naturalismo
iz. 1. ART. XIX. m.ko arte- eta literatur eskola, arteari zientzia positiboaren metodoak aplikatzearen ondorioz, errealitatea objektibotasun osoz eta bere osotasunean, alde arruntenak barne, irudikatzea helburu duena. 2. FIL. Naturatik at ezer ez dagoela dioen eta gauzak azaltzeko naturaz gainetiko zernahiren eragina ukatzen duen doktrina filosofikoa.
ART. Eskola naturalista 1860 eta 1880 bitartean sortu zen, Flaubert-en errealismoaren eta Taine-ren positibismoaren eraginez. Naturalismoaren aitzindariak Goncourt anaiak izan ziren, baina Émile Zola izan zen estetika berria sortu eta eskola honen oinarri teorikoak ezarri zituena. Aurreko korronte literarioak -errealismoak- korronte zientifiko eta filosofiko berriarekin -positibismoarekin- bat egin zuenean sortu zen naturalismoa, eta azken helburua nobela zientifikoa sortzea izan zen. Zolak, Maupassant, Hennique, Cèard, Alexis eta Huysmans-ekin batera "Mèdam-eko taldea" osatu eta naturalismoaren lehen lanak atera zituzten Mèdam-eko bilerak lanean. Antzerkiari dagokionez, Becque eta Antoinen obrak dira aipagarrienak. Naturalismoak eragin handia izan zuen literatura modernoan. Ordu arte tabutzat jotzen ziren hainbat gai ekarri zituen literaturara, prostituzioa, langileriaren miseria, alkoholismoa, esate baterako. Ez da harritzekoa beraz, naturalisten obrak, oro har, debekatuak egon izana zenbait estatutan. Zola, bereziki, likiskeriaren eta galbidearen eredu bezala epaitu izan du Eliza Katolikoak. Bestalde, inguruaren azterketa soziologikoa egiten zuen, eta garaiko jantzi, otordu eta ohituren lekukotasuna eman zuen.
Literaturan ez ezik beste arteetan ere izan du eragina naturalismoak. Artean Courbet-en lanak hartu izan dira eskola honen barnean, batez ere fotografiaren sorrerak eragindako azken urteetako lanei dagokienez. Frantzian, naturalismoak eragin handia izan du zinemagintzan, Bigarren Mundu-Gerraren aurreko urteetan gehiena. Jean Renoir-en Zakurra (1931) aipatu izan da aitzindari, eta joera honetakoak dira Carné, Feyder eta Duvivier.
Atzera