tren

iz. 1. Makina higiarazle batez eta haren atzean ilara osatuz lotutako hainbat bagoiz osatutako multzoa. 2. TEKNOL. Funtzio edo eragiketa jakin bat betetzeko serien akoplatuta edo konbinatuta dauden tresnen edo makinen multzoa. abiadura handiko tren (AHT). Oro har, 200 km/h abiadura har dezakeen tren-sistema. || engranaje-tren. TEKNOL. Ardatz batetik beste batera biraketa-higidura transmititzeko mekanismoa. Abiadura jakin bateko biraketa-higidura abiadura desberdineko biraketa-higidura uniforme transformatzea du helburu. || gurpil-tren. TEKNOL. Engranaje-trena. || lurrartze-tren. AERON. Hegazkinak azpialdean duen gurpilez osatutako gailua, hegazkinari lurrean dagoela eusten diona eta lurrartzeko eta lurruzteko balio duena. Finkoa izan daiteke edo hegaldian zehar hegazkinaren fuselajearen barruan gordetzekoa. || tren espres. Ibilbideko geltoki nagusietan besterik gelditzen ez den bidaiari-trena. || tren tranbia. Bidaiariak garraiatzeko trena, ibilbide laburra egiten duena eta geltoki guztietan gelditzen dena.
Trenak, oro har, hiru elementu ditu: trenbidea, propultsio-sistema desberdineko tren-makina eta atoi moduan doazen elementuak (karga-bagoiak, kotxeak eta furgoiak).
Trenbidea trabesen gainean finkatutako altzairuzko bi errail paraleloz eratuta dago. Neurriari dagokionez, errailarteko distantziak definitzen du trenbidea. 1.435 mm-ko tartea hartu zuten britainiarrek eta hori da egun Europako trenbideetan eta Amerikakoetan erabiltzen den erreiarteko distantzia bateratua. Alabaina, estatu gutxi batzuek erreiarteko tarte desberdina hartu zuten: Errusiak, Espainia, India... Kasu berezia osatzen dute trenbide estuko trenek eta metroek. Errail bakarreko tren-motak ere fabrikatzen dira, baina ez dira gehiegi hedatu. Abiadura Handiko Trenaren kontzeptua 1960.eko hamarkadan hasi zen garatzen; mota honetako trenek, ohizkoa dute jada 200-260 km/h batez besteko zirkulazio-abiadura lortzea.
Hasierako tren-makinak lurrin-makinan oinarrituta zeuden, baina gaur egun, elektrizitatez eragindako motore elektrikoak edo diesel motoreak dira propultsio-sistemarik erabilienak.
Tren-makinak atoian eramaten dituen elementuen artean, berriz, bidaiarientzako kotxeak eta karga eramateko bagoiak bereizten dira. Furgoi hitza, normalean, bidaiari-kotxeei atxikitako karga-bagoiak izendatzeko erabiltzen da.




Atzera