Newton, sir Isaac

Fisikari, matematikari eta astronomo ingelesa (Woolsthorpe, Lincolnshire, 1642 - Londres, 1727). Zientzia irauli zuten aurkikuntzak egin zituen. Optikari buruz egindako ikerketa-lanen ondorioz, argi zuriaren konposizioa ezarri zuen eta argiaren teoria korpuskularra garatu zuen (1669). Mekanikari buruz zituen teoriak Filosofia naturalaren printzipio matematikoak (1687) liburuan azaldu zituen, eta berau bilakatu zen zientzia horren ondorengo garapen guztien oinarri. Mekanika klasiko hau hiru printzipiotan oinarritu zuen: inertziaren printzipioa, indarra eta azelerazioaren arteko proportzionaltasun-printzipioa eta akzio-erreakzioen printzipioa. Lurraren grabitatea eta unibertsoko gorputzen arteko erakarpen-indarra definitu zituen eta Grabitazio unibertsalaren legea aurkitu zuen. Leibniz-ekin batera, kalkulu diferentzialaren oinarriak ezarri zituen. Newtonen sagarra esaten zaio printzipio handiak sorrarazten dituen gertakariari; hala aurkitu omen zuen berak grabitatearen legea, sagarra erortzen ikusita.



Atzera