Dielektriko batez bereizirik dauden bi xafla eroalez osatutako sistema, zeinu desberdineko kargak metatzeko ahalmena duena. 3. FIS. Argia gainazal edo norabide jakin baterantz kontzentratzen duen sistema optiko konbergentea (adib., argazkilaritzan edo mikroskopioetan erabiltzen dena).
ELEKTR. Kondentsadore elektrikoaren ezaugarririk nabarmenena bere plaketan kontrako zeinuko karga elektrikoak metatzeko ahalmena da. Kapazitatearen unitatea farad-a da (F), baina normalean haren azpimultiploak erabiltzen dira (mikrofarad-a eta pikofarad-a).
Kondentsadore laua eztainuzko xaflak eta isolatzaile baten xaflak tartekatuz egiten zen; isolatzailea mika, paper parafinatua edo olio isolatzailetan bustitako papera izaten zen. Gaur egun, kondentsadore zeramikoak erabiltzen dira, dielektriko zeramikoak dituztenak alegia, beren permitibitate erlatiboa oso handia delako; esate baterako, mikarena 8 da eta estrontzio titanatoarena 400. Kondentsadorearen kapazitatea permitibitatearen arabera handiagotzen da.
Kondentsadore aldakorretan plaka metaliko finko eta higigarriak txandakatzen dira. Plaka higigarriek ardatz batekiko biratzen dute eta, ondorioz, plakek elkarri erakusten dioten gainazala aldatu egin daiteke, kondentsadorearen kapazitatea horren arabera aldatuz.
Atzera